Udal Gobernuak 76,5 milioiko Aurrekontu proiektua aurkeztu du 2021ean krisiari aurre egiteko

Jose Antonio Santano Irungo alkateak, Miguel Angel Páez Ogasuneko ordezkari eta Irungo Sozialisten bozeramaileak eta David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkari eta Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUko bozeramaileak Udal Gobernuak prestatutako Irungo Aurrekontu Orokorren proiektuaren berri eman dute.

“2020. urtean, Covid-19ak mundu mailako pandemia bat sortu du, eta horrek gure bizitzak aldatu ditu, baita, noski, gure hiriaren egoera ekonomikoa ere. Ildo horretan, udalek herritarrengandik hurbilen dagoen erakunde den aldetik,  funtsezko zeregina dauka, lehenik eta behin, herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko, eta, bigarrenik, familiei, sektore ekonomikoei eta, batez ere, enpresa txikiei laguntzeko, krisiari aurre egiteko eta aurrera egiteko”, azaldu du alkateak.

Ogasuneko ordezkariak 76.535.614 euroko aurrekontu-proiektu baten ildo nagusiak zehaztu ditu (82.017.674,99 euro, mendeko erakundeak ere kontuan hartzen dituen aurrekontu bateratuaren kasuan); zifra horrek %8,9ko jaitsiera dakar 2020ko hasierako aurrekontuarekin alderatuta (84 milioi), nahiz eta iaz bi kontzeptu sartu behar izan ziren eta oraingoan jada ez dauden: Hegoaldeko Ingurabidea (6 milioi). Eta Kabiara transferitu zen Ama Xantalen egoitza (bi milioi inguru). Bi elementu horiek gabe, aurrekontua ia ez da aldatzen guztizko orokorrari dagokionez.

Miguel Angel Páezek hau azaldu du: “2021eko Aurrekontuaren helburua beste urte batzuetako zerbitzuak eta kontratuak mantentzea da, hilabete hauetan sortu diren beharretara egokituz, familia eta egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei eta sektore ekonomikoari arreta berezia eskainiz, hiria ez gelditzeko”.

Diru-sarreren atalean, aurreko aurrekontu-proiektuetan ez bezala, krisi-egoerak nabarmen murriztu da aurtengo proiektuan. Horrela, ahal den neurrian 2020ko hasierako gastuari eutsi ahal izateko, eta tokiko erakundeetarako ezohiko finantza-araudi berria onartzeak ireki duen aukera aprobetxatuz, zirriborro honek 6 milioira arte zorpetzeko aukera aurreikusten du. Era berean, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren (FOFIM) ekarpena ere murriztu egin da. 2020an, hasierako aurreikuspena 45 milioikoa izan zen, eta 2021erako, berriz, 41,9 milioikoa.

Bestalde, David Nuño Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUko bozeramaileak azpimarratu du aurtengo aurrekontuak bat egiten duela 2020ko aurrekontuen akordioarekin. “Honela, iaz onartu ziren eta hain garrantzitsuak diren partidei jarraipena emango diegu: Emakumeen Etxeari, HAZ Berdeari, San Miguel Anaka eta Alarde eremuan babes ofizialeko etxebizitzei, 20.000 euroko igoerari ekainaren 28ko LGTBI+ pertsonen Harrotasunaren Egunerako, Lankidetzarako laguntza %0,7ra arte handitzeari, Udalekuen plazak gehitzeari, Memoria Demokratikoaren Bulegoa sortzeari, elkarte animalistentzako laguntza partida 9000 eurotan indartzeari, gizarte-larrialdietarako etxebizitzetarako partida %30an handitzeari”.

% 10 gehiago gastu sozialean

Ildo horretan, gizarte zerbitzuen prestazioa hobetzeak lehentasunezko ardatzetako bat izaten jarraituko du. Iazko datuekin alderatuta, gizarte-politikak %10 igo dira, Gizarte Ongizate arloak gauzatzen dituen hainbat programa zabaldu eta garatu ahal izateko. “Hazkunde handiena duten programak, kasu askotan, funtsezkoak dira krisi hau gehien pairatzen ari diren pertsonen edo kolektiboen beharrei erantzuteko; esaterako, Zubia egoitza eta adinekoentzako gizarte-egoitzak. Halaber, gastu berriak sartu dira gizarte-larrialdietarako etxebizitzen kontzeptuan; hezkuntza-zerbitzu bat, etxebizitza komunitarioetan eta beste hainbat gastu, Berdintasun arloan”, adierazi du David Nuñok.

Irun Aurrera eta ekonomia suspertzea

Udalaren zerbitzuak eta kontratuak ekonomia eta gizartea suspertzeko funtsezko faktore gisa mantentzeaz gain, 2021erako aurrekontu-proiektuak konpromisoa hartzen du Irun Aurrera Planean ezarritako ildoak sustatzen jarraitzeko eta hirian egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei laguntzeko, hala nola saltoki txikiei, ostalaritzari eta kulturari. Hainbat arloren artean banatu dira Irun Aurrera programaren barruko lerroak; guztira, ia 3 milioi euro.

Alde horretatik, azpimarratu behar da gure hirian jarduera eta, beraz, enplegua sortzen duten programak indartzen direla. Etxebizitzen eta saltokien energia-eraginkortasunaren eta irisgarritasunaren arloan hobekuntzak egiteko laguntzak, adibidez, 740.000 eurotan handiagotuko dira sektore horretan lan egiten duten enpresei/autonomoei laguntzeko asmoz; zerga-politikaren arloan, terrazak bide publikoan okupatzearen tasari %95eko hobaria emateko asmoa berretsi da, ostalaritzari laguntzeko; eta Irun Aurrera programarako zenbateko osorako 270.000 euro gehiago erabiltzea proposatzen dugu bertako kontsumoa sustatzeko ekintzetarako eta txikikazko merkataritzari laguntzeko. Kulturaren esparruan, 0 Km-ko Kulturaren sektoreari laguntzeko programa indartzea ere aurreikusten da.

Inbertsioak

 Inbertsioen kapituluan, urte anitzeko inbertsioak berresten dituzten konpromisoak nabarmentzen dira. Kopuru handienekoak dira, besteak beste, CBAren bigarren fasea (100.000 euro, 3,5 milioitik); Emakumeen Etxea (170.000 euro, 500.000 eurotik); Emigrazioaren eraikina (50.000 euro, 1.350.000 eurotik); Gazteluzahar eta inguruko jarduerak (200.000 euro, 700.000 eurotik) eta Housing First proiektua (100.000 euro, 350.000 eurotik). 2021erako beste inbertsio garrantzitsu batzuk ere aurreikusten dira, hala nola Uztapide Bertsolaria plazaren berrurbanizazioa (550.000 euro), Gal Stadiumaren futbol zelaiaren eranskina (450.000 euro), Santa Elena kalearen berrurbanizazioa (375.000 euro), ikastetxeetako lanak (320.000 euro), asfaltatze kanpaina (300.000 euro) eta espaloiak egokitzeko beste kanpaina bat (415.000 euro, bi urtetan banatuta).

Ogasuneko ordezkariak baieztatu duenaren arabera, 2021eko aurrekontuak 2020ko partaidetzako aurrekontuetan hitzartutako  jarduera gehienak jasotzen ditu, baina Alarma Egoera dela eta, ezin izan ziren erabat gauzatu. Hala, beste jarduera garrantzitsu batzuekin batera, inbertsioen kapitulua 4,6 milioi eurora iritsi da.

Etxebizitza
Etxebizitza sustatzeari dagokionez, San Migel Anaka eta Alarde eremuetako hirigintza-garapenak dira bi ildo nagusiak, azken urteotan egindako eta iazko kontuetan islatu ziren jarduketekin jarraituz. Horrela, ekitaldi honetarako 2.620.000 euro bideratuko dira IRUNVIren bidez San Migel Anakara, non etxebizitza-eskaintza publiko handia aurreikusten baita, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta; eta 1.360.000 euro, Alarde eremurako hiru urtetan (100.000 euro, 2021ean), “alokairuko etxebizitza sozialarekin inplikazio publiko handia mantentzeko”. Ildo horretan, gogorarazi behar da Emigrazioaren eraikinean zuzkidura-bizitokiak aurreikusten direla etorkizunerako. Eraikin hori berritzen ari dira orain eta 2021 urterako inbertsioetan ageri da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude