Gero eta gehiago dira herri lasterketak Irunen eta inguruko herrietan. Laburrak, luzeak, lauak, maldatsuak, goizez egiten direnak, eta arratsaldekoak. Horregatik, zaila da jada lasterketen munduan proposamen berritzailea egitea. Gauez korrika aritzeak, baina, balio erantsia ematen dio lasterketari. Hori pentsatu zuten, behintzat, Irungo Gaueko Herri Lasterketaren antolatzaileek. 2012an jarri zuten martxan. Beraz, lau edizio beteko ditu aurten. Irailaren 19an izango da Irungo Gaueko Herri Lasterketa (20:30).
Udako azken asteburua hautatu zuten Comarcaldea elkarteko antolatzaileek lasterketa kokatzeko. Erabakiaren arrazoiaren berri eman du Ángel Gonzálezek: “Udaren ondoren, jendea lanera bueltatzen da. Eta horrekin batera, kirola egiten hasten da berriro”. Kirol sasoiari ekiteko modua izan daiteke, beraz, parte hartzaileentzat. Lasterketa laburra da, 6,2 km-koa. Hortaz, ez du entrenamendu handirik behar. Prestaketa minimoarekin amaitu daiteke Gaueko Herri Lasterketa. “Hasiberrientzat oso egokia da. Guk asmo horrekin antolatu genuen”, onartu du Gonzálezek.
Dena den, maila handiko korrikalariak ere erakarri izan dituzte, ibilbide labur eta bizkorra tentagarria baita haientzat. Ibilbidea bakarrik ez, noski. Sariek ere erakartzen dituzte atletak. “Batzuentzat sariak ezinbestekoak dira. Baina arazo bat ere badute: maila handiko jendea erakartzen dutela. Horregatik egiten ditugu zozketak. Korrikalari popularrek ere sariak lortzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Ángel Gonzálezek.
308 parte hartzaile izan ziren 2012an, lasterketaren lehen edizioan. Aurten, 800 baino gehiago espero dituzte. Nahiko urrun dago oraindik kopuru hori. Hala ere, izen emateen erritmo motela ohikoa dela adierazi du Gonzálezek: “Azken astera arte itxaroten dute gehienek. Eguraldiaren iragarpenari begiratzen diote, nahikoa entrenatu ote duten hausnartzen dute, edo lagunaren azken erabakiaren zain egoten dira bestela”. Parte hartzaileen %50ek ematen du izena azken astean.
Lasterketaren beste kopuru deigarria, emakumeen parte hartzearena da, %45era iristen baita. Ez ohiko kopurua da herri lasterketetan. Aurten, bederatzi eta hamasei urte arteko haurrek ere parte hartu ahal izango dute lasterketan. Guztira, Gaueko Herri Lasterketak noizbait 2.000 parte hartzaile har ditzakeela uste du Ángel Gonzálezek, baina ez dutela komunikabideetan nahikoa zabaltzen. Ipar Euskal Herritik, esaterako, korrikalari gutxi hurbiltzen dira, ez dutelako lasterketaren berri izaten. “Gure lanak ere baditugu, eta ezin diogu antolakuntzari nahi bezain beste denbora eskaini”, nabarmendu du Gonzálezek.
Lasterketa antolatzeko gestioak errazteko sortu zuten Comarcaldea elkartea. Ez du beste helbururik, momentuz. Lasterketaren egunerako, Txingudi Atletismo Taldeko kideen laguntza jasoko dute aurten ere. Guztira, 50 lagun inguru ariko dira antolakuntzan. Irailaren 19an, iluntzeko zortzi eta erdietan irtengo da Gaueko Herri Lasterketa. San Juan plazan egongo dira irteera eta helmuga. Tartean, sei kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, Irungo erdiguneko kaleetan zehar. Amaieran, San Juan plazaren inguruko tabernetan pintxo-potea hartzeko bi txartel jasoko ditu bakoi-tzak. Etxean edo Artaleku kiroldegian dutxatu ondoren, gaua luzatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
IZEN EMATEA:
www.kirolprobak.com web gunean.
PREZIOA:
-Haurrek eta gaztetxoek: 9 euro.
-Helduek: 13 euro (txip horia dutenek) edo 15 euro (txipa alokatu nahi dutenek).
Izen emate bakoitzeko euro bana jasoko dute Txingudi Atletismo Taldeak eta DOA Gobernuz Kanpoko Erakundeak.