Nîmesek irabazi du Lurraldea Gara Txapelketaren lehen edizioa

Argazkiaren iturria: Bidasoa Irun.

IRUDEK Bidasoa Irunek txapeldunorde gisa amaitu du klubak berak antolatutako I. Lurraldea Gara Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa, Angelun 500 ikusleren aurrean jokatutako finalean Nîmes Gard taldearen aurka 35-30 galduta. Nahiz eta garaipena frantziarrek eskuratu, kirol-ikuspuntutik nahiz antolakuntza-mailatik balantze oso positiboa utzi du denboraldi-aurreko hitzordu berri honek bidasoarrentzat.

Partidari dagokionez, lehen zati parekatua jokatu zuten bi taldeek; Bidasoak hasierako minutuetan aurrea hartzea lortu bazuen ere (3-4), Nîmesek neurketaren agintea hartu eta hiru goleko abantailarekin joan zen atsedenaldira (17-14). Bigarren zatian frantziarrek errenta zazpi golera zabaldu zuten (26-19), eta, nahiz eta irundarrek azken txanpan aldea murriztea lortu, Nîmesek garaipena ziurtatu zuen. Bidasoako golegile nagusia González izan zen 5 golekin, eta launa gol sartu zituzten Gastaminzak, Nietok eta Salinasek; aurkarien artean Vincent nabarmendu zen 7 golekin.

Lehen edizioa gaindituta

Honenbestez, Lurraldea Gara Txapelketaren lehen edizioko sailkapenean Nîmes Gard izan da txapeldun, Bidasoa Irun txapeldunorde eta Limoges Handball hirugarren, azken honek Billère 24-32 mendean hartu baitzuen hirugarren posturako partidan. Emaitzaz harago, txapelketa honek goi-mailako lehiakortasuna bermatzeaz gain, goi-mailako eskubaloia lurralde osora hurbiltzeko eta Bidasoa Irunen izena Frantziako lurretan zabaltzeko balio izan du, etorkizunari begira oinarri oso sendoak utziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude