Hego Ingurabidearen lehenengo zatia abenduaren 2an irekiko da

Hego ingurabidearen lehenengo faseko zatia abenduaren 2an irekiko da ibilgailuentzat, ostegunarekin, eguerdian. 690 metroko luzera du, eta, A-8 errepidearekiko paraleloan, Oñaurre eta Txenperenea auzoak lotzen ditu, hiru zirkulazio erreiren bidez –lau ere bihurtu ahalko dira–. Hasiera batean, lehenengo faseko lanak egiteko aurrekontua 7.048.544,04 euro zen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 milioi inguruko ekarpena egin zuen. Gainera, proiektuaren barruan, Txenperenea eta Euskal Herria hiribidea lotu dira; bada, horretarako aurrekontu gehigarria 1.167.151,77 euro izan da, eta udal funtsak erabiliz finantzatu da osorik.

Gogoan izan beharra dago Udalak eta Foru Aldundiak akordio bat egin zutela hego ingurabidearen proiektua martxan jartzeko eta, horrela, Udalak aspaldidanik egindako eskaera bati erantzuteko: hiriko sarbideak hobetzea; izan ere, GI-636 errepidearen Irungo zatia ez zegoen bitan banatuta. Lanen kudeaketa, lizitazioa eta kontratazioa Irungo Udalaren kontura izan dira, eta finantzaketa, berriz, Udalaren eta foru erakundearen kontura, erdi bana.

Auzoen arteko konexio hobea eta sarbide hobeak

Hego ingurabidearen lehenengo faseko zatiak, Bidegik Oñaurre parean egin zuen irteerarekin batera, hiriko sarrera nabarmen hobetzea ekarriko du, eta hirigunea inguratzeko eta Irunera sartzeko zirkulazioa banatzeko aukera emango du, Txenperenean barrena Iñude kalea (Oñaurre) eta Larreaundi eta Lapitze auzoak lotuta.

Irungo alkate José Antonio Santanok nabarmendu duenez, “azken urteetan mugikortasun eta zirkulazio arloan aurrera eraman dugun proiektu nagusia da hau; hiriak aspaldidanik espero zuen jarduketa bat. Bigarren fasean lanean jarraitu behar dugu, baina, zati honi esker, zirkulazioaren diseinuari buruzko beste erabaki batzuk pentsatzen joan gaitezke, hirian mugikortasun jasangarria sustatzeko mahai gainean dugun planaren barruan”.

Lehenengo faseko lanak egin eta bukatzearekin batera, duela hilabete batzuk, Tokiko Gobernu Batzarrak bigarren faseko eraikuntza lanak egiteko proiektua idazteko kontratua onartu zuen, eta 119.967,87 euroko aurrekontua onartu zuen alternatibak aztertzeko eta eraikuntza proiektua osatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude