Martxan da CBA liburutegia handitzeko lanen bigarren fasea

Abian da Carlos Blanco Aguinaga kultur zentro eta liburutegia handitzeko prozesua: 2020ko azken bilkuran, kultur instalazioaren bigarren faseko erabilerak zehaztuko dituen proiektua idazteko lanak esleitzea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Horrela, sorkuntza, berrikuntza eta arte garaikideari eskainitako espazioen sorrera aurreikusten da.

Cristina Laborda Obretako ordezkariak azaldu duenez, hirirako ekipamenduaren barruan egingo diren obra nagusietako bat da eta proiektua idazteko unea iritsi da. “Hiri erdi-erdian horrelako eremu handia eta egokitua sortuz, San Juan plazaren berrurbanizazioaren bukaera hurbilago dago. Kasu honetan, eraikinak kultura eta gazteei zuzendutako instalakuntzak eskainiko ditu.

2019ko urrian, kreditu aldaketa bat onartu zenean, Elkarrekin Podemos taldeak CBAren bigarren fasea aurrera eramateko aurkeztutako zuzenketa bat onartu zen. Bada, zuzenketa horrek 2019tik 2022ra bitartean guztira 2.520.000 euroko gastua egitea proposatzen zuen, eta 2020ko aurrekontuaren barruan 500.000 euro jartzea.

Arte eszenikoetarako aretoa
Oro har, Udal taldeak eta kultur elkarteak ordezkatuta dauden Aholku Batzordean adostutakoa oinarri hartuta, proiektuak zehaztu beharreko jarduketaren helburua egungo liburutegi eta kultur zentroko kultur instalazioa handitzea eta sendotzea izango da. Zehazki, San Juan plazako lurpeko lehen solairuan egungo CBAtik sartuta erabilgarri dagoen lekuan gauzatuko da proiektua, eta aurreikusten diren erabilerek hirian kultur gaietarako balia daitekeen ekipamendua handitzea izango dute helburu, ekipamendu moderno eta ibilerrazak eta erabilera anitzeko aretoak sortzeko.

CBAren bigarren fasearen alderdi interesgarrien artean, aipatzekoa da arte eszenikoetarako (formatu ertaineko kontzertuen eta bestelako ikuskizunen antolaketarako) areto bat sortzeko aukera. Sorkuntza, berrikuntza eta arte garaikideari eskainitako espazioak aurreikusten dira. Guztira, 2.200 m2 inguruko azalera erabiliko da bigarren fasean.

Proiektua idazteko lanak Arcaya Arquitectos eta Erro Amaro Técnicos de Arquitectura e Ingeniería SLP enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitu zaizkio. Irungo erdigunean kokatutako liburutegia osa- tzeko proiektuak 160.654,99 eurotako aurrekontua izango du, BEZa barne.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude