“Baskonia erdialdeko lurraldea. Mugako hileta errituak” erakusketak orduko arbasoen nortasuna ezagutaraztea du xede. Garai hartan ez ziren modu arkaikoan eta korronte historikoetatik urrun bizi. Aitzitik, gai izan ziren, frankoen eta bisigodoen erresumen arteko muga-egoera baliatuz, berezko nortasunari eta kulturari eusteko.
Oiasso Museoan objektuak aurkezten dira, baita berregin-tzak, planoak, testuak eta ikus-entzunezkoak ere.
Martxoaren 9ra arte bisitatu ahal izango da.
Belen Sierra Irungo Udalaren Kultura ordezkariak aurkezpenean azpimarratu zuenez: “Oiassok gure iraganari begirada berri bat eskaintzen dio. Historian zeharreko bidaiak, oraingoan, aukera emango digu Erdi Aroan lurralde hauetan nola bizi ziren jakiteko, eta nola muga duela mende batzuk zegoeneko elementu erabakigarria zen, gure arbasoek aprobe-txatzen zutena garaiko korronte historikoen ildoan egoteko”.
Erakusketako edukiak
Zibilizazio kretarra erabat desagertua zen gizateriaren oroimenean. 1900ean aurkitu zuen Arthur Evans ikertzaile ingelesak. Kultura minoikoa izena eman zion, eta inspirazio gai bihurtu zuen garaiko arterako.
Antzeko zerbait gertatu zen gure Erdi Aroko iraganaren bertsioarekin; izan ere, erabat ezezaguna zen, harik eta 1987an halabeharrez Aldaietako hilerrian hatuak agertu ziren arte, Araban, Ulibarri-Ganboako urtegiko urek eraginda. Aurkikuntza haren ondoren eta, gero, hainbat kanpainatan nekropolia induskatu ondoren, hobeto ulertu ahal izan ziren aurretik egin ziren beste aurkikuntza batzuk; esaterako, Iruñeko frankoena esaten zaion hilerria. Baina Aldaietak balio izan du, batez ere, ikerketa berrien eta arkeologia-aurkikuntzen abiapuntua izateko. 25 urte geroago, arkeologiak eraikitako informazio berriak aukera ematen du VI. eta VIII. mendeen arteko euskal lurraldeetarako marko historiko garrantzitsu bat mahaigaineratzeko.
Gerrarako armak ikusgai
“Baskonia, erdialdeko lurraldea. Mugako hileta errituak” erakusketak hatu harrigarri horien arteko aukera bat aurkezten du. Gehienbat gerrarako armak dira (lantzak, jaurtitzeko aizkorak, sastakaiak eta ezpatak), hildakoen ondoan jarriak. Erabili zituztenen gerlari-izaera erakusten dute. Baina badira mota bereziko gerrikoen belarriak ere, arma-motei gehituta, Pirinioen iparrera zegoen kultura frankoaren eragin garrantzitsuak erakusten dutenak. Beste objektu batzuk ere gehitzen dira; esaterako, beirazko edalontziak, zilarrezko eraztunak, brontzezko zintzilikariak eta garaiko beste bitxi batzuk, eta zeramika-ontzi sinpleak eta hilarri ikusgarriak.
Bizkaiko Arkeologia Museoak ekoitzi du erakusketa, eta Agustin Azkarate eta Iñaki García Camino doktoreak dira komisarioak. 79 pieza daude, BIBAT Arabako Arkeologia Museokoak; 33, Nafarroako Museokoak; 2, Bizkaiko Arkeologia Museokoak, eta pieza 1, Elorrioko Udalarena. Horiek guztiak Oiasso Erromatar Museoan jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du erakusketak.