“Gu ere bertsotan” egitasmoaren baitan egindako lana jendaurrean aurkeztu dute Lehen Hezkuntzako ikasleek. 2018-2019 ikasturteari dagozkion Bertso Jaialdiak maiatzeko hilabetean zehar Amaia Kultur zentroan egingo dira lau saioetan. Hiriko Belaskoenea, Dunboa, Eguzkitza, Elatzeta, El Pilar eta Toki Alai ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartuko dute saio horietan.
Bertso Jaialdiaren barneko lehen saioa maiatzaren 7an egin zen, arratsaldeko 15:00etan, eta Eguzkitza eta El Pilar ikastetxeetako ikasleek kurtsoan zehar egindako lana erakutsi zuten bertan. Bigarren eta hirugarren saioak, berriz, maiatzaren 14an egin ziren. Arratsaldeko 15:00etan egin zen eguneko lehen saioan Elatzeta eta Eguzkitza ikastetxeetako ikasleak bertsotan aritu ziren. Arratsaldeko 18:00etan egin zen bigarren saioan Toki Alaia zentroko ikasleen txanda izan zen. Bertso Jaialdiko azken saioa maiatzaren 21ean egingo da berriro ere arratsaldeko 15:00etan eta Dunboa eta Belaskoeneako ikasleek parte hartuko dute bertan.
Saio hauetarako sarrera librea eta doakoa izan da, maiatzaren 14eko bigarren saioa kenduta, non emanaldiaz gozatzeko gonbidapena eskuratzea beharrezkoa izan zen. Amaia Kultur zentroan egindako saioetan hiriko ikastetxeetako ikasle eta irakasleen parte hartzeaz gain, ikasleak Ander Lizarralde eta Unai Ormaetxea bertsolarien gidaritzapean aritu ziren.
Bertsolaritza sustatzeko programa
Bertsolaritza sustatzeko programa honek ahozko komunikazioa lantzea du helburu, bertsolaritzaren hainbat baliabide erabiliz. Zehazki, proiektu honek bi helburu nagusi dauzka. Batetik, bertsogintza bitarteko delarik, hau da, eskola curriculumean bertsolaritza ezartzea ikasleen euskararen erabilpen maila eta kalitatea handitzeko. Bestetik, gazteen artean bertsotarako zaletasuna piztea eta bertsogintzari eskolako jardunean funtzionalitatea emanik, zaletuen beharrak eta gogoak elikatzea.