Pecozza United taldea: zirikatzailea, deserosoa, baina freskoa

Homonimoa da Pecozza United taldearen lehen diskoa. Ez du esan nahi izen bereko lana denik. Horixe da Irungo hirukoteak jarri dion izenburua. “Txiste gisa baino, tranpa moduan pentsatu genuen. Eta bai, kazetariren bati ziria sartu diogu”, adierazi du Xabi Burgaña bateria jotzaileak. Umorea ezinbesteko osagaia da Pecozzaren abestietan. Bestea, taldearen inguruko giroaren kritika zorrotza eta ausarta. Arlo musikalean, oinarri-oinarrizkoa da. Baxurik ere ez du. Hala ere, musika bigarren mailakoa da. Abestien hitzek dute garrantzia Pecozza United taldearentzat.

SONY DSC

Ekimen faltak atzeratu omen zuen Pecozza United taldearen sorrera. Ideia “aspaldi” bururatu zitzaiela baieztatu du Beñat Muguruza gitarra jotzaileak. Taldearen historiaurrea duela zortzi urte inguru kokatu daiteke, Muguruza eta Lander Bidaurre abeslaria Gasteizen ikasle izan ziren garaian. Taldearen izenaren jatorria azaldu du Bidaurrek: “Futbol txapelketa baterako izena eman genuen, Ermuako lagun ba-tzuekin. Haiek asmatu zuten izena, pekotza behiaren gorotza omen baita bizkaieraz. Guri grazia ikaragarria egin zigun”. Noizbait, musika talde bat eratuz gero, izen hura jarriko ziotela erabaki zuten. Sei bat urte beranduago, Bilbon kontzertu bat ikusten ari zirela, Muguruzak albistea eman zion lagunari: “Taldea sortuko dugu!”. Ez zuen gehiegitan errepikatu behar izan.
Argi zeukaten abestietan erabili beharreko tonua. Gaiak eta ideiak ere bazituzten, baina arratsalde batean abestiak idazteko geratzeak “lotsa” ematen ziela aipatu du Beñat Muguruzak. Horregatik, parranden ondoren, ordu txikitan idazten hasi ziren. Inauterietan idatzi zituzten lehen abestiak, Miguel taberna zaharraren atzeko aldean. Aurrerantzean, parrandetan bakarrik geratzeko ahalegina egiten zuten, tabernariari papera eta boligrafoa eskatzeko. “Sunbillako barran ere sortu izan dira abestiak”, gogoratu du Muguruzak. Entseatzeko, Lakaxita Gaztetxean elkartzen hasi ziren. Xabi Burgaña lagunari hots egin zioten orduan, taldea borobiltzeko. Bateriarekin, gitarrarekin eta ahotsarekin, aski zuen Pecozza United-ek. Baxua sartzeari zergatik uko egin zioten azaldu du Lander Bidaurrek: “Pecozza hutsaren hurrengoa da hitzak ulertzen ez baldin badira. Gaztetxe edo tabernetan jotzeko, pentsatu genuen baxuaren soinuak ulermenari kalte egingo ziola”. Dena den, diskoan baxua grabatu dute, abestien soinua hobetzeko.
Umore probokatzailea
Zer dute ba Pecozza United-en hitzek, taldekideek hainbesteko garrantzia emateko? “Gure inguruari barre egiten diogu. Kontuan hartuta, noski, gu ere inguru horren parte garela”, adierazi du Beñat Muguruzak. Euskal panorama politikoko eta kulturaleko pertsonaiak zirikatzen dituzte, esaterako: Arnaldo Otegi, Bilduren Gipuzkoako Foru Aldundia, Carlos Urquijo, Orreaga Iritzi Taldea, Bernardo Atxaga edo Xabier Silveira. Umorez zipriztinduta lan-tzen dituzte gaiak, baina ikuspegi kritiko batetik. Abesti horietako batzuk gaztetxeetan jotzeak arriskua izan dezake. Orain arte, ordea, ez dute inolako arazorik izan. “Hasieran beldur pixka bat geneukan. Pentsatzen genuen, abesti batzuk kantatuta, jendea gainera botako zitzaigula”, onartu du Xabi Burgañak. Ikusleen eran-tzuna, aldiz, nahiko “epela” izan dela esan du Beñat Muguruzak: “Jende batek onartu digu gauza batzuekin ez dagoela ados. Baina orokorrean, zoriondu egin gaituzte, abesti originalak egin ditugulako”.
Talde askoren originaltasun falta salatu du, hain zuzen ere, Muguruzak: “Taldeak ezker abertzalearekin posizionatzen dira, publiko jakin baten onarpena jasotzeko eta zirkuitu horretan sartzeko. Euskal rock mainstream-a entzutea besterik ez dago. Ez dago inolako autokritikarik”. Punk kon-tzertuetara hurbiltzen denean, aspertu egiten dela baieztatu du gitarra jotzaileak. Ez duela inolako probokaziorik ikusten: “Gai delikatuetan sartzeak ematen dio punk izaera talde bati. Publikoak espero duena esatea ez da apurtzailea”. Proboka-tzeko ahalmena badute behintzat Homonimoa diskoa osatzen dute hamahiru kantuek. Auto-ekoizpenaren bidea hautatu du Pecozzak, errazena eta azkarrena delako. Petruska Records zigiluko Aitor Perezekin grabatu dute, eta diskoak etxean egin dituzte. Artisau-lanaren arrazoia azaldu du Lander Bidaurrek: “Bandcamp-en doan entzun daiteke. Baina disko fisikoa ere atera nahi genuen, ilusioa egiten zigulako. Gainera, lagunek eskatu egiten digute”. Taldekideei eskatzea da, hain zuzen ere, Homonimoa eskuratzeko modurik zuzenena. Urdanibia plazaren inguruko tabernetan ere aurki daiteke. Laster egin beharko dituzte disko gehiago, lehen sorta laster amaituko baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude