Irun Hiria Krosak 50. urteurrena ospatu du

Ainhoa Sanz eta Aitor Etxebarria izan dira lasterketako garaileak

Irun Hiria Krosak 50. urteurrena ospatu du. Data berezia ospatzeko Bidasoa Atletiko Taldeak, azaroaren 18ko lasterketaz gain, omenaldi ekitaldi berezia antolatu zuen lasterketaren aurreko egunean Irungo Udaletxean. Ekitaldian krosa irabazi duten kirolari guztiak eta bertan parte hartutako maila olinpikoko kirolariak omendu zituzten.

Ainhoa Sanz izan zen emakumezkoen kategorian kroseko garailea 20:39ko denbora lortu ostean. Bigarren eta hirugarren postuak, berriz, Maria Vicente (21:04) eta Maider Gaztañagarentzat (21:10). Gizonezkoen sailkapenean Aitor Etxebarriak eskuratu zuen lehen postua 26:37ko denborarekin, Kamel Zadin (26:47) bigarren eta Beñat Atarratze (26:51) hirugarren izan zirelarik.

“50 urteetan zehar krosa antolatzen lagundu gaituzten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu”

Josema Soto, BATeko lehendakaria

Txingudi Ikastola eta Jaizubia Zalditegiko zelaietan eskualdeko benjamin eta beteranoen kategoria guztietako kirolarientzako irteerak antolatu ziren goizeko 10:00etatik 13:00etara. Lasterketaren ostean, Udaletxeko ekitaldian omenduak izan ziren Mariano Haro, Jose Luis Gonzalez, Carmen Valero eta Rene Jourdan atleta olinpikoek 50. Irun Hiria Krosaren sari banaketan parte hartu zuten.

Krosaren urrezko ezteiak ospatzeaz gain, izen-emate errekor berria lortu zen, izan ere, 800 lasterkarik baino gehiagok izena eman zuten azaroaren 18ko lasterketan. Horrela, Gipuzkoako kros denboraldia martxan ipini duen egutegiko lehen lasterketa izan zen Irun Hiria Krosa, urtero moduan. Josema Soto, BATeko lehendakariak, adierazi du, “50 urteetan zehar krosa antolatzen lagundu gaituzten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu”.

Krosaren urrezko ezteiak
Azaroaren 17an arratsaldeko 18:00etan Irungo Udaletxeko kapitulu-gelan egin zen omenaldi ekitaldia. Jose Antonio Santano Irungo alkateak adierazi du, “Irun Hiria Krosa atletismoa eta hiriko historiaren sinonimoa da”. Ekitaldian 50 urte horietan krosa irabazi duten emakume eta gizonezko guztientzako oroigarriak banatu zituen Bidasoa Atletiko Taldeak, irabazleen garaipenak errepasatzen zituen bideoa ikusi ostean. Hortaz gain, Udalak krosa irabazi zuten kirolari olinpikoei aipamen berezia egin zien. Kirolariez gain, Joseba Sarriegiri omenaldi berezia egin zioten klubaren barnean eta atletismoaren munduan egindako ekarpen handia eskertzeko.

“50 urtetako historia osatu duten atletei omenaldia egin nahi diegu”

Joseba Sarriegi, Bidasoa Atletiko Taldeko fundatzailea

Irun Hiria Krosa Nazioarteko maila izateko asmoarekin jaio zen krosa izan zen, baina, denborarekin egokitu zaizkion egoeretara moldatuz joan da. Lehen hamarkadan olinpikoak eta nazioarteko maila zeukaten edo izango zutenek parte hartu zuten frogetan, baina, profesionalizazioa, managerren sorrera eta Afrikako atleta handien agerpenak guztiz aldatu zuen atletismoaren espezializazio honen egoera. Aldaketak, arazo izan beharrean, aukeretan bihurtu ziren atleten balore propioak promozionatzeko. Joseba Sarriegiren hitzetan, “50 urtetako historia osatu duten atletei omenaldia egin nahi diegu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude