Gorka Martinez
unpaisenmimochila.blogspot.com
Ibilaldiaren iraupena: 6 ordu (geldialdiekin).
Gailurrak: Zaria ( 625m).
Zailtasun-maila: Erraza, desnibel metatu gutxi dago, baina, ibilbide luzea da.
Ibilaldia Oiartzungo Altzibar auzoan hasten da, pabilioi industrialen inguruan autoa aparkatu ostean. Errepidea atzean utzi eta ezkerreko bidea hartzen dugu grafitozko zaku handiekin topatu arte. Industrial ingurua zeharkatu, makina ehotzailearen aurretik igaro eta Karrika auzorako bide hartu behar da, auzoaren izena daraman zubia igaro ostean. Bide beretik jarraitu behar da PR-GI 1007 bidea lerro zuri-horiekin markatzen duen kartela topatu arte (30min). Aipatzekoa da bidea markatzen duten markak 50 metrora errepikatzen direla, beraz, bidea oso ondo markatuta dago. Bidetik jarraitu eta ezkerreko bidexka bat hartuz, Karrika ibaiarekiko bide paraleloa hartzea izango da hurrengo urratsa.
Bidean topatutako zubia zeharkatu ondoren, ordu bat eta 20 minutu ibili ostean Zorrola zubiaren inguruan Pilotasoroko norabidea erakutsiko duten bi kartelen artean PR-GI 1007 bidea markatzen duen bidea aukeratu beharko da. Ibaia eta lokatzezko bidea atzean utzi eta, inguruko bista ederrak eskaintzen dituen parkingeraino iritsiko gara zementuzko bidea jarraituz (1h 50min). Bide hori-zuria jarraituz bi ordu eta 45 minutuko ibilaldiaren ostean, bidez aldatu eta PR-GI 1006 bidea jarraitu beharko da Oianlekura iritsi arte. Bidea, iturri batean albotik igaro ostean, pinudi batean murgiltzen da, jarraian pagadi batera iristeko. Oianlekuraino jaitsiz gero (604m) Aiako Harriak parke naturaleko harrespil famatuenetako bat ikusi ahalko da, Oianlekuko babeslekutik hurbil. Basotik atera eta bidea jarraituz gero Kauso parkingera iritsiko gara (607m). Hurrengo helmuga Zaria mendia (664m)izango da (3h 50min). Parkingetik kilometro bat egin aurretik mendiko gailurrera iritsi eta bazkaltzeko etenaldia egiteko toki aproposa izango da.
Kable-sare elektrikoa jarraituz etxola bateraino jaitsi (4h 30min) eta PR-GI 1006 bide hartu beharko da orduan Sorondora bidean. Sorondon ibilbidea aldatu eta PR-GI bidea jarraitu beharko da Ozentziora bidera, marka zuri-berdeak dauzkan bidea jarraituz. Ozentzioko ermitara heldu ostean, zementuzko pista batek GI-3631 errepidera (4 km) iristeko aukera emango digu, nahiz eta aurretik Oiartzungo auzo ezberdinetara doan desbiderapena hartuz gero zuzenean hasierako puntura iristeko aukera dago, bide bazterretik ibiltzeko beharrik gabe.