Ostegun honetan, Etxebizitzako ordezkari Jon Ugartek IRUNVI Etxebizitzarako Elkarte Publikoaren webgune berria ezagutarazi du, Elkarteko kudeatzaile Idoia Yarza zuela ondoan. Bertan dago Irungo etxebizitzari buruzko informazio guztia, eta, gaurtik aurrera, www.irun.org/irunvi helbidean bisitatu daiteke.
“Webgune berriari esker, IRUNVIk aurrerapauso handia eman du oso gai garrantzitsu baten inguruan interesgarria gerta daitekeen informazio guztia herritarrei helarazteko. Gaur egun, teknologia berrien aurrerapenari eta Internetek ematen dituen aukerei esker, jende askok bilatzen du informazioa gailu mugikorren bidez, eta, berrikuntza honi esker, zerbitzu eskuragarriagoa emango dugu”, azaldu du Jon Ugartek.
Webgune berriaren hobekuntza ildo nagusietako bat edukien aurkezpen berria da, bisual eta dinamikoagoa. Era berean, informazioa elkartzeko eta edukiak eguneratzeko ahalegina egin da, nabigazioa erraz eta praktikoagoa izan dadin. Horrela, aurreko webgunearen eskemari jarraikiz neurri handi batean, honako hauek dira azaleko bloke nagusiak: etxebizitza babestua, etxebizitza itundua, garapen urbanistikorako egungo proiektuak, adinekoentzako apartamentuak, birgaikuntza, aparkalekuak eta alokatzeko etxebizitza, “puri-purian dagoela-eta bereziki nabarmendu nahi izan dugun gai bat”, argitu du Jon Ugartek.
Bide batez, IRUNVI urte hauetan bereganatzen joan den funtzioak gogorarazi ditu ordezkariak, udal webgune berrian ere azaltzen baitira: “Etxebizitza itunduen sustapenez ari gara, adineko autonomoentzako apartamentuez, aparkalekuez, Irungo Alde Zaharra birgaitzeko espedienteez, eraikin ikuskapen teknikoen tramitazioaz, eta ibilerraztasun laguntzak eta emantzipatzeko laguntzak emateko espedienteez”.
Unean uneko berriak ere nabarmenduta datoz webgune berrian, eta, horregatik, hasierako orrialdean bertan kontsultatu daitezke garapen urbanistikorako hurrengo proiektuak: Alarden alokatzeko babes ofizialeko 42 etxebizitzen sustapena, Recondo-Iparralden erosteko babes ofizialeko hiru etxebizitzena, San Migel-Anakan eraikitzekoak diren babes publikoko 887 etxebizitzena eta dagokion material lagungarria (plano eta infografiak).
Etxebizitza partekatua
Webgunearen berritasunen artean, bada etxebizitza partekatzeko atari bat, Elkarrekin Podemos taldeak kreditu aldaketa bati egindako zuzenketa baten emaitza dena. Hain zuzen ere, iragarki taula batean datza, non etxebizitza partekatzeko interesa duten pertsonak elkarrekin eta beren etxebizitzetako logelak errentan emateko interesa duten jabeak logelak errentan hartzeko interesa duten pertsonekin harremanetan jar daitezkeen. Iragarkia argitaratzeko, IRUNVIk berak kudeatzen duen eskabide bat bete behar da.
Gardentasun atari batek, albisteek eta IRUNVIrekin harremanetan jartzeko datuek (telefono zenbakiak, helbide elektronikoak eta abarrek) osatzen dituzte webgune berriaren ildo nagusiak.