Obra arloak jakinarazi duenez, urriaren 26an, astelehenean, Zabaltza plazako bidea eta Zuberoa kaletik hurbilen dagoen zatia berrurbanizatzeko lanen lehen mugimenduak ikusi ahal izango dira. Lan horiek bat egingo dute duela hilabete batzuetatik alde horretan etxebizitza berriak eraikitzeko egiten ari direnekin.
Cristina Laborda ordezkariak azaldu duenez, “Oinezkoentzat gero eta toki gehiago sortzen ari den hiri baterantz goaz. Adibide gisa, lan horiek ditugu; izan ere, toki atseginago bat gozatzeko aukera emango digute, erdigunean bertan, oinez doazenei lehentasuna emanez “.
Horrela, Zabaltza kalearen antolamendu berriak bidea kotaz igotzea aurreikusten du, egungo espaloien parean kokatzeko, horrela plataforma bakar bat sortuz. Gainera, 5 eta 7 zenbakiko atarien arteko tartean, aparkatzeko zerrendak kendu dira kalearen bi aldeetan, eta zabaldutako tokia alboko espaloiak handitzeko erabiliko da. Bestalde, 3 eta 4 zenbakiko etxebizitza-blokeen aurreko zatian, aparkatzeko gune bana egingo da bidearen bi aldeetan. Higiezinetatik gertuen dagoena zama-anetarako izango da, eta bestaldean, mugikortasun urriko pertsonak eta motorrak aparkatzeko.
Zuberoa kalearen kasuan (Policarpo Balzola kalearekiko bidegurutzeraino), aurreikusten da eskuineko hegalean dagoen aparkatzeko banda osorik kentzea, askatutako espazioa birbanatuz. Hala, kalearen zeharkako sekzio berria espaloi bat izango da kalearen alde banatan, eta biak oraingoak baino handiagoak izango dira. Horrez gainera, errei bat izango da ibilgailuen zirkulaziorako, noranzko bakarrekoa, eta lineako aparkaleku-banda bat ezkerraldean, beheranzko noranzkoan.
Bestalde, berrurbanizazio-lanekin koordinatuta, proiektatutako zerbitzu-azpiegitura berriak jarriko dira (saneamendua, hornidura, udal-komunikazioak eta argiteria), eta lehendik dauden sareak antolamendu berrira egokituko dira. Lan horiek guztiak egiteko epea 6 hilabetekoa da, eta 332.073,53 euroko aurrekontua izango du, eta Otegui Gaztañaga SL da enpresa esleipenduna.
Zuberoa kaletik hasiko da obra,Po licarpo Balzola kalearen eta Zabaltza arteko zatian, eta trafikoa itxi egin beharko da, eta garajeetara sartzeko bakarrik erabili ahal izango da. Mendibil ingurutik desbideratu eta Iparralde hiribidera aterako da. (erantsita doa planoa).
Aurreikuspenen arabera, asteazkenean, hilaren 28an, moztuko da trafikoa, eta 1,5 hilabete inguru iraungo du.