Emakumeak, sexua eta ugalketa, kontatu ez den historia

Datorren urrian, Historia eta Zientzia ekimena ospatuko dugu berriz ere. Joan den urtean Biogipuzkoarekin jarri genuen amets zoro hau martxan. Baina amets zoragarria, non Biogipuzkoa bezalako erreferente zientifikoarekin elkarlanean historia berrikusi eta berridazteko proposamena eskainiko dugun.

Joan den urtean gure eguneroko bizitzan hain beharrezkoa den URA izan genuen hizpide. Aurten berriz, emakumeen osasunaren inguruko gaiak hausnartuko ditugu.

Hiru garai historiko hartu ditugu:  antzinako Egipto, Erromatar inperioa eta Erdi Aroa. Eta egunero bi aditu arituko dira garai horren inguruan solasean, bata historiagilea eta bestea zientzialaria. Urriaren 22an Egiptori buruz, 23an Erroma eta 24an Erdi Aroaz. Bi ikuspegi ezberdinetatik helduko diote Egiptoko kontuei Itxaso Martin zientzialariak eta  Maddi Izaguirre historialariak. Erromako garaiaz Irene Díaz zientzialaria eta Mertxe Urteaga arkeologoa arituko dira, garai hartako emakumeen zaintzari buruzko kontuak azaltzen. Eta Erdi Aroan emakumeek beren gaitzak sendatzeko zituzten moduei buruz arituko da Itziar Vergara, ikerlari irundarra eta Isabel Melen “Tierra de damas” liburu ezagun eta ederraren idazlea.

Seguruenik beste gai askoren artean garai bakoitzean esanguratsuak izan ziren mediku emakumeak ekarriko dizkigute gogora, esate baterako Egipton Peseshet izan zen historian ezagutzen den lehen mediku emakumea, eta bereziki emakumeen gaitzak zaintzen zituen sendagile ospetsua. Agnodicek berriz, bere borrokari esker, Greziako legeak aldatzea lortu zuen, eta emakumeak mediku izatea lortu zuen. Erroman, Metradorak, emakumeen gaitzak nola sendatu azaltzen zuen lehen tratatua idatzi zuen. Eta XI. mendean Trotura de Salerno izan zen medikuntzari eta bereziki emakumeen zaintzari buruz aurrerapausu handiak eman zituen mediku handia.

Baina solasaldi interesgarri hauez gain, erakusketa bat ere irekiko da Oiasso Museoan, bertan emakumeen gaitzak zaindu edota sendatzeko erabiltzen ziren mediku tresnak ikusi ahal izango dira, bai eta beste hainbat bitxikeria, esate baterako erditzeko tresnak edo Egiptoko antzinako garai zahar haietan erabiltzen ziren preserbatiboen erreplikak ikusi ahal izango ditugu, edota erromatar garaian erabiltzen zirenak, edota pesarioak, alegia antisorgailu gisa erabiltzen ziren objektuak. Era berean, ikusgai izango ditugu erromatar garaitik erditzeko erabiltzen zen egurrezko aulki bat, edota Erdi Aroko haur sehaska bat, edo kuttun bat, eta… bitxikeria askoren artean teilak ere izango ditugu erakusgai.

Teilak? Bai, etxeetako teilatuetan jartzen ziren teila gorri horiek. Teila batek emakumeen zaintzarekin zerikusirik ote duen galdetuko diozue zuen buruei, ezta? Teila hauek gure historiako usadioetara eramango gaituzte. Guk ezagutu ez  badugu ere, eta guretzat ahaztuta badago ere, gure gizartean oso zabalduta zegoen ohitura zen. Elizaren esanetan emakumeak erditu ondoren “pekatariak” omen ziren ˗Hauek dira hauek, emakumea zanpatzeko erlijioak erabili izan dituen tradizio sinestezinak-. Hori zela eta, erditze ondorengo 40 egunetan kalera atera gabe etxearen babesean egon behar zuten emakumeek. Antza denez, 40 egun horien garaia pasa ondoren apaizak bere bekatuak “garbitu” egingo zizkion, penitentzia egitera behartu ondoren -haurra edukitzea bekatua balitz bezala-. Eta bitarte horretan, erditu berria zegoen emakumeak kalera atera behar bazuen, dela arropa zabaltzera, edota baratzera edo beste edozein zereginetara, baita mezetara joan behar bazuen ere, beti-beti buru gainean teila bat jarri behar izaten zuen. Hori omen zen etxearen babesa ez galtzeko modua, alegia etxeko teilaren pean egotearen sinbologia. Imajinatu ezazue, erditu berritan, umearen zaintzak dakarren neke eta zeregin guztiaz gain, emakumeak beste zama hau bereganatu behar zuen, hau da, etxetik kanpo edozer gauza egiteko esku batekin teila eutsi eta bestearekin egin beharrekoa egiten zuen.

Eta sinestezina bazaigu ere, XX. mendearen lehendabiziko laurdenera arte eta baita geroago arte ere, indarrean jarraitu du ohitura horrek.

Batzuetan beharrezkoa da historiaren hainbat pasarte gogora ekartzea, urrats erdirik ere egin ez dezagun atzerantz. Eta erlijioek historian zehar eta gaur egun ere, emakume “pekatari” gisa hartzeak egiten duen kaltea gogoan izan dezagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude