Soilik eskuak erabiliz bideo-jokoetara jolasteko aukera hurbilago dago Miru Studioren lanari esker

Argazkia: Estudio Gover

“Finger Gun” errealitate birtualaren bitartez eskuekin jolasteko helburuarekin sortutako bideo-jokoa da. Garapen fasean egon arren, Miru Studioko Manex Darceles eta Eneko Barandiaranek jolasaren sorreraren gakoak azaldu dituzte.

Noiz hasi zineten bideo-jokoen sorreran lanean?
Manex: Txikitatik bideo-jokoekin jolasteko grina izan dugu. Ikasketak aukeratzerako orduan ez genuen pentsatzen mundu honetan sartzea, baina, nola edo hala hau egiten amaitu dugu. Duela sei hilabete hasi ginen lehen bideo-jokoa lantzen, “Finger Gun” izenekoa eta errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez, beste mundu batean sartzen zara.

Zergatik erabaki zenuten zuen estudio propioa sortzea?
Manex: Biok betidanik ekintzailetzarekiko joera genuela uste dut, beti gure ideiak aurrera eraman nahi ditugulako, hori nola egin genezakeen jakin ez arren. Kasualitatez bidean pertsona batzuk ezagutu genituen eta ordutik asko ikasi dugu.

Eneko: Ikasten genbiltzan bitartean proiekturen bat garatzen ahalegindu ginen, baina, ni Madrilen eta bera hemen gelditu zenez, konplikatua izan zen. Ikasketak amaitu bezain laster martxan jarri ginen.

Zertan datza “Finger Gun” jolasa?
Manex: “Finger Gun” kontzeptu bat da. Errealitate birtualeko jolasak egiten hasi ginen “hand-tracking”-a garatzeko aukera ikusi genuenean. “Hand-traking”-ak errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz esku eta behatzen mugimendua detektatzen du, horrela, mundu birtualean zure eskuak ikusi eta erabiltzeko aukera ematen dizu. Aukera handiak zeuzkan zerbait zela iruditu zitzaigun. Txikitan denok jolastu dugu eskuak pistolak balira bezala eta hortik dator jolasa. Joko erakargarria da, “low poly” estetika atseginean oinarritu garelako bere sorrerarako eta “Westerm” motakoa izan arren, nahiko alaia dela esan genezake.

Eneko: Oso joko berezia da. “Hand-traking”-aren inguruko teknologia guztia nahiko berria da eta orain dela gutxi merkatuan dauden jolasak eskuekin jolasteko aukera hori eskaintzen hasi dira. “Finger Gun” jolasa zuzenean eskuekin jolasteko sortua izan da, nahiz eta mandoekin jolasteko aukera ere eskaini.

Proiektua garatzeko aurrerapauso teknologikoak gertutik jarraitu behar dituzue?
Manex: Beti zailtasunak egon arren, gure kasuan, merkatua zein proiektua oso berriak dira, beraz, hori erronka handi bat suposatzen du estudio txiki batentzat. Edozein aldaketa txikik proiektua hankaz-gora utzi dezakeelako, nahiz eta oraindik halakorik ez gertatu.

Nola bururatu zitzaizuen proiektua finantzatzeko diru-bilketa hastea?
Manex: Ideia azken urteetan “Kickstarter” eta “Crowfounding” hitzak asko entzuten direlako bururatu zitzaigun. Ideia argi izan bezain laster bururatu zitzaigun, ordura arte egindako lanaren ostean, proiektuaren azken fasea finantzatu ahal izateko.

Eneko: Finantziazioaz gain. “”Kickstarter” bitartez gure proiektua ezagutarazteko aukera izan dugu eta errealitate birtualean espezializatutako ia komunikabide guztietan agertzeko aukera eman digu.

Nolako arrakasta izan du orain arte diru-bilketak?
Manex: Momentuz, hamar egunetan proiektuaren heren bat finantzatzea lortu dugu, bilketa 30 egunetan egitea aurreikusita baitago, hortaz, printzipioz ondo goaz. Datozen asteetan zehar “demo” bat ateratzeko asmoa dugu eta horrek ere ekarpenak laguntzea espero dugu.

Eneko: Jende eszeptiko asko dago, merkatuan ondo funtzionatzen ez duten aplikazio asko daudelako. Programatzen hasi ginen unetik gauzak ondo egiteko aukera zegoela ikusi genuen. Orain proba prestatzen ari gara proiektuan itxaropenik ez dutenei benetan funtzionatzen duela erakusteko.

Etorkizun hurbilean errealitate birtualeko jolasetara beste gorputz-atalekin jolastea posible izango dela uste duzue?
Manex: Egia esan, eskuekin jolastearen desabantaila nagusia eszenan desplazatzeko zailtasuna da. Horregatik, oinak erabiliz eta eserita egonda jolasean mugitu ahal izateko aukera ezberdinak aztertzen ari gara.

Osasun krisialdiaren ondorioz, proiektua garatzeko zenbait zailtasun topatu dituzue bidean?
Eneko: Kasualitatez, estatuan alarma egoera ezarri baino astebete lehenago erabaki genuen gure proiektuarekin hastea. Gauzak horrela, hasiera nahiko konplikatua izan zen eta oztopo asko aurkitu genituen bidean. Dena dela, gustuko duguna argi dugu eta erronka onartzea erabaki dugu, ikasiz bidean aurkitutako oztopoak gainditzeko.

Eskualdean sektorean Etorki Games bezalako enpresak dauzkagu. Kolaborazioak sortzeko aukerarik ikusten duzue?
Manex: Gu hitz egiteko prest gaude eta inguruan horrelako enpresak izatea oso aberasgarria dela iruditzen zaigu. Oraintxe bertan gu geure proiektuaren garapenean oso zentratuta gaude eta “Finger Gun” jolasa aurrera ateratzea lortu nahi dugu. Hala ere, etorkizunean proiektu berriak entzun eta elkarlanean aritzeko prest gaude.

Zeintzuk dira “Finger Gun” proiektuaren garapenean eman beharreko hurrengo pausoak?
Manex: Kickstarterra amaituta lortuta diru kopurua aztertu beharko dugu, proiektua finantzatzeko diru haina lortu ote dugun ikusteko. Hala izan ez bada, “Finger Gun”-en azken fasea aurrera ateratzeko bestelako bideak bilatzen hasi beharko gara. Gutxienez, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren nahiko argi dugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude