Bidasoa XXI klubeko waterpoloko talde femeninoa denboraldi berria prestatzen hasi da

Konfinamenduko etenaldiaren ostean, waterpoloko talde femeninoa igerilekuko entrenamenduetara itzuli da. Etxeko entrenamendu fisikoen ostean, igerilekuko errutina berreskuratu eta berriro partiduak jolasteko prestatzen hasi dira. Bidasoa XXI klubeko Paula Aragón eta Iraia Oskila jokalariek denboraldi berriaren hasieraren inguruan mintzatu dira.

Nola bizi izan zenuten konfinamendu garaia?
Iraia: COVID-19aren zabalpena ekiditeko konfinamendua hasi zenean entrenatzaileak gure kabuz etxean entrenatzen jarraitzeko esan zigun. Horrela, etxean eskura geneuzkan material eta gauzekin gimnasioko ariketak egiteko moldatu ginen. Hortaz gain, entrenatzaile eta gainontzeko taldekideekin “Zoom” aplikazioaren bitartez bilerak egiten genituen. Etxetik entrenatu arren, gutxienez, guztiok batera entrenatzen ari ginelaren sentsazioa genuen.

Entrenamendu fisikoa beharrezkoa izan arren, igerilekuko entrenamenduen falta sentitu zenuten?
Paula: Bai, asko nabaritzen da. Normalean igerilekura egunero etortzen gara bertan entrenatu eta igeri egitera. Beraz, etxetik atera gabe egotea eta bakarrik entrenamendu fisikoak egitea asko nabaritzen da.

Nolakoa izan zen konfinamenduaren osteko itzulera?
Paula: Bakarrik hilabeteko epea izan genuen entrenatzeko eta, egia esan, oso gogorra izan zen. Bat-batean berriro egunero entrenatzera itzultzea ez zen erraza izan.

Berriro Bartzelonetaren mailako taldeen aurka lehiatzea erraza izan zaizue?
Iraia: Bai, sei taldeen arteko zozketa egin zen eta guri Bartzelonetaren aurka jokatzea egokitu zitzaigun. Inork ez zuen talde horren aurka jokatu nahi eta guri tokatu zitzaigun. Madrilen jokatu genuen eta oso partidu gogora izan zen, kategoriako talde indartsuena baita. Gauzak ahalik eta hoberen egiten saiatu ginen, baina, azkenean gauzak ez ziren guk nahi genuen bezala atera.

Partidua galdu arren, esperientzia eta gauza berriak ikasteko baliagarria izan zen?
Paula: Bai, azkenean, partidua gauzak nola egin behar ditugun ikasteko balio izan zigun. Gure entrenatzailearekin partiduko jokaldiak aztertu genituen eta denboraldi honetan hobeto jokatzeko zein gauza hobetu behar ditugun azaldu zigun. Orain, hurrengo entrenamenduetan ikasitakoa lantzen saiatuko gara.

Nola ikusten duzue denboraldi berria?
Iraia: Berriro partiduak jolasten hasteko irriketan nago. Egunero entrenamenduak izatea ondo dago, baina, astebukaeretan partiduak jolastea da gehien gustatzen zaiguna.

Noizko aurreikusita dago partiduen hasiera?
Paula: Entrenatzaileak esandakoaren arabera, urtarrilean hasiko gara beste kluben aurkako partiduak jolasten.

“Berriro partiduak jolasten hasteko irriketan nago”
Iraia Oskila, Bidasoa XXI klubeko waterpolo jokalaria

Nolakoak izan ohi dira zuen entrenamenduak?
Iraia: Astean bi egunetan entrenamendu fisikoak egiten ditugu. Hortaz gain, igeriketa lantzeko entrenamenduak dauzkagu ere. Bestetik, astean hiru edo lau egunetan taktikak lantzeko entrenamenduak dauzkagu, adibidez, atera jaurtiketak praktikatzeko.

Paula: Hortaz gain, astean behin gure aurkako partiduak jokatzen ditugu. Izan ere, momentuz behintzat asteburuetan partidurik jokatuko ez dugunez, gure artean jokatzen dugu ohitura ez galtzeko.

Zergatik aukeratu zenuten waterpolo kirola praktikatzea?
Paula: Ni orain dela 10-11 urte hasi nintzen waterpoloa praktikatzen. Igeriketa ikastaroekin hasi nintzen eta entrenatzaileak igeriketa kirolen beste modalitateren bat probatzera animatu ninduen.

Iraia: Ni Paula baino beranduago hasi nintzen, hau da, orain dela 7 urte. Bidasoa XXI klubean igeriketan hasi nintzen eta entrenamendu ordutegiak bateratzea ezinezkoa zela ikusi nuen arte. Aldageletan waterpoloko jokalariekin topatu ohi nintzen eta uretako kirolak gustatzen zaizkidanez, modalitate hori probatzera animatu nintzen.

Ezagutza edo errendimendu fisiko maila alturik behar da waterpolora jolasteko?
Paula: Ez. Guk edonor animatuko genuke waterpoloa probatu eta gurekin batera kirol hau praktikatzera. Waterpoloaren kasuan egia da igeriketa oso garrantzitsua dela, baina, egunero entrenatuz gero igeriketa maila on bat lortu daiteke.

Nola ikusten duzue emakume kirolarien egoera waterpoloaren barruan?
Iraia: Gure ligaren barnean 12 talde gaude eta Irundik hurbilen dagoen taldea Eibarreko Urbat kluba da. Egia da jende gutxik praktikatu eta ezagutzen duen kirola dela. Gure taldean neska ugari gaude eta batzuetan mutilekin elkartzen garen arren, oraindik ezinezkoa da waterpoloa ezagunagoak diren beste kirolekin alderatzea.

 

 

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude