Yurre Ugarte. Iritzia. Mamuarena

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

2014 hasiberri honetan, Bernardo Atxagaren Etiopia liburuko poema bat gogoan, galdegin genezake, parafraseatuz: Esploradore nekatu batek zer ikus lezake/ (Irungo) metro koadratu baten mugetan… Zer ikus lezake, esate baterako, Done Jakue bideari jarraiki, Irun oinez zeharkatzen duen erromesak?… (Irun dioen lekuan, Euskal Herriko beste edozein leku izen ipini genezake)… Iraganean hemendik igaro ziren bidaiarien eta idazleen testigantza badaukagu haien liburu edota kroniken bidez, besteak beste Humboldtek, Richard Fordek eta Victor Hugok egin zuten legez. Gaur egun, aipatu galdera ia erretorikoa da, ez baita beharrezkoa honaino etortzea, herri/hiri hau zertan den jakiteko. Paisaia eta kokapen fisikoari dagokionez, google maps-ez gain, irudiak milaka daude sarean. Hemengo antipodetan egonagatik ere, sarearen bidez, Borboiaren erreinuko EAE honetan 2013. urtean gertaturikoak jarrai ditzake edonork lasai asko eta zehaztasun haundiarekin. Beraz, urruneko esploradore nekatu nahiz internauta abilak honako hauen guztien berri izango zuen: langabeziaren gorakada, enpresen itxiera etengabea, murrizketak soldatetan, murrizketak aurrekontu guztietan -banketxeak salbatzeko aurrekontuetan izan ezik-, murrizketak ongizate neurrietan, etxe-kaleratzeak, etxe-kaleratzeek eragindako heriotzak, luxuzko bilakatu diren oinarrizko zerbi-tzuak, pobreen kopuruaren igoera, hilabete bukaerara iristen ez direnen igoera nabarmena, PPopularraren Hezkuntza legearen ezarpena, PPopularraren Segurtasun Legearen proiektua, epaiketa politikoak, makro-epaiketa politikoak, agintari bati tarta bat botatzeagatik bi urteko epaia ematen duten epaileak, PPopularraren Abortuaren lege “berria”, euskal bake prozesuaren “etenaldia”, politikarien ustelkeria, Kataluniako herriaren eta politikarien independentziaren aldeko ekimena. Kultur esparrua aipatu gabe utzita espazio faltagatik eta jakinda aurretik aipatu guztiek eragin zuzena dutela edonongo kultur sorkuntzan, produkzioan eta zabalkuntzan.
Ordea, interneten bidez akaso ezin da atzeman erromes nekatuenak ere atzemango lukeena oinak lurraldeotan jarri orduko. Intzensu ustelaren kiratsa darion mamu bat baita; kate erdoilduak karranka darabilzki, hizkuntza bakarreko orroa dauka. Mamu honi gorputza 1975.ean hil zitzaion arren, espiritua 2013an biziberritu zaio. Gu erabat izutu aurretik, etxetik bota beharko genuke betiko, edo amesgaiztotik irten ezin ibiliko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude