Udalak gazteen emantzipazioa errazteko diru-laguntzak emango ditu

Abuztuaren 31ean bukatzen da laguntza eskatzeko epea

Irungo udalak gazteen emantzipazioa errazteko diru-laguntzen esleipenerako prozesua martxan du. Guztira, udalak 75.000 euro banatuko ditu laguntzak eskuratzen dituztenen artean. Laguntza hauen bitartez udalak irundar gazteen emantzipazioa erraztea bilatzen du, etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzen bitartez.

Ekainaren 18an zabaldu zen diru-laguntzen eskaera egiteko aukera eta abuztuaren 31ean itxiko da epea. Guztira 75.000 euro bideratu ditu udalak diru-laguntzentzako eta onuradunek, gehienez, 100 euro jaso ahalko dituzte hilero. Diru-laguntzak urte beteko iraupena izango du.

Laguntza amaitutzat emango da eskatutako dokumenturen bat aurkezten ez bada edo bizikidetza-unitateko kideetako edozeinek jabetza-tituluren bat, azalera-eskubidearena edo gozamen-eskubidearena eskuratzen badu laguntzaren aurretik edo laguntzaren indarraldian. Gainera, Irungo udaletik jakinarazi dute diru-laguntza hau ez dela bateragarria administrazio honek edo beste edozeinek etxebizitzara bideratuta ematen dituen beste laguntza, prestazio edo subentziorekin.

Bi bide daude diru-laguntzaren eskaria entregatzeko. Alde batetik, www.irun.org/sac webgunearen bitartez, Irun Txartela, NANa edo Izenpe ziurtagiria erabiliz. Bestetik, Eiza Kalearen 6 zenbakiko IRUNVI bulegoan, astelehenetik ostiralean 8:30etatik 14:30etara.

Etxebizitza gida berria

Gazteria departamentuak etxebizitza eta emantzipazioari buruzko gida berria argitaratu du. Gidaliburua emantzipazioan pentsatzen duten gazteei zuzendurik dago eta prozesu honetan kontutan hartu behar diren informazio eta aholkuak biltzen ditu. Gidaliburuan erosketa zein alokairu aukeren inguruan hitz egiten da eta tarte horretan dauden aukera ezberdinen inguruko informazioa ematen du.

Gidaliburuaren ekainaren 14ean aurkeztu zen Irungo Carlos Blanco Aguinaga liburutegian. Monica Martinezek, Gazteria alorreko delegatuak, gidaliburuaren xehetasunak azaldu zituen aurkezpen ekitaldian. Gainera, Sara Muñozek, ekonomialariak eta EITBko “¡Que me estás contando!” programako ohiko kolaboratzaileak, gaiaren inguruko hitzaldia eskaini zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude