Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

10831: Neskak eskola jasotzen Gurutze Gorriko dispentsarioan.

1921eko ekainaren 5ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. Aldizkariaren 301. zenbakiko lehen idatzian “El Bidasoa” aldizkaria ideologia politiko desberdinen aurrean inpartziala eta independentea izan nahi duela adierazten da. E.R. kolaboratzaileak haurrek txoriak erasotzeko duten ohitura aipatzen du, gurasoek seme-alaben heziketan gehiago zaindu behar dutela ondorioztatu aurretik. Yole olerkariak Bekatu Kapitalen inguruko gogoeta plazaratzen du bere bertsoen bitartez. Jarraian, P. Sarasquetak San Juan plazako kasinoarekin loturiko pasartea kontatzen du, Irunen zozketa herrikoiak desagertzeko zorian daudela jakinarazteko.

61816: Ama Shantalen eta Korrokoitz kaleen arteko elkargunea 1976an.

Kirol kronikan hiriko futbol txapelketa eta Real Union taldeak jokatutako azken partiduetako emaitzen berri ematen da. Mañuelek erreferentzia egiten dio “Cosas que se pasan en Irun” atalean Arkalek aurreko zenbakian publikatutako artikulu bati, ostean emakumeen janzkeran zentratzeko. “Dulcinea del Toboso” izenordearekin sinaturiko idatzian, emakume batek gaztelutik gizon bat nola kanporatzen duen kontatzen du. Hurrengo idatzian Irunen etxebizitzaren arazoa geroz eta larriago dela azaltzen da, etxeak falta direla eta logela bat topatzea zaila dela salatzeko.

38495: Merkatu plaza, gaur egun Genaro Echeandia, eskuinean merkatua ikusten da; ezkerrean, jende ugari, Alondegiaren, Udal Laborategi Kimikoaren, Udal Institutu Politeknikoaren eta San Luis Ikastetxearen egoitza izandako eraikinaren aurrean, garai hartan Freyre Jeneralaren kalea deituta.

“Notas municipales” atalean azken udal bilkuran hartutako erabakien laburpena argitaratzen da. “Ecos de sociedad” atalean, berriz, hiriko biztanle aberats eta ezagunen ezkontza, bidai eta azken lorpenak biltzen dira. Azkenik, “Noticias” izeneko berri laburren atalean, Erromatik Madrilera bidean Irundik igaro den trena, Colón pasealekuan telefonia-sarea instalatzeko lanak eta udalekuetarako izen-emateak aipatzen dira, besteak beste, publizitatez betetako aldizkariaren azken orrialdeari lekua utzi aurretik.

Argazkiak:

10831: Neskak eskola jasotzen Gurutze Gorriko dispentsarioan.

61816: Ama Shantalen eta Korrokoitz kaleen arteko elkargunea 1976an.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude