Nola prestatu zure establezimendua ateak berriro zabaltzeko?

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen eskutik, Irungo ostalarientzako Internet bidezko doako ikastaroa, ostegun honetan, hilak 7, 09:00etatik 12:00etara edo 16:00etatik 19:00etara bitartean

Irun Aurrera pizgarri ekonomiko eta sozialak emateko planaren barruan, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen eskutik, ostegun honetan, hilak 7, ostalariek COVID-19 gaitzaren ondoriozko pandemiari aurre egiteko protokoloei buruzko Internet bidezko ikastaro bat izango dute aukeran. Irungo ostalarientzako ekimen bat da, Bidasoa bizirik-ekin elkarlanean eramango dena aurrera, eta, batez ere, ateak maiatzaren 11n zabaltzeko asmoa dutenentzako pentsatuta dago.

Ikastaroak hiru orduko iraupena izango du, bi txandatan emango da, eta doakoa izango da erabat. 150 lagunek bakarrik parte hartu ahalko dute, eta, hortaz, gehienez, establezimendu bakoitzeko bi pertsonak eman ahalko dute izena. Zer ordutegiko txandan parte hartu nahi duten, interesdunek esteka honetan eman dezakete izena: (maiatzaren 7an, 09:00etatik 12:00etara bitartean edo 16:00etatik 19:00etara bitartean):

Prebentzio neurriak

Ostalaritza eta turismo sektoreko enpresek laneko osasunaren ikuspuntutik COVID-19 gaitzaren ondoriozko arriskuak minimizatzeko hartu beharreko prebentzio neurrien berri emango du ikastaroak, eta aplikatu beharreko neurri mota guztiak jorratuko ditu, hala nola antolaketa neurriak, babes neurri kolektiboak eta babes neurri indibidualak, normaltasun berriranzko trantsizio plan berriaren zehaztapenetara egokituta.

Irun Aurrera planak prestakuntzarako xedatzen dituen laguntzen barruan dago ikastaroa. Era berean, bihar, asteazkenarekin, Internet bidezko merkataritzari buruzko ikastaro bat egingo da laguntza horien barruan, eta dagoeneko ez dago lekurik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude