Irungo hotel-eskaintzak % 93ko okupazio-tasa erregistratu du 2026ko uztailean, hiria eskualdeko erreferentziazko helmuga turistiko gisa finkatuz. Uztaileko datuek erakusten dutenez, Irunek askotariko bisitariak erakartzeko gaitasun handia izaten jarraitzen du. Cristina Laborda Irungo alkatearen hitzetan, emaitza hauek oso positiboak dira eta erakusten dute hiriak gero eta erakargarritasun handiagoa duela, bereziki mugako kokapen estrategikoari eta eskainitako kultur zein ondare-proposamenei esker.
Uda honetako daturik nabarmenetako bat nazioarteko turismoaren igoera sendoa izan da. 2025eko uztailean ostatu hartutako pertsonen % 71 Espainiar estatukoak eta % 29 atzerrikoak ziren bitartean, aurten banaketa askoz orekatuagoa izan da: % 60 estatukoak eta % 40 atzerrikoak. Bisitarien batez besteko egonaldia 1,86 gauetakoa izan da. Atzerriko turisten artean Frantzia da jatorri nagusia, eta atzetik daude Alemania, Erresuma Batua eta Suitza; estatutik etorritakoen artean, berriz, Kataluniako, Madrilgo, Aragoiko eta Gaztelako bisitariak gailendu dira.
Kultur baliabideen eskaera handia
Jarduera turistikoaren gorakada honek eragin zuzena izan du hiriko kultur baliabideetan, batez ere Oiasso Museoan. Zentro honek 3.549 bisitari jaso zituen uztailean (Dies Oiassonis jaialdiaren datuak zenbatu gabe), hau da, aurreko urtean baino % 21 gehiago. Museoan, erakusketa iraunkorrak (1.682 bisitari) eta aldi baterakoak (1.319) izan ziren erakarpen nagusiak, eta Irugurutzetako labeen interpretazio-zentro berriak 342 pertsona bildu zituen uztailean bertan (1.443 gunea estreinatu zenetik). Aipagarria da, gainera, tokiko eta inguruko bisitarien hazkundea: Irungo bertako bisitariak % 83 igo ziren eta Gipuzkoakoak % 23.
Kultur eskaintza osatzeko, uztailean zehar parte-hartze handia izan dute antolatutako bisita gidatuek, hala nola udaletxera, Junkaleko elizako kanpandorrera eta herriko historia zein memoria historikoa ezagutzeko ibilbideek. Zifra guzti hauek erakusten dute Irun ez dela Euskadin sartzeko trantsitu-puntu hutsa, baizik eta berezko erakargarritasuna eta nortasuna dituen helmuga turistiko finkatua.



