Aimar Borda, judoka: “Oso pertsona saiatua naiz eta hori da nire bertute nagusia”

Olaketa judo klubeko Aimar Bordak Espainiako Txapelketan lehiatzeko pasea lortu du Euskadiko Rankinga irabazi ostean. 14 urteko gaztea abenduko zubian Madrilen jokatuko den txapelketarako gogor entrenatzen ari da. Aurreko urtean txapelketa berean lehiatzeko aukeraren atzetik ibili zen, baina Covid-19ak dena zapuztu zuen. Aimar Bordak maila altuko txapelketak prestatzeko entrenamendu errutina eta bere beste zereginak nola uztartzen dituen kontatu du.

Noiz hasi zinen judoa praktikatzen?
Hiru urterekin hasi nintzen judoan. Dena nire aitagatik izan zen, bai aitak bai gainontzeko senideek aspalditik judoa praktikatu izan dutelako. Hiru urte besterik ez nituela hasi nintzen, orain 14 urte dauzkat eta urte guzti horietan zehar judoan aritu izan naiz.

Euskadiko Rankingean postu horretara iristeko aukerarik ikusten zenuen?
Egia esan, ez nuen espero lehen postua lortzea, txapelketaren aurretik ez bainituen nire aurkari gehienak ezagutzen. Gipuzkoako judoka gehienak aurreko txapelketetatik gutxi gorabehera ezagutzen nituen, baina Bizkaikoekin eta Arabakoekin ez naiz hainbestetan lehiatu. Horregatik, aurretik ezagutzen ez nituenez, zaila egiten zitzaidan zenbat borrokaldi irabazteko aukera nuen jakitea.

Nolakoak izan ziren Euskadiko rankingeko borrokaldiak?
Egia esan, lehen borrokaldia irabaztea asko kostatu zitzaidan, hiru minutu iraun baitzituen borrokaldiak. Hala ere, bigarrenean askoz errazagoa izan zen nire aurkaria garaitzea, kasu horretan segundo gutxi iraun baitzituen. Azkenik, finaleko borroka oso bizia izan zen, “Waza ari” bat egin nuen, eta horrek 10 puntu eman zizkidan markagailuan, baina geroago kendu egin zidaten eta nire aurkariari eman zioten, berriro ere niri itzuli aurretik. Ondoren, beste “Waza ari” bat egitea lortu nuen eta horrekin garaipena iritsi zen. Azkena 8 minutuko borrokaldi oso bizia izan zen, bai niretzat eta harmailetatik borrokaldia ikusi zuten nire senideentzat.

Beste inoiz Espainia mailan lehiatu izan zara?
Aurreko urtean Espainiako Txapelketara joan ahal izateko sailkapenean sartzeko zorian egon nintzen, baina pandemiaren hasierarekin dena bertan behera gelditu zen. Beraz, aurten Espainiako Txapelketara joateko gogo handiak ditut.

Zure errendimendu fisikoan pandemiak eragina izan duela uste duzu?
Ez nuke esango pandemiaren eragina nire errendimendu fisikoan gehiegi nabaritu dudanik. Konfinamenduan zehar ez nituen entrenamenduak utzi eta etxean nire kabuz ariketa fisikoa egiten jarraitu dut. Horregatik, ez dut uste nire errendimendua asko murriztu denik.

Orain nola prestatzen ari zara Espainiako Txapelketan dena eman ahal izateko?
Nire hurrengo lehiaketa gogo handiz prestatzen ari naiz. Txikitatik ilusio handia izan dut maila horretako txapelketa batean lehiatzeko. Gogo handia dut hara joateko, lehiatzeko, eta nire helburua domina bat lortzea da, etxera ekarri ahal izateko.

Espainiako Txapelketarako zer hobetu nahi duzu?
Txapelketa garrantzitsu honi begira hobetzea gustatuko litzaidakeen gauzetako bat teknika bat da, denbora asko daramat praktikatzen eta saiatzen jarraituko dut lortu arte. Eta ezer gutxi bururatzen zait, egia esan, oso pozik nago orain arte egin dudanarekin. Uste dut podiumera iristeko aukerak dauzkadala. Aurretik Valladoliden jokatutako Espainiako Kopetako batean bosgarren postua lortu nuen, beraz, ikusteko dago zer gertatuko den oraingoan.

-66 kilogramo azpiko kategorian lehiatzen zara. Erraza da bertan mantentzea?
Gaur egun 67 kilo pisatzen ditut, beraz, txapelketarako dieta egin beharko dut. Elikadura asko zaintzen dut, esaterako, ez dut ogirik jaten eta egunero pisatzen naiz pisua kontrolatzeko.

Nola antolatzen dituzu entrenamenduak?
Egunero entrenatzen dut. Zehazki, astearte eta ostegunetan judoa egiten dut eta astelehen, asteazken eta ostiraletan, aldiz, gimnasioan entrenamendu fisikoa egiten dut, pisuak altxatzen ditut edo erresistentzia lantzen dut.

Entrenamenduak eta txapelketak ikasketekin uztartzea erraza da?
Gaur egun ikasketak aurrera ateratzeko ondo moldatzen naizela esango nuke, eskolako zereginak eta kirola uztartzeko moldatzen naiz. Entrenatzera joan aurretik ikasi ohi dut, biharko egunean etorkizun on bat izatea gustatuko litzaidakeelako.

Judoka bezala, zeintzuk dira zure indarguneak?
Oso pertsona saiatua naiz eta hori da nire bertute nagusia. Eguneroko entrenamenduetan dena ematen dut buruan finkatutako helburuak lortu ahal izateko. Oraintxe nire helburua Espainiako Txapelketara joatea da eta nire onena ematea.

Hilabeteko epea nahikoa da horrelako txapelketa bat behar den moduan prestatzeko?
Bai, dieta eta prestakuntza fisikoa kontuan hartuta baietz esango nuke. Izan ere, orain arte ez bazara behar bezala ahalegindu, ezinezkoa da orain beharrezko guztia hiru asteren buruan lortzea. Kirolak eguneroko lana eskatzen du.

Espainiako Txapelketaren ostean, zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Espainiako Txapelketaren ostean, Espainiako Kopa batzuk jokatuko ditudala uste dut. Orduan, denboraldi berrian, kadete kategoriara pasako nintzateke eta bertan zer gertatuko den ikusteko dago, ni baino hiru urte gehiago dauzkaten aurkariekin neurtu beharko bainaiz niretzako berria izango den kategoria batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude