Gaur gauean amets berezi bat izan dut. Lagun artean nengoen elkarte gastronomikoan kazola artean lan eta lan. Sukaldariak aldarria egin eta denok eseri gara mahaiaren bueltan. Bi kazola eder jarri ditu mahaiaren erdialdean. Tapak kendu eta afaltzeko geneuzkan kutixiak agerian utzi ditu: boilur beltza eta angulak. Ametsa izan da.
Badirudi azken urteotan ametsetan soilik dugula Boilur Beltza edo Angulak dastatzeko aukera, batez ere merkatuan duten salneurriarengatik. Baina hala eta guztiz ere, oraingoan bi luxuzko produktu hauei buruz hitz egin nahi dizuet, hitzen bitartez baldin bada ere dastatzeko aukera izan dezazuen.
Boilur Beltza
Boilur Beltza (Tuber melanosporum) lur-azpian aurkitzen den onddo bat da. Euskal Herrian, Arabako mendialdean eta Nafarroako Orba ibar inguruan hazten da. Boilur beltza jaso ahal izateko, ezinbestekoa da txakur edota basurde baten laguntza izatea, bi animalia hauek baitira euren usaimenari esker lur-azpian ondo hau bilatu eta aurkitzen dutenak.
Gastronomiaren munduan oso preziatua da Boilur Beltza eta hainbat modutan presta daitekeen arren, guk bi errezeta sinple aurkeztuko dizkizuegu, egunen batean etxean onddo hau izateko zortea baduzue nola prestatu jakiteko.
Boilur Beltz nahaskia: zartaginean olio pixka bat jarri eta berotzen denean, boilur beltza bota bertara. Denbora pixka batez sukaldatu onddoa, eta behin prest dagoela, arrautza bota eta nahaskia prest duzuenean platerean jarri.
Boilur Beltz entsalada: plater bat hartu eta azpian bizpahiru patata egosi xerra jartzen ditugu, gainean uraza kokatu eta granada haziak bota. Behin hiru osagaiak prest ditugula, boilur beltz xerratxoak bota eta, amaitzeko, oliozpina.
Angula
Angula aingiraren arrainkumea dugu, gramo bateko pisua, 8 zentimetro eta bizpahiru urte dituena. Euskal sukaldaritzan aspalditik protagonismoa izan duen produktua dugu, baina inguruko herrialdeetara zabaldu zenean hauek jateko ohitura, prezioak izugarrizko gorakada jaso eta horrek luxuzko produktu bihurtu zuen. Angulak dastatzeko errezeta ohikoena, baratxuria eta piperminarekin batera prestatutakoa da.
Ea zortea duzuen eta aukera izaten duzuen noizbait luxuzko produktu hauen bitartez, gastronomiarekin, sukaldaritzarekin eta bizitzarekin gozatzeko. On egin!
Oraitz Garcia
gastrofesta.com