DokuIrun programaren barruan, Irungo Udaleko Kultura Arloak Iñigo Salaberria, in memoriam (1961-2022) dokumentalaren emanaldi bat antolatu du: ostiral honetan izango da, hilak 12, Amaia KZn, 19:00etan.
Dokumentalak Iñigo Salaberriaren jardunbide profesionala kontatzen du. Iñigo Salaberria (Errenteria, 1961-2022) Espainiako bideoartearen bigarren belaunaldiko artista izan zen. Quai de Javel (1984) eta Disdirak (1992) obrak sortu zituen, besteak beste, baita, María Elorza zinemagilearekin batera, Las horas contadas filma (2010), eta haren lanaren ezaugarri nagusiak kontenplaziozko jarrera eta begirada propio, zorrotz eta zuhurra garatzeko interesa izan ziren, pertzepzio aldaketei adi betiere.
Emanaldiaren aurretik, aurkezpen bat izango da, eta, ondoren, mahai inguru bat, Koldo Almandoz Oreina (2018), Hondar ahoak (2022) eta Urban (2023) lanen autorearen eskutik. Gonbidapenak Amaia kultur zentroaren webgunean eskuratu ahalko dira, baita txarteldegian, emanaldia baino ordubete lehenagotik, sarrerarik badago betiere.
Iñigo Salaberria
Valladolideko Unibertsitatean eta Paris III Unibertsitatean Historia eta Estetika Zinematografikoa ikasi, eta, bideoartearen hastapenak ikasi zituen, Parisko Zentro Amerikarraren bideo ikastaroen bitartez, non zenbait tailerretan laguntzaile tekniko jardun zuen, Michel Jaffrennou, Joan Logue, William Wegman eta Ken Feingold artista ezagunekin besteak beste. Ordutik aurrera, Espainiako ikus-entzunezko agertoki esperimentalaren barruko jardunbiderik oparo eta koherenteenetako bat izan zuen, eta haren lanak jaialdi eta ekitaldi artistiko ugaritan erakutsi eta saritu zituzten, Espainian zein nazioartean.
DokuIrun
DokuIrun zinema dokumentalari buruzko programa ireki eta heterogeneo bat da, film hibridoak eta esperimentalak biltzen dituena besteak beste. Era berean, hiriko zinema areto komertzialetan eskaini ohi ez diren egungo filmak ikusteko aukera ematen die herritarrei.
Proiekzioak Amaia KZn izaten dira, aurkezpen baten eta mahai inguru baten artean, protagonista edo adituren baten parte hartzearekin, eta, ahal den neurrian, gainera, Irunekin lotura duten filmak bilatzen dira.