Kultura arloak otsaileko agendak Amaia KZko auditoriumera ekarriko dituen hitzorduen berri eman du. Gainerako jarduerak bezala, COVID-19aren ondorioei aurre egiteko ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak aintzat hartzen dituzten ikuskizunak dira.
Zinema
Ostiralean, otsailaren 19an, 19:00etan, Pablo Agüeroren Akelarre (2020) filma ikusi ahal izango da. Film honek bederatzi izendapen ditu Goya sarietarako, horien artean argazki onenarena, Javier Aguirre irundarrak egina. Maite Arroitajaureguiren Mursego lana ere jatorrizko musika onenaren sarirako izendatuta dago, eta aretoan egongo da filma aurkezteko eta amaitutakoan publikoarekin hitz egiteko. Berarekin koreografiaren arduraduna izango da Myriam Perez Cazabon irundarra, zeina Maite Arroitajaureguirekin ukondoz ukondo lan egin duen. Film honetan musikak eta koreografiek protagonismo handia dute eta historiaren parte dira.
Sarrerak (5,50 €) www.irun.org/entradas webgunean, Luis Marianoko Turismo Bulegoan edo Amaia KZko leihatilan lor daitezke, betiere ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik eserleku libreak geratzen badira. Proiekzioa gaztelaniaz izango da eta euskarazko azpitituluak izango ditu.
Sinopsia: Euskal Herria, 1609. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira. Anak basoko festa batean parte hartu du herriko beste neska batzuekin batera. Rostegui epailea, erregeren agindupean dago eskualdea garbitzeko eta emakumeak atxilotu ditu sorginkeria leporatuz. Akelarreari buruz dakitena aitor dezaten behar den guztia egitea erabaki du. Zeremonia magiko horretan, ustez, Deabruak bere zerbitzariak iniziatu eta estali egiten ditu.
Musika
Halaber, datorren igandean, otsailaren 21ean, Ricardo Requejo ganbera musika zikloari ekingo zaio 19:00etatik aurrera, Iñaki Dieguezen (soinua) eta Iker Telleriaren (perkusioa) emanaldiarekin. Honela definitzen du Iñaki Dieguezek aurkezten duen proposamena:
“Azken urteetan lagun izan ditudan musiken zeharreko bidaia da. Musika frantsesa edo tangoa, obra klasikoak edo folketik gertu daudenak, musika inprobisatua edo jazza. Kontzertu eklektikoa da, nire iritziz ederrak diren musikez osatua. Urte hauetan guztietan, eszenatokietan, oholtza musikari handi-handiekin partekatu ondoren, nire burua modu intimoagoan adierazteko unea iritsi da, adierazteko gaitasun handia nduen instrumentu xume batez, eta nire konposizioak modu biluziagoan ezagutzera emanez. Lekuona, Piazzolla, Galliano, Thomain… nire abesti txikiekin batera, denok musikaz gozatzeko une paregabea pasa dezagun, oholtza Mikel Telleria musikari eta adiskide handiarekin partekatuz.”
Gogora ekarri behar da ziklo hau maiatzera arte luzatuko dela, betiere protagonistak Irun eta Hondarribiko pertsonak izango direla, hain zuzen ere hirian musika ikasten hasi zirenak eta orain nazioarteko orkestretan lan egiten dutenak edo Irundik kanpoko hainbat ikastetxetan irakasten dutenak. Kontzertu guztiak igandean dira, 19:00etan, Amaia KZ aretoan, 4,40 euroko prezioan. Igande honetarako sarrerak www.irun.org/entradas webgunean daude salgai.
Hurrengo saioak honako hauek izango dira:
- Martxoak 14: Iker Martin (saxofoia) eta Belen Sierra (pianoa).
- Apirilak 11: María Martín Campos (kantua) eta Iñaki Gezala (pianoa).
- Maiatzak 5: Maite Tife (moko-txirula) eta Yoichi Hakamad (klabea).