Pi-ren bizitza (eta gu guztiona)

Aspaldiko partez, filme bat ikusteko erabakia hartu duzu, hau da, 8.40€ ordaintzeko erabakia asteko egun arrunt bat izanez gero. Ahaztu lagunek USB batean pasatu dizkizuten filmeak, alboratu DVDtan dauzkazun telesail kuttunak, bilduma merkeetan erosi dituzun DVDak edota sarean une oro ikusi ahal duzun edozein formatako fikzio. Filmeak ikusteko pantailarik egokienean, alegia, pantaila handi-erraldoi batean ikusi nahi duzu gutxienez bizitza bezain handia den istorio bat, oxala bizitza bera baino handiagoa den istorio bat (larger than life, diote ingelesez). Kolon Ibilbidea goitik behera zeharkatzen duzularik, “eskale” deitzen diegun bost pertsonek diru eske jarduten dute ibilbidearen alde batean; pareko espaloian ere, beste bost pertsona diru eske dabiltza. Horiek egunero ikusten dituzun eszenak direnez, ez zara ezertan pentsatzen hasten eta aurrera egiten duzu abenturatako filmea omen den Life of Pi edo Piren bizitza-z gozatzera.Yurre Ugarte

Filmeak kontatzen dizu nola mutiko batek bizirauten dituen 227 egun Bengalako tigre batekin hondoratutako itsasontziaren salbatxalupa batean Ozeano Barearen erdian. Tigrearekin bakarrik geratu aurretik, hiena baten, orangutan baten eta zebra baten konpainia zeuzkan. Mutikoa animalien artean bizirauten saiatzen den bitartean, hienak orangutana eta zebra akatzen ditu. Gero, tigreak akatuko du hiena. Tigrea eta mutikoa aurrez-aurre: animalien erreinuko erregea eta gizakien erreinuko gaztea. Piztia basatiaren begirada eta gizaki gaztearen begirada oraindik garbia. Bizi sena bor-bor bietan, bakoitza bere premiekin. Mutikoa ausartzen da begiratzera tigrearen begien hondoraino; bizirauteko, saiatzen da hura domatzen. Biek gauza bera “nahi” baitute azken finean, jan, bizi. Istorio on bate sorrarazten duen harriduraz eta liluraz betea dago filmea.

Etxerako bidean, pentsatzen duzu zein salbatxalupa handian goazen guztiok (auskalo nora) edonor jateko prest dagoen bankari-ekonomia basanimaliaren konpainian. Domatua geneukala iritzita, jaten eman diogu. Eta oraingoz, piztiaren paparrari besterik ez diogu begiratu.

Yurre Ugarte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude