Oiasso Museoak antzerki tailerrak eta irakurketa dramatizatuko tailerrak antolatu ditu udaberrirako

Irungo Udaleko Kultura Arloak jakinarazi duenez, Oiasso Museoak antzerki tailerrak eta irakurketa dramatizatuko tailerrak antolatu ditu udaberrira begira. Tailer horien bitartez helduen eta haurren artean antzerkia, bereziki greko-latindarra, eta antzerkizaletasuna sustatzeko helburua du.

Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren programazioa ardatz hartuta, Museoaren helburua herritarren artean antzerkiaren eta ikuskizun eszenikoen gaineko interesa piztea da. Hain zuzen ere,  Irunen uztailean antolatzen den jaialdi erromatarraren osagai nagusietako bat antzerki emanaldiak dira, amateurrak barne.

Antzerki munduko profesionalek emango dituzte tailerrak, eta parte hartzaileen adinera egokituko dira. Denak ala denak Oiasso Museoaren egoitzan emango dira, eta izen-ematea ere bertan egin beharko da, telefonoz, 943639353 zenbakira deituta, edo posta elektronikoaren bitartez, info-oiassomuseo@irun.org helbide elektronikora idatzita.

Irakurketa dramatizatuko tailerra: Erregutzaileak (Euripides)

Ana Pérezek zuzenduko dituen Erregutzaileak (Euripides) irakurketa dramatizatuko tailerrak 18 urtetik gorako pertsonentzat dira. Tailer horiek maiatzaren 2an, 9an eta 17an, ekainaren 6an, 13an eta 20an eta uztailaren 4an, 5ean eta 11n egingo dira,  jaialdirako saioez gain. Tailerrak arratsaldeko 18:30ean hasi eta 20:30ean amaituko dira eta 40 euroko prezioa izango dute. Interesdunak Museoarekin harremanetan jar daitezke izena emateko.

Haurrentzako antzerki tailerrak

Nerea Arriola arduratuko da haurrentzako antzerki tailerrak zuzentzeaz eta 8 eta 13 urte arteko haurrek parte hartu ahalko dute horietan. Tailerrak asteazkenero egingo dira apirilaren 26tik ekianaren 21era arratsaldeko 17:15etatik 18:15etara. Haurrentzako tailerrek 20 euroko prezioa izango dute.

Gitarra jaialdia

Oiasso Museoak aste honetarako antolatu dituen jardueren artean, hurrengo igandean, apirilaren 30ean, 12:00etan, Hondarribiko Gitarra Jaialdiaren esparruan, Francisco Ortiz bakarlariak kontzertu bat emango du. Sarrera gonbidapen bidezkoa izango da, eta gonbidapenak agortu arte hartu ahalko dira, bezperan, Museoaren egoitzan bertan, goizeko 10:00etatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude