Atzo arratsaldeko azken orduan Behobian uholdeen aurkako plana aktibatu zuen Larrialdietarako Mahaiak. Ordutik, Udaltzaingoa, Babes Zibila, Suhiltzaileak, Txingudiko Zerbitzuak eta udal zerbitzu gehiago egon dira lanean eremu horretan. Ibaiaren goraldiak eta gainezka egiteak eragindako ondorioak arintzen saiatzen ari dira. Uholdeak Behobiako auzo osoari, etxebizitzei, saltokiei eta establezimenduei eta bertara iristeko bide nagusiei eragiten die.
Ostegunetik ostiralera bitarteko gauean eman zitzaien egoeraren berri herritarrei (ibaitik gertuen dauden eraikinetako auzotarrei eta merkatariei), eta eskatu zitzaien ibilgailuak lurpeko garajeetatik ateratzeko. Horrez gain, uholdeen kontrako hesiak jarri ziren, posible zen heinean uraren gorakadari aurre egiteko. Eguna argitzean, Behobiako zenbait kale urez estalita zeuden, batik bat Lastaola eta María Juncal Labandibar, Zaisa I aparkalekua eta, batik bat, Mendipe ingurua, bertako lau etxetan ura sartu baita. Horiez gain, auzoko zenbait dendari ere eragin dio uholdeak. Kasu batzuetan, suhiltzaileek eta Txinzerreko langileek ura atera behar izan dute eraikinetatik.
Trafikoari ere gogor eragin dio urak: goiz erdialderako ezin zen auzora sartu Irun erdialdetik, uholdea dela-eta Juan Thalamas Labandibar kalea moztu behar izan baita Osibiribiletik. Uneotan, ibilgailuak Blaia hiribidetik eta Zaisa 3tik desbideratzen ari dira. Edonola ere, ezin da Endarlatsa ibilbideko biribilguneetara joan, ur ugari dagoelako han pilatuta, eta autobidetik irten behar da, Iparralderantz edo Donostiarantz, edo Nafarroako errepidea hartu behar da.
Guardia Kidegoaren eraikinean bildu da 10:30ean egoeraren jarraipena egiteko osatu den mahaia. Goizeko lehen ordutik bertan izan den José Antonio Santano alkatearen hitzetan, «ur-maila hauek historikoak dira guztiz. Endarlatsan ez da inoiz erregistratu 8,34 metrotik gorako mailarik; argi dago, beraz, egoeraren larritasuna. Adi jarraituko dugu, kontu handiz ibiliko gara. Protokoloak aurrera jarraitzen du, uholdeen kontrako hesiekin, eta auzotar guztiei jakinarazten diegu egoera kezkagarria dela».
Arazoak beste zenbait puntutan
Denboralearen ondoriozko arazoak izan dira Irungo beste puntu batzuetan, botatako euri-jasak direla eta, baina goizak aurrera egin ahala hobera egin du egoerak. Hiriko leku batzuetan pilatutako putzuez gain, aipatzekoak dira Ermita kaleko etxe batean bart izandako arazoak, Bidaurre-Ureder industrialdean haizeak botatako zuhaitz batzuk edo Jaitzubiko errekaren goraldia. Atzo kezkagarria zen oso, baina ostiral goizean hobera egin du. Gainera, azken orduetan berriz ireki dira sarbideak Zubimuxuko aldapan (saihesbidetik), ura dela eta ordu batzuez itxita egon eta gero, bai eta Olaberritik Katea auzorako errepidea ere, atzo eroritako zuhaitza erretiratu ostean.