Gurutz Aginagalde izango da Bidasoa klubeko lehendakari berria

Argazkia: Estudio Gover

Gurutz Aginagalderen hautagaitza garaile izan zen azaroaren 24ean Artalekun ospatutako klubaren presidentziarako hauteskundeetan. Aginagalderen taldeak 468 botoei esker lekukoa hartuko dio Jose Angel Soduperen agintaldiari, Iñaki Emaldiren hautagaitzak 256 boto jaso zituen bitartean.

Klubeko 856 bazkidek izan zuten boto-eskubidea eta parte hartzea altua izan zen, izan ere, bazkideen %85ak haien botoa eman baitzuen. Era berean, egun garrantzitsua izan zen Bidasoa taldearentzat, etxean jokatutako partiduran 27 puntu eskuratu baitzituen Bada-Huesca taldearen 21 puntuen aurrean.

Nolakoak izan dira azken hauteskunde kanpainako hilabeteak?
Gogogor xamarrak izan dira. Logroñoko taldearekin azken partiduak jolasten ibili naizen bitartean, Bidasoarekin loturiko bilera ezberdinak egin behar izan baititut.

Zaila izan da Logroño taldeari agur esan behar izatea?
Agurra gogorragoa izango zela espero nuen. Azkeneko partidak arraroak izan dira, urte erdian taldea utzi behar izan dudalako. Hala ere, jende askoren maitasuna eta babesa jaso dut.

Logroño taldearekin jokatutako azken partidua berezia izan zen?
Azken hilabeteetan nahi haina jokatu ez dudan arren, azken partiduan dezente jokatzeko aukera izan dut eta partiduaren bukaerako gola gelditu ahal izatea amets bat izan zen.

Azkenean hauteskundeak uste baino lehenago ospatu ziren ezta?
Ez zen gure erabakia izan, presidenteak erabaki behar zuen eta, beste hautagaitzarekin data adostea ezinezkoa izan zenez, presidenteak hartutako erabakia onartu behar izan genuen.

Nola bizi izan zenuen hauteskundeen eguna?
Nahiko urduri bozkatzeko aukera iritsi zen arte, goizean aurkeztu beharreko dokumentuak direla eta. Partidua hasi zenean jokoan kontzentratu nintzen. Partiduaren amaierara arte ez nun emaitzaren berri izan,beraz ez nuen jokalari ohi bezala nostalgia sentitzeko aukerarik izan, segituan jendearen zoriontasun mezuak jaso nituelako.

Pozik zaudete lortutako emaitzarekin?
Bai, klubeko bazkideen %85ak bozkatu zuen eta izandako partaidetza altuari garrantzi handia ematen diogu.

Jada lanean hasi zarete?
Bai, abenduko lehen astera arte ezin dezakegu botere aldaketa egin , baina, orain arte zeudenek utzi egin dutenez, kluba eteten ez dadin lanean hasi gara.

Zeintzuk izango dira kargu berri honetan emango dituzuen lehen pausuak?
Lehen urratsa, zalantzarik gabe, klubean sartu eta egoera zein den ikustea izango da. Egoera ekonomikoa zein den baloratu nahi dugu klubaren benetako errealitatea zein den ezagutzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude