Irunek Europako laguntza jasoko du Irugurutzeta inguruko meategietako ondareari balioa emateko

Asteazken honetan baieztatu dutenez, Irungo Udalak aurkeztutako beste proiektu bat aukeratu dute Europako laguntzak jasotzeko: Irugurutzeta inguruko meategietako ondare industrial eta kulturalari balioa ematea, ondare monumental historikoa lehengoratuta. Irunek 2 milioi euro jasoko ditu horretarako, Europar Batasunaren Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (Next Generation EU funtsen) barruko Destinoen Jasangarritasun Turistikorako Planen Ezohiko Programaren 2023ko ezohiko deialdiaren esparruan –Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak kudeatzen du Programa, Eusko Jaurlaritzaren bidez–.

Irungo alkate José Antonio Santano eta Ekonomia eta Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páez bertan zirela, Turismoko sailburu Javier Hurtadok eman du albistea, gaur goizean, Bilbon egindako ekitaldi batean. “Europako funtsei buruzko beste berri on bat dakarkigu: bi milioi euro gehiago hiriarentzat estrategikoak diren proiektuetarako”, adierazi du Santanok; “kasu honetan, hiriak bere iragan erromatarrarekin eta ondarearekin lotuta destino turistiko gisa eskain dezakeenaren barruan Irugurutzeta erreferentzia gisa sustatzeko, ingurumen gaiak kontuan izanda gainera, kokalekua: Aiako Harria natura parkearen sarrera”.

Irungo Udalak Irugurutzetarako aurkeztutako proiektuak aztarnategia bere osotasunean hobetzea planteatzen du, hiriaren eskaintza kultural historikoaren erreferente izan daitekeen aldetik, eta barnean hartzen ditu eraikinak eta ingurune naturala birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko beharrezkoak diren lanak.

Neurri nagusien artean, aipatzekoa da interpretazio zentro baten sorrera: berez, sortua da dagoeneko, baina barnealdetik egokitu beharra dago, eta bisitariei zerbitzu egiteko beharrezkoak dituen ekipamenduez hornitu, Irugurutzeta Aiako Harria natura parkearen Irungo sarrera bihurtzeko. Proiektuaren barruan erreka lehengoratzeko neurriak ere hartzea planteatu da, inguruneari balio handiagoa emateko, baita ibilbide nagusia seinalatzeko pasarela bat eraikitzea, zolagaina jartzeko lanak egitea eta gainontzeko bideak hobetzea ere. Bestalde, 2030 Agendaren esparruan, jasangarritasunaren inguruko dibulgazio jardueretarako zentro bat sortuko da, eta tren berde bat jarriko da martxan, oso erakargarria bera, hiriaren erdialdea eta aztarnategia lotzeko.

Proiektuak inguruari balioa emateko eta bisitariei informazioa emateko neurriak ere hartzen ditu barnean, Irugurutzeta destino turistiko inteligenteen sarean sartzeko helburu estrategikoa gogoan, hala nola seinaleztapena hobetzea teknologia berrien aurrerapenak kontuan izanik: QR kodeak, errealitate areagotua, ibilbide birtualak, aplikazioak, bisitariekiko aldebiko komunikazioa…

Guztiaren ardatza museo proiektu bat izango da, meatzaritza Aiako Harrian eta Ibarrola haranean mendeetako jarduera izan zela erakusteko ildoa sendotuko duena. Eduki nagusia bisitarien esperientzia izango da, haiek espazioan eta denboran kokatzea eta meategiak ikuspuntu geologiko eta historikotik Euskal Herrian eta Europan izan zuen garrantzia testuinguruan kokatzea, baita ondare naturalaren eta ondare arkeologiko industrialaren balioei buruz sentsibilizatzea ere, bata zein bestea funtsezkoak baitira komunitatearen kultura ulertzeko. Museoa instalazio aurreratu bat izango da, ikus-entzunezko aurkezpenen berezko teknikak eta baliabide digitalak erabiliko dituena, ondarearen barruko benetako elementuekin eta efektu eszenografiko eta bereziekin batera ahal dela.

Ia 11,5 milioi euroko aurrekontua

Albiste hau beste mugarri bat da Irungo Udalak Europako funtsak erakartzeko bidean. Izan ere, Next Generation EU programaren barruan, hiriak 11,5 milioi euro jasoko dituela baieztatu dute dagoeneko.  Orain arte onartutako finantzaketa ildoen artean, aipatzekoak dira San Juan plazaren ingurua berritzeko proiektua (3 milioi euro inguru) eta hiri barruko 2. linearako autobus elektrikoak –iristear daude–. Datozen hilabeteetan zertuko den beste proiektu esanguratsu bat termen birgaikuntza izango da, zeinetarako Europak 2 milioi euroko laguntzak eman dituen, eta beste bat, autobus elektriko berriak eta Ermita karrikaren eta Anakako etxeen berrurbanizazioa, zeinetarako hiriak 2,5 milioi euro eskuratu berri dituen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude