Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Lluís Companys presidentearen atxiloketaren 80. urteurrena gogoratzeko zenbait ekitaldi antolatu ditu. Abuztuaren 29an laurogei urte beteko dira Lluís companys i Jove presidente katalana Avenida zubian entregatua izan zenetik. Data honen inguruan elkarteak antolatutako ekitaldiak abuztuaren 24ean hasiko dira eta abuztuaren 29an Avenida zubian egingo den omenaldi ekitaldia da elkarteak gaur goizean aurkeztutako programan ageri den ekintza nagusia.
Abuztuaren 24tik aurrera, elkartearen web gunean, efemerideari buruzko atal berezi bat egongo da. Bertan, kontsultatu ahalko dira Lluís Companys President-aren bizia edota Pedro Urraca agente faxistak burutu zituen espioitza lanak. Elkarteak bi bideo plazaratuko ditu astean zehar, Companys ardatz hartuta.
Asteartean, Antoni Strubell, Lluís Companys Batzordeko koordinatzaileari egindako elkarrizketa plazaratuko da. “Ihesa eta eskuetaratzea zubian” antzezlana eta Joseba Tapia eta Lluís Llach-en arteko kontzertua antolatu zuen batzordeak, 2000. urtean, entregaren 60. urteurrenean.
Ostegunean, Gemma Aguilera, “Agente 447, el hombre que detuvo a Lluís Companys liburuaren idazleari eginiko elkarrizketa publikatuko da. Pedro Urracaren bizia erredaktatu du Aguilerak, agente faxistak idatzitako agendetan oinarrituta. Web gunearen hirugarren atalean, entregaren 60. urteurrenean gauzaturiko “Ihesa eta eskuetaratzea zubian” ikusgai egongo da. Baita ere, Egunkariak jardunaldiari buruz publikaturiko albisteak kontsultatu ahalko dira. Material guztia www.kepaordoki.wordpress.com/companys80 helbidean jasoko da.
Abuztuaren 29ko omenaldia
Presidentearen entrega oroitarazteko, abuztuaren 29an omenaldi bat burutuko du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Ekitaldia Avenida zubi alboko interpretazio gunean (Iparralde hiribidea, 63) burutuko da, eguerdiko 12:00etan. Bertaratuek Companysen argazki parean elkarteak prestaturiko loreak jartzera aukera izango dute. Ekitaldia COVID-19 izurritearen baitan ezarritako arauak errespetatuz antolatu da. Honenbestez, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta talde txikietan batzea gomendatzen da.