Osasun Bidasoa plataformak Bidasoa eskualdeko espezialitateetako kontsultetako itxaron-zerrenda luzeak salatu ditu

Berriki, Osakidetzako arreta espezializaturako itxaron-zerrendei buruzko datuak zabaldu dira.  Datu horien arabera, Euskadi itxaron-denbora laburrena duen erkidegoa omen da (44 egun) estatuko 87 eguneko batez bestekoaren ia erdia. Euskadin, batez besteko itxaronaldiei dagokienez, traumatologia (54 egun ), ginekologia (49) eta dermatologia (48) dira itxaron-zerrenda luzeenak dauzkaten espezialitateak. Osasun Bidasoa plataformak salatu duenez Bidasoa eskualdeko espezialitateen kontsultetarako itxaron zerrendek nabarmen gainditzen dute Euskadiko batez bestekoa.

Osasun Bidasoa Plataformak agerian utzi nahi du Bidasoa eskualdeko egoera aurkeztutako datuek adierazten dutena baino askoz okerragoa dela. 2023ko azaroaren 10eko datuak kontuan hartuta , Bidasoan, traumatologia kontsultarako itxaron zerrenda 188 egunekoa da (Osakidetzan, berriz, 54 egunekoa, batez beste); ginekologiako itxaron zerrenda 53 egunekoa da (49 egunekoa batez beste Osakidetzan); eta 75 egunekoa dermatologian (Osakidetzan 68 egunekoa batez beste). Datu horiei gehitu behar zaie urologiako, errehabilitazioko eta minaren klinikako kontsultetarako itxaron zerrendarik ez izatea, ezinezkoa baita pazienteak zitatzea, horretarako agendarik ez dagoelako.

Datu horiek agerian uzten dute Bidasoa eta Bortzirietako osasun publikoa zein egoera larrian dagoen; izan ere, batez bestekoa baino itxaron-zerrenda askoz handiagoak dituzte traumatologia (Espainiako batez bestekoa baino 100 egun gehiago), urologia, errehabilitazioa edo minaren klinika bezalako espezialitate garrantzitsuek. Aipatzekoa da, halaber, ekografia bat egiteko itxaron-zerrenda 230 egunekoa dela, eta horrek atzerapen diagnostiko larriak ekar diezazkiokeela populazioari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude