Irungo Udaleko Obra Arloak jakinarazi duenez, datozen hilabeteotan hiriko zenbait landa bidetan esku hartzekoa da, eta, horretarako, lehenik, lan multzo berria egikaritzeko proiektua onartu eta lizitatu du.
Aurrekontua 89.999,99 eurokoa da, eta helburua, Lapitze, Olaberria eta Meaka auzoetako bide zati batzuk konpontzea, hondatuta baitaude.
Lehendabizi, Lapitzen 20-30 metroko zati bat konponduko da; zehazki, Altamira bidean, Azpilikueta baserrirantz. Olaberrian, berriz, 100 metro inguruko zati batean esku hartuko da, Meakar bidean.
Azkenik, Meaka auzoan, bi zati aldatuko dira: batetik, 100 metro pasatxo Makatzaga bidean, Burutaran baserriko sarreretan, eta, bestetik, 120 metro karratu guztira, bi ataletan banatuta, Frantziun bidean.
Betiere, irisgarritasuna hobetzea da helburua, eta, horretarako, bideetako hormigoizko zorua konpontzea. Alabaina, aukeratutako gune batzuetan ez dago hormigoirik, eta, horregatik, proiektua osatzen duten konponketa lanen barruan, gainazal mota hori instalatuko da.
Milioi bat inguru
Azken urteetan egindako hobekuntzen jarraipena izango dira lan hauek. Guztira, aurreko urteetako jarduketak kontuan hartuta, 2015etik 2020ra bitartean, 838.766,76 euro inbertitu dira, zirkulazio handiko hainbat landa bidetan, hala nola Etxeberrin, Oiakintan eta Zamora baserriko eta Irugurutzetako labeetako sarreretan.