GazteARTEan Irungo Udaleko Gazteria Zerbitzuak GazteARTEan bekaren hirugarren edizioa aurkeztu du. Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroaren alorreko gaiak ikertzeko beka bat da, 35 urtetik beherakoei zuzendua.
«Bekaren xedea da gorabidean doan ekimenaren garapen autonomoa babestea, gazteen artean ikerketa-lana sustatzea eta, aldi berean, Udalak eta gazteek elkarrekin lan egiteko ildo berriak irekitzea», azaldu du Santi Jiménez ordezkariak.
Ikerketa-lanak 8.000 euroko aurrekontu-zuzkidura du, eta, gehienez ere, 8 hilabete iraungo du, esleipena egiten denetik kontatuta, eta amaierako emaitza entregatzeko, hainbat formatutako proposamenen aukera egongo da: proiektua, prozesua edo ekintza (dibulgazioko materiala, prozesu kolaboratiboak eta/edo partizipatiboak…).
Bekaren asmoa da gazteei eskubide osoko herritar gisa gaitzen laguntzea; herritar gazte erantzunkide, kontziente, proaktibo eta emantzipatuak sustatzea, alegia. Era berean, Udalaren eta irundar gazteen arteko lan esparru bat sortu nahi da, harreman horizontal eta orekatu batean oinarritua. Gazteak ezagutzeko, konektatzeko, kontrastatzeko, eztabaidatzeko eta eraikitzeko aukera emango duen harreman bat, hain zuzen. Era berean, proiektuaren planteamendu globalean genero-ikuspegia sartzea ere aintzat hartuko da.
Azkenik, aipatzekoa da deialdi honetan arloaren ideiak islatzen direla, autonomiaren, sorkuntzaren eta berrikuntzaren garapenari eta izaera esperimentalari balioa emanez.
Betekizunak:
- Beka hau pertsona fisikoek eskatu ahal izango dute, banaka edo horretarako sortutako taldeetan.
- Beka lortzeko ezinbestekoa da unibertsitateko gradu bat edo lizentziatura bat izatea.
- Beka eskatzeko urteko abenduaren 31n 35 urteak bete gabe izan behar ditu eskatzaileak.
Proiektuak aurkezteko epea: 2021eko uztailaren 19a
Zuzkidura ekonomikoa: 8.000,00 €
Gazteartean bekaren aurreko edizioei dagokienez, 2018an «Eta orain, zer?» proposamena saritu zen. Ikerketa hartan, gazteek beren etorkizuna aukeratzeko momentua aztertzen zen: lan-merkatura sartzeko unea, helduarorako ezarritako ardurak beren gain hartzeko eta gurasoen etxetik independizatzekoa, beren bizitzari ekiteko momentua, etab. 2019an, aldiz «Maitasun-harremanak eta sexu-portaerak nerabezaroan» izeneko ikerketa-proiektuak jaso zuen laguntza. Ekintza horretan Irungo nerabeen maitasun-harremanak eta sexu-portaerak aztertu ziren, bai eta azken urteetan sortutako arazoak ere, teknologia berrien masifikazioaren ondorioz, adingabeek jasotzen duten edukiaren aurreko babesgabetasuna eta eskolako sexu-hezkuntza falta direla eta.