Elkarrizketariak egitasmoak etenaldia egingo du udaran

Elkarrizketariak egitasmoak etenaldia egingo du udako hilabeteetan. Oporren ostean, ikasturte berriarekin batera martxan jarriko da berriz ere. Azkeneko urteetan ekimen honek indar handia hartu du Irungo hiriko biztanleen artean.

Hiritarrek euskara ikastea eta praktikatzea da egitasmo honen helburua. A1 eta A2ko euskara maila duten adin desberdinetako irundarrek parte hartzen dute Irungo Udalak bultzatutako egitasmo horretan. Era honetan, Elkarrizketaraik egitasmoan parte hartzen duten pertsonek kasu berean dauden pertsonak ezagutu eta haien mailara egokitutako tailer eta saioetan parte hartzen dute. Hortaz gain, lagun euskaldunak egin edo euskaraz bizitzeko aukera zabaltzen da horrelako egitasmoen bitartez.

Ikasturtean zehar hilero bi saio antolatzen dira, hamabostean behin, eta saioak ostiraletan izan ohi dira. Bi eratako dinamikak antolatzen dira Elkarrizketariak egitasmoaren barnean: mintza saioak  eta tailerrak. Mintza saioek ordubeteko iraupena dute. Saio horietan, dinamizatzaile baten laguntzarekin, taldeko ariketen bitartez parte-hartzaileek euskara hitz egiteko trebezia lortu eta lotsa galtzen dute.

Bestetik, mintza saioez gain,  ordu eta erdiko iraupena duten era askotariko tailerrak antolatzen dira Elkarrizketariak egitasmoaren barruan. Kooperazio jolasak, sukaldaritza tailerrak, irteerak eta fandango eta arin-arin ikastaroak egin ohi dira, besteak beste. Gainera, kurtsoan zehar ekintza gehigarri ezberdinak antolatzen dira ere: mendi irteerak, ekintza kulturak edo bertso afariak bezalako bestelako ekintzak.

2017-2018 ikasturtea

2017-2018ko Elkarrizketariak egitasmoaren ikasturtean zehar, guztira, 15 saio antolatu ziren. Altxorraren jokoa, Euskal Herriko Gabon eta inauteriak, lanbideak, euskal kanta eta dantzak, gazteak eta atzerriak, euskal zinematografia edo kirolak bezalako gaiak landu ziren saio horietan. Gainera, kurtsoaren amaiera ospatzeko, ikasturte amaierako afaria antolatu zuten.

Kurtso berria

Datorren ikasturtean Elkarrizketariak egitasmoan parte hartu nahi duten interesatuentzako izen-emate epea urrian zabalduko da. Bestetik, euskara maila altuagoa duten partaideek Irungo Udalak bultzatutako Mintzalagunak egitasmoan parte hartu ahalko dute. Interesatuek informazio gehiago aurkitu dute www.irun.org/euskara webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude