Leka Eneak taldekako jokoaren indarra erakutsi du Zamoran jokatutako adinkako Espainiako Txapelketan

Leka Enea mahai-tenis klubak hitzordu garrantzitsua izan zuen ekaina amaieran Zamoran jokatutako adinkako Espainiako Txapelketan. Klub irundarrak agerian utzi zuen taldean jokatzeko duen ahalmena. Izan ere, bigarren urtez jarraian haur kategoriako mutilen taldea taldekako txapelketan nagusitu zen. Gazte kategoriako kirolariek, berriz, lehen postua lortu zuten lehen aldiz taldekako sailkapenean.

“Aurtengo lorpenak ikusita, datorren denboraldian emaitza on horiek errepikatu ahal izatea espero dugu”

Ioana Tecla, entrenatzailea

Ioana Tecla Leka Eneako haurren taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, txapelketa uztailaren 3an amaitu zuten eta lortutako emaitzak nahiko onak izan dira. Entrenatzaileak haur, gazte eta 21 urtez azpiko kirolarien taldekako lorpenak nabarmendu ditu. “Hala ere, maila indibidualean dominaren bat lortzeko gogoarekin geratu gara”, gaineratu du entrenatzaileak. Entrenatzaileak nabarmendu duenez talde bakoitza osatzen duten jokalariak txikitatik Leka Enea klubean trebatutakoak dira. Datu esanguratsua da hori, izan ere, beste klubetan fitxaketez baliatzen dira talde indartsuagoak sortzeko. “Gure jokalariak bertan trebatuak izateaz gainera, oso talde homogeneoa osatzen dute” azaldu du Teclak. Leka Enea klubak harrobiarekin lan egiteko duen konpromisoaren emaitza da hori.

Haurren taldea

Zamoran lortutako dominen artean haur mailako mutilen taldeak lortutako urrezko domina lorpen historikoa izan zen. “Oso pozik gaude haurren taldeak iaz lortutako titulua berrestea lortu baitu”, azaldu du Ioana Teclak. Hain zuzen ere, Espainiako eta Euskal Herriko Mahai Tenisean horrelako lorpen bat bikoiztea lortu duen lehen taldea izan baitzen. Beñat Garcíak, Iker Plazak, Eneko Rodríguezek eta Xabier Toquerok osatu dute haurren mutilen taldea eta iaz Cartagenan lortutako tituluari eustea lortu dute. Xabier Toquerok azaldu duenez, “guretzat irabazleak izatea sekulako lorpena izan da”. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Kirol Sailak etorkizun handiko kirolari izendatu ditu Leka Eneako lau jokalari hauek.

“Datorren urtean ere banaka zein taldeka emaitzarik onenak lortzeko borrokatuko gara”

Beñat García, Gazteen kategoriako jokalaria

Final-laurdenetatik aurrera taldeak aurkari eta partida oso zailak defendatu behar izan zituen, baina azkenean aurre egitea lortu zuten finalean txapeldun izan arte. Iker Plazak adierazi duenez, “txapelketaren hasieran egoerara egokitzea ez zen erraza izan, baina azkenean txapeldun titulua lortu genuen, nahiz eta finala oso parekatua egon zen”.   Haurren entrenatzaileak adierazi duenez, “iaz ustekabean garaipena lortu bazuten ere, aurten berriro domina lortzeko irrikaz joan gara txapelketara”.

Gazte taldea

Leka Eneako Gazte mailako mutilen taldeak txapelketa honetan garaile titulua lortu duen lehen urtea izan da. Hirugarren zerrendaburuak ziren arren, ezustekoa eman dute txapeldun titulua lortuz. Aimar Chamorrok, Beñat Garcíak, Aimar Mikelajaureguik, Ander Cepasek eta Haitz Mínguezek osatzen dute taldea. Beñat Garía taldekidearen hitzetan, “partidu guztiak irabazi edo behintzat bigarren postua lortzeko asmoarekin joan ginen talde on bat genuela bagenekielako, beraz, oso pozik gaude lortutako lehen postuarekin”.

Ioana Teclak adierazi duenez, gazte taldearen garaipena sorpresaz iritsi zitzaien: “Ander Cepas oso jokalari ona dela bagenekien; beraz, taldearen oinarria bera zen eta gainontzeko taldekideekin taldea osatzen saiatu gara”. Gazteen taldeko jokalariak azaldu du, urte guztia ematen dutela txapelketa honetan lortu dezaketen emaitzan pentsatzen. “Garaipenak nolabaiteko presioa suposatu dezake datorren urterako, burua hotz mantentzen saiatu behar gara beraz,”, erantsi du Garcíak. Gauzak horrela, aurtengo lorpenak abantaila eman eta aurkariak beldurtu ditzakeen arren, aurten erakutsitako mailari eusten ahaleginduko dira jokalari gazteak hurrengo denboraldian.

21 urtez azpikoak

21 urtez azpiko mutilen taldea Espainiako txapeldunordea izan da taldekako txapelketan. Iker Martinezek, Hodei Manchak eta Ander Cepasek osatutako taldea finalean Parlako talde madrildar indartsuaren aurka erori zen, ordura arte txapelketa bikain bat egin ostean. Ioana Teclaren hitzetan, 21 urtez azpikoena ere emaitza oso ona izan da, “nahiz eta beraiek urrezko domina lortu zezaketela uste, finaleko partidua oso zaila izan zen”. Dena den, entrenatzaileak lorpenaren garrantzia azpimarratu du, urte luzez Leka Enea klubean egindako lanaren erakusle baita.

Erronka berriak

Ioana Teclak azaldu duenez kirolariei urtea luze egiten zaie. Izan ere, dagoeneko abuztuan hasten dituzte denboraldiaurreko entrenamenduak eta azken txapelketak ekaina amaieran jokatzen dira. Beraz, urte osoa lanean ematen dute jokalariek, entrenatzen eta partiduak jokatzen, denboraldi amaieran emaitza onak lortzeko esperantzarekin. Ioana Teclak aipatu duenez, “aurtengo lorpenak ikusita, datorren denboraldian emaitza on horiek errepikatu ahal izatea espero dugu”. “Bien bitartean, lanean jarraitu beharko dugu ekainean egindako lanak saririk ba ote duen ikusi baino lehen”, gaineratu du entrenatzaileak.

Denboraldiko helburuez galdetuta, Ioana Teclak adierazi du jokalariren batek banakako sailkapenean dominen bat lortzea gustatuko litzaiokeela, gutxienez haurren kategoriako kirolarien artean. “Espainiako Txapelketaz gain, Ligak ditugu, irailaren 30ean hasiko direnak eta kirolari bakoitzak helburu ezberdinak ditu horietan”, adierazi du Teclak urte luze eta gogorra izango dela aurreikusiz. Xabier Toquerok zera aipatu du denboraldi berriaren atarian,  “denboraldi hasieran beti motibazio handiagoa daukazu eta aurreko urteko lorpenak gutxienez berdindu edo hobetu egin nahi dituzu”. Gazteen kasuan,  Beñat Garcíak azaldu du, “Espainiako Txapelketaren emaitza urtean zehar egindako lanaren ondorio dela badakigu, beraz, datorren urtean ere banaka zein taldeka emaitzarik onenak lortzeko borrokatuko gara”.

“Denboraldi hasieran beti motibazio handiagoa daukazu eta  aurreko urteko lorpenak gutxienez berdindu edo hobetu egin nahi dituzu”

Xabier Toquero, Haurren kategoriako jokalaria

Gainera, Leka Enea klubean mahai tenisa probatu eta kirol hau ezagutu nahi duten pertsonei harrera egiteko prest jarraitzen dute. “Klubean edonorentzako lekua dugu, bai mahai teniseko txapelketetan lehiatu nahi direnentzat, baita aisialdiaz gozatzera datozenentzat”. Horretarako, beharrezkoa da klubarekin harremanetan jartzea Leka Eneak eskaintzen dituen aukeren berri izateko. Urtero moduan, Leka Eneak ikasturtea hastearekin batera berreskuratuko du ohiko lan erritmoa.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude