Irunen hotelen okupazioa % 95ekoa izan da uztailean eta abuztuan

Aurtengo udan Irun turismo helmuga izatea lortu du berriro. Uztailean eta abuztuan, hotelen okupazioa % 95 izan da; alegia, hiriko hotelak bete egin dira ia. Bidasoa bizirik-ek eman du datua, eta turismoa hirian gora egiten ari dela berresten du; Irun interesgune bat dela EAEko mapa turistikoan, bai Estatuko bisitarientzat, bai nazioartekoentzat, nazioarteko bisitarien kopurua nabarmen handitu baita eta egonaldien % 45 ere egin baitu.

Irungo Udaleko Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkari Nuria Alzagak egin du udako balantze turistikoa, Santiagoko oinezkoentzako pasabidean, Bidasoa bizirik-eko buru Eva Fernándezekin, Oiasso Museoko zuzendari Juanjo Jiménezekin eta ETH Hoteleko ordezkari Sonia Paradarekin batera.

Irunera etorritako turisten % 72 Estatukoak ziren, eta gainontzeko % 28a, atzerritarrak (nagusiki, frantsesak). Aurreko urtearen aldean, Estatuko bisitarien ehunekoa bost puntu igo da.

Alzagak oso ontzat jo ditu datuak: “Agerikoa da azken urteetan Irun hazi egin dela destino turistiko gisa. Horren adierazgarri, uda honetako datuak: bisitariek ez dute lo bakarrik egiten hirian, baizik eta Irun bisitatzeko eta kontsumitzeko aprobetxatzen dute egonaldia; hau da, benetako interesa pizten du hiriak, hainbat lekutako jendea erakartzen baitu”.

“Gure hiriaren erakargarri turistikoa sustatzeko konpromisoa dugu. Uda honetan, frogatu dugu Irunek baduela zeresana, eta, irailean, udako turismoaren inpaktuaz hausnartuko dugu, baina, nolanahi ere, funtsezkoa da turistak udatik kanpo ere erakartzeko lan egitea, hiria urte osoan izan dadin destino erakargarria”, erantsi du ordezkariak.

Fernándezek nabarmendu duenez, berriz, “uda honetako emaitzak turismo jasangarriaren aldeko estrategia argi baten fruitua dira: kantitateari baino gehiago kalitateari eman diogu lehentasuna, eta gure ondare kultural eta naturalaren balioa azpimarratu dugu, betiere inguruneari erreparatuz. Azkenean, hazkundea orekatua izatea da gakoa, bisitatzen gaituztenentzat esperientzia autentiko eta arduratsuak sortzea, eta, aldi berean, bertako komunitatea zaintzea”.

“Irun irmo doa aurrera destino turistiko inteligentea izateko bidean, eta, ildo horretatik, berrikuntza eta teknologia bisitarien eta bertakoen zerbitzura integratzen ari gara, irisgarritasuna hobetzeko, zerbitzuak optimizatzeko eta ingurumenaren gaineko inpaktua arintzeko. Azken batean, gure ereduak jasangarritasuna jartzen du gure proposamen turistikoaren erdigunean”.

Bisiten gorakada Oiasso museoan

Hiriko kultur eskaintzaren erreferentzia nagusietako batek, Oiasso Museoak, errekorra hautsi du: uztailean eta abuztuan, 7.392 bisitari eta erabiltzaile izan ditu, % 39 gehiago iazko garai berean baino.

Erabiltzaile eta bisitari guztien %  57 beste autonomia erkidego batzuetakoak ziren (bereziki, Kataluniakoak, Madrilgoak eta Andaluziakoak); frantsesen kopurua % 14 handitu da; eta bisitarien % 25 Irunen bertan bizi ziren.

Bestalde, gogoan izan beharra dago Oiassoko terma erromatarrak apirilean inauguratu zirela eta lehenengo aldiz izan direla hiriko udako kultur eskaintzaren parte. Bada, ekainetik hona, bisita gidatuek eta tailerrek 1.008 erabiltzaile izan dituzte guztira; gehienak, 700 inguru, museoa bera eta termak ezagutzeko.

Turismo bulegoko bisitak

Udan, Irungo turismo bulegoak, guztira, 2.212 pertsonari eman die arreta. Ia % 68 Euskal Autonomia Erkidegokoak bertakoak, Kataluniakoak, Madrilgoak, Valentziako Erkidegokoak eta Gaztela eta Leóngoak ziren, eta % 32 baino gehixeago, Frantziakoak, Erresuma Batukoak, Alemaniakoak eta Ameriketako Estatu Batuetakoak nagusiki.

Bisita gidatuak hirian ezagutzeko

Elementu kulturalen eta ondarearen bisita gidatuek interes handia piztu dute, parte hartzea handia izan baita saio gehienetan.

Batetik, Junkaleko kanpandorrearen bisitek 245 pertsona erakarri dituzte, Bidaso aldekoak eta Euskadikoak bertakoak eta beste leku askotakoak, hala nola Madrilgoak, Valentziakoak, Kanarietakoak, Kolonbiakoak eta Suitzakoak.

Bestetik, ondarearen bisitek 42 lagun bildu dituzte; nagusiki, irundarrak eta Kantabriako, Kataluniako, Madrilgo, Andaluziako eta Gaztela-Mantxako turistak.

Azkenik, “Irungo historia zubiz zubi” ibilbidea 50 pertsonak egin dute: gehienbat, Irun eta Hondarribikoak ziren, baina baziren Gipuzkoa, Iparralde, Valentzia eta Zaragozakoak ere. Hain zuzen ere, Abenida zubian hasten zen bisita, ostegunetan, eta, Bidasoa ibaian barrena eta Gazteluzarren gora, bi ordu geroago, Behobiako Aduana zenean bukatzen zen.

Helmuga turistiko adimenduna

Irun helmuga turistiko adimendu sendoa da dagoeneko, jasangarritasun eta irisgarritasunarekin konprometitua garapen orekatu eta arduratsua sustatzeko. Horrela, Oiassoko terma erromatarrak birgaituta eta Irugurutzeta ingurua bere onera itzulita, besteak beste, hiriak bere ondare kultural eta naturala kontserbatu eta hobetzeko neurriak hartu ditu, soluzio teknologiko aurreratuak integratuz bisitarien esperientzia hobetzeko eta ingurumenaren gaineko inpaktua txikitzeko.

Irugurutzetako proiektua, zehazki, Europar Batasunaren eskutik finantzatu du, NextGenerationEU funtsen bidez, Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren kontura, Euskadiko Jasangarritasun Turistikorako Lurralde Planaren esparruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude