Ibai Aizpurua, bideojoko sortzailea: “Bideojoko bat garatzeko beharrezkoa da jakintza asko uztartzea”

Ibai Aizpuruak Barraka jokoarekin Durangoko Azokako IV. Sormen Beka irabazi du. Irundarrak Barraka proiektua garatzeko urtebeteko epea izango du. Euskarazko bideojokoa izateaz gainera, adin guztietarako aproposa izatea nahi du Aizpuruak. Ibai Aizpurua oso eskertuta azaldu da Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak emandako aukera honengatik.

Zergatik erabaki zenuen Barraka proiektua Sormen Bekara aurkeztea?
Egia esan, askotan bekaren bat irabazi izan duten proiektuak ez zaizkit gehiegi gustatu izan. Sare sozialetan deialdia ikusi nuen eta, kexatu ordez, nire proiektua aurkeztea erabaki nuen. Proiektua aurkeztu eta lehen filtroa pasa ostean, proiektua defendatzera joan behar izan nintzen. Egun batetik bestera deitu zidaten eta proiektuaren irabazlea nintzela esan zidaten, eta oraindik asimilatzen ari naiz.

Behin irabazlea zarela jakinda, nola begiratzen diozu proiektuari?
Garaipenaren albistea ezin hobeto jaso dut. Ezin naiz kexatu. Beka hau irabazi dudalako eta horrek ate asko ireki dizkidalako. Orain arte neukan lana albo batera utzi dut urtebetez eta urte oso bat emango dut gustuko dudana egiten, hau da, bideojokoak sortzen.

Zergatik aukeratu duzu barraken testuingurua proiektua kokatzeko?
Ideia asko nahastu ditut proiektua sortzeko. Alde batetik, aurten interes berezia izan dut parke tematikoengatik. Era berean, aspalditik esplorazio joko bat sortzeko gogoak neuzkan. Parke tematiko baten esplorazio joko bat sortzea pentsatu nuen, baina euskaldunentzat parke tematikoak urrun samar daudela iruditu zitzaidan. Hurbilagoa eta antzekoa izan zitekeen zerbaiten bila, barrakez gogoratu nintzen. Azken batean, herri guztietatik igarotzen dira barrakak eta guztiok dauzkagu gure bizitzan zehar barrakekin loturiko oroitzapenak.

Aurretik hemen inguruan girotutako beste bideojokoren bat sortu izan duzu?
Orain arte bideojoko batzuk nire kabuz sortu izan ditut. Iñaki Vazquez, Gonzalo Sardon eta nik Zomorro Studio sortu genuen. Hiruren artean azken urteetan hainbat bideojoko sortu izan ditugu. Barraka nik egindako lehen bideojoko handi samarra izango da, izan ere, normalean egiten ditugunak ez dira oso handiak. Esaterako, Gonzaloren urtebetetzerako Dumboa izeneko joko bat sortu genuen. Bertan Dumboa auzoa gauez ikusten da, esplorazio joko bat da eta helburua Legoko piezak aurkitzea da. Bestetik, urteak daramatzat proiektu handiago bat garatzen, Gillotine izenekoa. Joko honen atzealdean Aiako Harria ikusi daiteke. Ideia da Euskal Herrian kokatzea eta euskal folklorea abiapuntutzat hartzea. Aipatutako joko guzti hauek Zomorro Studioren webgunean topatu ditzakezue.

Ze motako bideojokoa da barraka?
Barraka oraingoz esplorazio eta abenturazko joko bat izango da. Jokoa garatzeko urtebete daukat eta baldintzetako bat jokoa zerotik hastea da, hau da, oraindik garatzeko egotea. Beraz, proiektua urtebete horretan hasi eta bukatu behar da. Orain arte froga bisual ezberdinak egin ditut, baina momentuz ez dut ezta jokoaren prototipoa ere sortu. Urtebete honetan probak egingo ditut mekanika ezberdinekin. Hainbat ideia dauzkat jada, baina nahiago dut ezer ez aurreratzea.

Zer behar da bideojoko bat arrakastatsua izan dadin?
Bideojokoen mundua egun nahiko konplikatua da, dena oso masifikatuta baitago. Merkatuan eskaintza oso zabala da, bai enpresa oso handi eta txikien artean. Hortaz, konplikatua da atentzioa erakartzea. Grafikoki bideojokoa erakargarria egiten ahaleginduko naiz, baina ikusiko dugu zer gertatuko den.

Zergatik erabaki duzu bideojokoa euskaraz egitea?
Bideojokoa hasiera batean euskaraz egongo da. Jokoak izango dituen testuak euskaraz egongo dira, nahiz eta testu gutxi duen jokoa izatea pentsatu dudan. Behin jokoa euskaraz aterata, jokoa beste hizkuntzetara itzuli ahal izatea espero dut, ahalik eta jende gehienak izan dezan jokatzeko aukera.

Zein jokalari motarentzat dago pentsatuta?
Barraka edozein adineko jokalarientzat sortutako jokoa izatea nahi dut. Hau da, bai haurrek zein helduek jokatu ahal izateko zerbait egin nahi dut.

Nolakoa da bideojokoen sormen prozesua?
Bideojoko bat garatzeko beharrezkoa da jakintza asko uztartzea. Programatzen, animatzen, marrazten, pantailak diseinatzen, soinuak eta musika egiten jakin behar da, beste gauza batzuen artean. Nik Barraka bideojokoaren zati handiena berez nik bakarrik egingo dut eta musikarekin Gonzalo Sardonek lagunduko dit. Prozesua nolakoa den? Ba normalean ideiak elkartzea da, besterik ez. Hasieran ideia oso zabal bat duzu eta gero guzti hori pixkanaka eraldatzen joan behar zara. Askotan bidean gauzak moztu behar dira, hori ere egia da. Hasiera batean ideia asko dauzkazu, baina gero gauzak kentzen joan behar zara. Nire ustez edozein proiektutan zer sartu behar ez den jakitea da garrantzitsuena.

Urtebete nahikoa da maila honetako proiektu bat garatzeko?
Berez bai, baina bideojoko txiki bat sortzeko. Azken batean, errealista izan behar naiz eta nik ez dut ziurtatzen 5, 8 edo 100 orduko joko bat izango denik. Joko polit eta laburra izango da.

Behin amaituta, non eskuratu ahalko da?
Ideia jokoa salgai jartzea izango da. Agian deskargarako doako froga bat prestatuko dut, baina helburua prezio merke batean saltzea izango da.

Etorkizunean soilik bideojokoen sorkuntzaz bizitzea gustatuko litzaizuke?
Gustatuko litzaidake hau izatea bide luze baten lehenengo pausua. Egia esan, Durangoko azokako bekaz gain, Egile Saria izeneko beste beka txikiago bat jaso dut. Beka hori Arroxa izeneko proiektu bat garatzeko erabiliko dut. Joko hori jada jokagarri dago Zomorro Studioren webgunean, nahiz eta beka hori proiektua borobiltzeko erabiliko dudan. Datorren urtean zehar behintzat nahiko lan izango dut, gero ikusiko dugu zer gertatzen den.

 

Elkarrizketa osoaren bideo ikusgai dago Txingudi Onlinen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude