Cliché musika taldeak kontzertua eskainiko du abuztuaren 27an Junkal plazatxoan arratsaldeko 20:00etan. Asier Piera abeslariak, Rubén de la Iglesia gitarra-joleak eta Ander Sáenz perkusionistak osatzen dute Cliché taldea. Musika taldea 2019. urteko udan zehar sortu zen eta taldeak izandako bilakaera azkarrak musikariak harritu ditu.
Nola erabaki zenuten elkarrekin musika talde bat sortzea?
Asier: Aspalditik lagunak gara eta musikaren munduarekin lotura estua izan dugu. Irungo Kontserbatorioan elkar ezagutu genuen eta Ametsa Abesbatzan edo Irungo Bandan elkarrekin ibili izan gara. Ruben eta Anderrek Planta Baja izeneko beste musika talde bat izan zuten eta ilusioz proiektu berri hau sortu genuen.
Zergatik aukeratu zenuten Cliché izena?
Asier: Egia esan asko kostatu zitzaigun izen bat aukeratzea. Argi geneukan zerbait laburra eta internazionala izatea nahi genuela, izan ere, beste lekuetan Cliché hitza berdin ahoskatzen baita. Egun batean entzun genuen eta egokia iruditu zitzaigun.
Nola definitzen duzue zuen musika estiloa?
Asier: Pop rockaren barruan sartu dezakegula esan daiteke. Hortaz gain, musika alai eta bizia egiten dugula esan dezakegu. Gure abestien bitartez entzuleei mezu positibo bat bidaltzen saiatzen gara, batez ere, pandemia garai hauetan eta gustuko dugun musika mota da.
Bertsioak egiteaz gainera, zuen abesti propioak ere sortzen dituzue?
Asier: Gure sare sozialetara beste talde edo abeslarien abestien bertsioak igo ditugu, baina, guk sortutako abesti propioak ere dauzkagu. Aurrekoen antzera, abesti alaiak dira eta, oraindik gure sare sozialetan partekatu ez arren, kontzertuetan erakutsi izan ditugu eta musika estudio profesional batean grabatzeko esperoan gaude.
Ibilbide laburreko musika taldea izan arren, estatuko leku ezberdinetan kontzertuak eman dituzue?
Ander: Bai, gu geu ere taldeak izandako bilakaera azkarrarekin harritu gara, geroz eta jarraitzaile gehiago dauzkagulako. Orain arte Madrilen, Valentzian edo Kataluiniako zenbait hiritan egon gara. Azken finean, elkarrekin egindako bidaietan taldea elkartu eta elkarren arteko harremana estutzea lortu dugu.
Zuen lehen kontzertuak kalean, dohainik eta inolako kontrataziorik gabe eman zenituzten?
Ander: Horrela izan zen, joan den urteko uztailean, taldea sortu berritan, kotxea hartu eta Kataluniako iparraldean hasi eta Valentziaraino iritsi ginen. Bidean zenbait hiritan gelditu eta kontzertuak eman genituen bai kalean edo horretarako kontratatzen gintuzten tabernetan. Oso esperientzia polita izan zen, nahiz eta orain gure helburua agertoki profesionalagoak izan.
Sare sozialak lagungarriak izan dira taldea ezagutzera emateko?
Asier: Bai, gaur egun sare sozialetan presente egotea funtsezkoa iruditzen zaigu musikaren munduan murgiltzeko. Horrela, talde handiek asko lagundu gaituzte, adibidez, Sinsinati taldearen abestia igo genuenean taldeak gure bideoa bere profilean partekatu baitzuen.
Konfinamenduan zehar Irungo Kultura eta Gazteria arloarekin elkarlan estuan aritu zarete?
Asier: Bi zuzeneko emanaldi egin nituen eta arraroa da emanaldi horietan Ander eta Ruben alboan ez eduki- tzea. Beste konfinamendurik ez izatea espero dugu, baina, beharrezkoa balitz berriro horrelako zerbait egiteko prest egongo nintzateke.
Ruben: Konfinamenduan zehar jendeak eduki kultural asko etxetik kontsumitu ditu, baina, publikoaren artean zuzeneko emanaldietara itzultzeko gogoak nabaritzen ditugu.
Nola moldatu zarete konfinamenduan zehar entseguak egiteko ?
Asier: Aurrez aurreko entsegurik egitea ezinezkoa zenez, WhatsApp eta Skype bidez egin ditugu.
Ekainaren 27ko kontzertuan publikoa aurrean izatea eskertuko duzue?
Asier: Bai noski. Ondo dago gure sareetan bideoak eta abestien bertsioak igotzea, baina, zuzeneko kontzertuak eskaintzea gustuko dugu. Konfinamendu osteko lehen kontzertua izan ez arren, oso kontzertu garrantzitsua izango da guretzat eta gogo asko dauzkagu.
Ander: Gainera, taldearen formatu berria aurkeztuko dugu bertan. Izan ere, nik bateria joko dut eta Jon Sarasola baxu-jotzailea izango dugu gurekin.
Ruben: Irunen gure musika erakutsi eta hiriko jendeak taldea ezagutzeko aukera bikaina iruditzen zaigu.
Datozen hilabeteetako agendan data garrantzitsu eta kontzertu asko dauzkazue?
Asier: Momentuz hurrengo kontzertua prestatzeko lanean gabiltza. Hurrengo hilabeteetan zehar, berriz, gure abesti propioak grabatzeko asmoa dugu eta ziurrenik bidean kontzertu aukera berriak topatuko ditugu.
Ruben: Egungo osasun krisialdiaren ondorioz, zailagoa da kontzertuak eskaintzeko aukerak lortzea, izan ere, antolakuntza zailtzen duten protokolo zorrotz asko bete behar baitira.
Ander: Jendeak, geroz eta gehiago, bertsioen ordez, gure abesti propioak eskatzen dizkigu.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.