Momentuko egoerara egokitutako sanmartzialetako jaiak izango ditu Irunek 2020. urtean

Martxoaren erdialdean alarma-egoera dekretatu zenean Irungo udaleko kultura arloak hilabeteak zeramatzan 2020 urteko San Pedro eta San Martzialetako egitaraua antolatzen. Ekitaldi ugari hitzartuta zeuden jada, baina, osasun krisialdiaren ondorioz, emanaldiak moldatu eta ezohiko egoerara egokitu beharko dira.

Alarma-egoera ezarri zenetik, ordea, Kultura arloak hiriko jaien inguruan antolatutako ekintzak egokitzeko lanean jarraitzen du, beti ere, osasun agintarien gomendioak jarraituz. Urkullu lehendakariak berak eta lurralde mailako agintariek osasun agintarien gomendioei jarraikiz bidalitako irizpide eta gomendioak bateraezinak dira jai egitaraua ohi bezala antolatzearekin. Horrela, bide publikoan ekitaldiak egiteko baldintzak, kalean pilaketarik sortzea ekiditeko beharra eta, batez ere, segurtasuna (higiene eta urruntze neurriak bete eta betearazteko beharra) aurtengo jaietako egitaraua eta egutegia baldintzatzen ari dira, Irunen zein gainon- tzeko udalerrietan.

Egitaraua moldatzeko zeregin horren barnean, udal talde politikoekin elkarlanean, José Antonio Santano alkatea eta Juncal Eizaguirre Kultura ordezkaria jaietako egitarauaren barnean ekintzak antolatzen dituzten gizarte, kirol, kultur eta gazte elkarteekin bildu dira telematikoki. Bileran elkarteen iritzia biltzeaz gainera, bakoitzak bere jarduera ezarritako mugen barruan aurrera eramateko asmorik duten edo bertan behera uztea aztertzen ari diren ezagutu zuten udal ordezkariek.

Gaiaren inguruko lehen iritziak bildu ostean, Kultur arloak “egoerara egokitutako” San Pedro eta San Martzialetako egitaraua lantzea erabaki du: ekitaldi batzuk era desberdinean egingo dira, sare sozialek eta Internetek ematen dituzten aukerak baliatuz; beste batzuk, aldiz, ezingo dira egin. Dena dela, jaietako programaren barruan ekintzak antolatu ohi dituzten taldeek momentuko egoera ulertu eta egoera berri honetara egokitzeko prestutasuna erakutsi dute.

Auzoetako jaiak
Era berean, hiriko auzo elkarte guztietako presidenteekin bilera bat egin da, datozen hilabeteetan zehar hirian ospatu ohi diren auzoetako jaien ospakizuna antolatzeko. Udalak jaien ospakizuna mugatzen duten neurrien berri eman die elkarteetako ordezkariei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude