Batasuna, kirola eta inklusioa izango ditu ardatz 26. Inmobiliaria URME Txingudi Korrikak

Urriaren 5ean egingo da Hendaia, Irun eta Hondarribia lotzen dituen Inmobiliari URME Txingudi Korrika. 10 kilometroko proba enblematikoak bere 26. edizioa ospatuko du  goizeko 10:00etan. Txikienen edizioa, berriz, urriaren 4an, larunbatean, goizez egingo da.

Probaren aurkezpen ofiziala gaur goizean izan da, irailaren 17an, 10:30ean, Hendaiako Udalean. Bertan izan dira ordezkari instituzionalak: Jean Michel Arruabarrena (Hendaiako Udala), Borja Olazabal (Irungo Udala), Lupe Queiruga (Hondarribiko Udala) eta Pilar Fuertes (Mugaz Gaindiko Partzuergoa).

Babesleen ordezkaritzan, Joseba García (Inmobiliaria URME) eta Borja Ganzarain (Salto Systems, Handbike kategorien babeslea) ezin izan dira bertaratu arrazoi profesionalengatik. Mahaiaren itxiera Ibon Muñoz (Bidasoa Atletiko Taldeko gerentea) eta Mikel Calbete (Urpean) antolatzaileen esku egon da.

Irteera, urtero bezala, Hendaiako Floridako Kaiatik izango da, eta helmuga, Hondarribiko Hondartza Kiroldegian. Irun zeharkatuz eta eskualdeko toki esanguratsuenak bisitatuz egingo da ibilbidea. Irteera orokorraren aurretik, handbike eta gurpil-aulkien kategorietako parte-hartzaileek minutu batzuk lehenago abiatuko dira, probaren izaera inklusiboa indartuz.

10 kilometro homologatutako ibilbideak aukera ematen die federatuei marka ofizialak erregistratzeko, probak duen kalitatea eta prestigioa mantenduz. Lasterketako errekorrak erronka izaten jarraitzen dute: Unai Arroyoren 30:52 eta Sara Villasante-ren 35:41.

Korrikalarientzako zerbitzuak

Aurten, gainera, lasterketa osasun betean dago izen-emateei dagokienez. 500 izen-emate gaindituta, antolakuntzak ez du bakarrik iazko 600 parte-hartzaileen marka gainditzea espero, baizik eta 700 parte-hartzaileetara iritsi eta kopuru hori ere gainditzea.

Izen-emateak zabalik daude Kirolprobak webgunean urriaren 3a, ostirala, 13:00ak arte. Dortsala ostiralean Palmera Monteron edo larunbat goizean irteeran jaso daiteke.

Ohiko zerbitzuen artean, korrikalariek txalupak izango dituzte Hondarribitik Hendaiako irteerara joateko, 8:30ean, 8:45ean, 9:00etan eta 9:15ean irtengo direnak. Gainera, motxilak irteeratik helmugara eramateko gordailua egongo da, baita lasterketan zehar eta helmugan hornidura ere.

Dortsalak jasotzeko ordutegiak: urriaren 3an, ostirala, 18:00etatik 21:00etara, eta urriaren 4an, larunbata, 10:00etatik 13:00etara, biak Palmera Monteroko zentro zibikoan. Proba egunean bertan, dortsalak irteeran jaso ahal izango dira, 8:30etik 9:45era.

Laboral Kutxa Txingudi Korrika Txiki

Urriaren 4an, larunbata, Laboral Kutxa Txingudi Korrika Txiki ospatuko da Irungo Stadium Galen. Lehiakortasunik gabeko hitzordua izango da, atletismoa txikitatik sustatzeko eta probak duen izaera familiarra eta festiboa mantentzeko.

Borja Olazabal, Irungo Udaleko Kirol zinegotziaren hitzetan, “BATekin elkarlanean aritzea plazer handia da; klubak kirola ekartzen du Irungo kaleetara antolatzen dituen ekitaldi ugariei esker”. Kirol ordezkariaren hitzetan, horrelako ekimenek nortasuna eta dinamismoa ematen dizkiote hiriko egunerokoari. “Irun hiria aktiboa eta anitza izateko lan egiten dugu, urte guztian zehar jarduera ugarirekin, eta horietako asko BATen eskutik datoz, oso positiboa da hori guztiontzat” azaldu du Olazabalek. Txingudi Korrikari buruz, Borja Olazabalek uste du nahikoa dela eguraldiak laguntzea eta gero eta jende gehiagok animatzea: “10 kilometro polit dira, hiru herriak lotzen dituztenak.”

Lupe Queiruga, Hondarribiko Udaleko zinegotziak eskerrak eman dizkio BATi gonbidapenagatik eta zoriondu ditu eskualdean egindako ibilbide bikainagatik: “Kluba urte askoan izan da Bidasoan kirolaren motorra, eta oraindik ere bada”. Hondarribiko zinegotziak adierazi duenez, “garrantzitsua da, halaber, lasterketaren izaera inklusiboa azpimarratzea, gurpil-aulkian eta handbikeetan parte hartzen duten kirolarien bidez. Lupe Queirugak aipatu duenez, horrek are gehiago aberasten du proba.

Jean Michel Arruabarrena, Hendaiako Udalaren ordezkariak azaldu du poz handia dela Hendaiatik Txingudi Korrikaren irteera ospatzea: “urteen poderioz sendotu den proba da, eta badu jada bere lekua badian”. Edizio honek berriro ere arrakasta handia izatea eta hemendik aurrera hazten jarraitzea espero dutela azaldu du Hendaiako udalaren ordezkariak.

Babesak eta laguntzaileak

Inmobiliaria URME Txingudi Korrikak berriro ere bere babesle nagusien sostengua du: Inmobiliaria URME, Super Amara, Laboral Kutxa, Salto Systems, Aquarius, Cuétara, Carrocerías Euskalduna, Diario Vasco, Moyua, Insalus, Zaiza, Aneto eta Gipuzkoako Foru Aldundia, baita Hendaya, Irun eta Hondarribiko udalak eta Mugaz Gaindiko Partzuergoa ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude