Irungo Udal Euskaltegian LANNAHI programaren bigarren txandan izena emateko epea zabalik dago

Irungo Udal Euskaltegiak abian jarriko du LANNAHI programaren bigarren txanda. Programan izena eman nahi dutenek horretarako aukera dute azaroaren 29tik abenduaren 9ra. Langabezia egoeran dauden pertsonei edo %50etik beherako lanaldia dutenei begirakoa da programa eta haren bitartez euskara debalde ikasteko aukera ematen zaie.

Bigarren txandako ikastaroa urtarrilaren 10ean hasi eta apirilaren 13an bukatuko da. Ikastaroa aurrez aurre eskainiko da. Ikasle eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartuko dira. Udalak programa honen bost txanda eskainiko ditu 2021-2022 ikasturtean: 3 ikasturtean zehar eta 2 udan. Ikasturtean zehar goizeko txandetan izena ematen dutenek lau orduz arituko dira euskara ikasten eta arratsaldeko txandetan, aldiz, 3 orduz. Udan, ordea, lau ordu arituko dira goizez.

Eskaria
LANNAHI programaren 2. txandan izena eman nahi dutenek izen-ematea internetez egin beharko dute, azaroaren 29tik abenduaren 9rako epean. Horretarako, SAC24h zerbitzuaren bitartez IRUN TXARTELA edo beste ziurtagiri digital batzuk erabiliz (NAN elektronikoa, IZENPE txartela…), eta hori ezinezkoa bazaie, HAZeko autozerbitzu terminaletan (San Martzial kalea, 2) egin ahalko dute matrikula egunero 8:00etatik 22:00etara.

Eskaria internetez egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943 505273 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.

Doako ikastarorako betekizunak
Ikastaroa doakoa izateko baldintza batzuk bete behar dira. Batetik, LANBIDEn lan eskatzaile bezala inskribatua egotea. Bestela, langabezian egotea, % 50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren % 50 ez gainditzea.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten ikasleek matrikula ordaindu beharko dute. Hala ere, ordaindutako kopurua udalak urtero ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude