Olaberria eta Katea artean dauden hainbat zati konpontzeko ia 150.000 euroko inbertsioa egin da
Obra Arloak adierazi du uztailaren amaieratik hainbat lan egiten ari direla landabideen egoera hobetzeko atal berriaren baitan. 144.740,20 euroko aurrekontuarekin, Katea eta Olaberria auzoen arteko hiru zati zehatz hobetzeko lanak programatu dira eta azpimarragarria da Etxeberri bidearen laugarren fasea.
“2020 urterako landa-bideak hobetzeko aurreikusitako lanak dira” azaldu du Cristina Labordak, Obretako ordezkariak. “Etxeberriren kasua dugu bereziki. Hiriaren bide garrantzitsuenetakoa, faseka konpontzen ari garena, baina hondatuta dauden hiriko beste bide-zati batzuk ere konponduko dira. Baserrietara eta gainerako etxebizitzetara zerbitzua emateaz gain, paseatzeko edo kirola egiteko asko erabiltzen diren bideak dira eta egoera onean izateak arduratzen gaitu”.
Lanen atal hau Usategieta bidean hasi da, Gaintxurizketa-Erain zatian, hain zuzen ere, eta ikasturtea hasten denerako bukatua izatea da helburua. Gaur egun, zoru zaharra eraisteko eta saneatzeko lanak egin dira, baita bidearen oinarrizko geruza berria zabaltzeko lanak ere. Abuztuan amaituko da gaur egun obretan dagoen zatia eta Etxeberri bidearen zatia berritzeko lanak hasiko dira.
Hurrengo geltokia: Etxeberri
Irungo landa-bide garrantzitsuenetako bat da Etxeberri, 2 km baino gehixeagoko luzerakoa (6 km, bidea bitan banatzen duten adarrak kontuan hartuz gero). 2016 urteaz geroztik, Etxeberri bidea hainbat fasetan berritu da eta Arbelaiztxipi eta Makatzaondo baserrien arteko azken zatia geratu da obra honetan egiteko. Inguruko hainbat baserriri zerbitzua ematen dion bide honetan 364.788,56 euroko inbertsioa egin da orain arte. Zehazki, bide nagusiaren 280 metro konponduko dira, hondatuta eta zartatuta baitago.
Lanen atal hau Meakar bidearen zati baten hobekuntzarekin amaituko da; 5.761 metroko luzera duen bide-zatiaren konponketarekin. Bide nagusian 175 metro konponduko dira; Aranburuko Errota eta Meakar Goikoa artean. Gainerako bide-zatiak bezala, bidearen zati hau ere oso hondatuta dago eta drainatzeko ahalmen txikia du.
Hiru puntu hauetan egingo diren lanak 15 asteko epean egitea aurreikusten da.
Milioi bat inguru
Zenbakitan, eta aurreko urteetako lanak gehituz, 2015etik 2020 urtearen erdialde arte 838.766,76 euro inbertitu dira hainbat landa-bidetan, hala nola Etxeberrin, Oiakintan eta Zamora baserrirako eta Irugurutzetako labeetarako bideetan.