Irungo Udaleko Kirol Arloak jakinarazi duenez, Azken Portu eta Artaleku kiroldegiek udako ikastaroen eskaintza berri bat egin dute, egungo egoerara egokituta: uztaileko eta abuztuko programaren ondotik, irailerako jarduera berriak iragarri dituzte aste honetan.
Oraingoz, aretoko ikastaroetan bakarrik eman daiteke izena, baina, datozen egunetan, igerilekuko jardueretan inskribatzeko aukera egongo da. Gainera, irailean berrikuntza bat izango da: bi kiroldegietan egin ahalko dira igerilekuko jarduerak. Orain arte, ezinezkoa zen eskaintza batera egitea, igerilekuak hamabost egunez ixten zirelako irailean mantentze lanak egiteko, baina, aurten, konfinamenduak iraun zuen bitartean egin ziren lanok.
Egungo egoera ikusita, neurri bereziak hartuko dira: jende kopurua mugatzeko neurriak eta kiroldegia eta materiala garbitzeko beharrezkoa den denbora dela-eta, eskolak 15 minutu laburragoak izango dira.
Aretoko ikastaroen iraileko programak 92 ikastaro hartzen ditu barnean (48 Artalekun eta 44 Azken Portun), eta 1.343 toki eskaintzen ditu (696 Artalekun eta 647 Azken Portun). Kiroldegietako ordezkarien arabera, udakoak baino handiagoak dira kopuruak, neguko eskaintzarenaren antzekoak, ikastaro eta toki gehiago izaten baitira orduan. Programak egiten dituen proposamenak ere, ariketa motak, ez dira oso desberdinak: badira zumba, tonifikazio, aerobic, pilates, wellness, cycling, yoga… ikastaroak; bizkarra osasuntsu mantentzekoak; etab.
Izen ematea
Beste urte batzuetan garai honetan ez bezala, ez da izango aurretiaz izena emateko eperik, eta ez da hartu beharko hitzordurik: izena emateko fasea zuzenean hasiko da, abuztuaren 20an abonatuentzat eta, tokirik badago betiere, 21ean abonatu ez direnentzat. Irun Txartela erabiliz eman beharko da izena, www.irun.org/sac webgunean, eta izena emateko ordenaren arabera banatuko dira tokiak.
Joan den ekainaren 8an ireki ziren kiroldegiak, instalazioak erabiltzeko muga batzuk ezarrita: Artalekuko eta Azken Portuko fisioterapia zerbitzuak eta gimnasioak erabilgarri daude, baita bi instalazioetako igerilekuak ere, gorputzeko tratamenduetarako guneak (sauna, spa, etab.) izan ezik; jende kopurua mugatu da; hitzordua hartu behar da; eta segurtasun eta higiene neurriak bete behar dira (maskara, distantziak, eskuen garbiketa…). www.irun.org/irunkirol webgunean ikus daitezke neurriok.