Konfinamenduaren ondorioei aurre egiteko, kultura

 Kultura Arloak Covid-19aren pandemiaren lehenengo asteetan sustatu zituen ekimenen emaitzak CBAn jarri dira.

Komiki liburu bat, horma irudi bat eta erakusketa bat aurkeztu dira. Era berean, kontzertu eta hitzaldi telematikoak izan ziren.

 Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek, Udal Marrazki eta Pintura Akademiako irakasle Rakel Salinas eta Xabier Arribasekin eta Jorge Madejón komikilariarekin batera, Departamentuak konfinamenduan antolatutako online jardueren emaitzak aurkeztu ditu.

“Kultura konfinamenduaren ondorioei aurre egiteko pizgarritzat erabiltzeko asmoz, bertako eragileekin elkarlanean, Udalak hainbat online ekimen jarri zituen martxan, eta harrera oso ona izan zen. Gure konpromisoa aukerak eskaintzea zen, eta, gero, behin alarma egoera igarota, ahal zenean, emaitzak aurkeztea eta jendaurrean erakustea, herritarrek ikus zitzaten”, azaldu du Juncal Eizaguirrek.

Kulturako ordezkariak gogorarazi duenez, parte hartzeko ekimenez gain, ekimen telematiko puntualak antolatu ziren konfinamenduan, hala nola kontzertuak, antzezpenak, hitzaldiak eta musika hezkuntzari buruzko bideoak. Herritarrek parte hartzeko hiru proiektuen emaitzak, berriz, horma irudi baten sorrera, erakusketa baten instalazioa eta komiki liburu baten argitalpena dira. Hona hemen jarduera bakoitzaren deskripzioa:

1) “Apirileko lore guztiak” Udal Marrazki eta Pintura Akademiaren ekimen bat izan zen, Kultura Arloak sustatutakoa, egoera zail delikatu batean sorkuntza sustatzea eta proiektu koral baten inguruan bat egitera bultzatzea izan zuena helburu.

Proposamenak, zeinetan herritar guztiek parte har zezaketen, loreak egitera gonbidatu zuen, instalazio handi bat osatzeko. “Udaberriaren etorrerarekin, loreetatik abiatzea erabaki genuen, gaia adin guztietako sortzaileen eskura baitzegoen eta irudimena eta askotariko prozedura artistikoak erabiltzeko bide ematen baitzuen”.

Parte hartzaileek egindako lanaren argazki bat bidali zuten, posta elektronikoa baliatuz, eta Akademiako irakasleek loreen silueta marraztu zuten, konposizio bat eratzeko moduan. Proposamena oso arrakastatsua izan zen: adin guztietako 77 sortzailek parte hartu zuten, eta 150 lan aurkeztu, askotariko teknikak zerabiltzatenak (marrazketa, olio pintura, akuarela, argazkilaritza, eskultura, collagea…).

Emaitzari dagokionez, Rakel Salinas eta Xabier Arribas irakasleek azaldu dutenez, “loreak gure postontzira iristen zirenean, konfinamenduan, besarkaden falta sentitzen genuen guztiok. Orduan, Juan Genovés artista handia galdu genuela jakin genuen, zeina demokraziaren lehenengo egunetan pintatutako besarkadek egin zuten ezagun, eta, Juan Genovésen besarkada eta parte hartzaile guztien arteko lan korala gurutzatuta, CBAn jarri den konposizioa sortu da”.

2) “Artea gure etxean” ekimena eskualdeko artistek konfinamenduan beren obraren erakusketa birtual bat egiteko deialdia izan zen, eta artistei beren lana erakusten eta herritarrei arteaz gozatzen jarraitzeko aukera ematea izan zuen helburu.

Eskatutako lanak artistek konfinamenduan egindako sorkariak ziren, edo, nahiz eta berriak izan ez, COVID-19aren ondoriozko egoerarekin zuzeneko lotura zuten gaiak lantzen zituztenak (itxialdia, gaixotasuna, elkartasuna, herritar sareak, esker ematea, sorkuntza artistikoko prozesuen aldaketak…).

Erakusketak “Artea gure etxean” du izenburutzat, eta CBAn jarri da ikusgai, urriaren 5etik 17ra bitartean, liburutegiaren betiko ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara bitartean, eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara bitartean. Guztira, Irungo eta eskualdeko hamar artistaren formatu txiki zein handiko hemezortzi lanek osatzen dute, eta askotariko teknikak darabiltza: olio pintura, akuarela, arkatza, collagea… Hain zuzen ere, honako hauek dira parte hartu duten artistak: Ainara Oskoz, José Manuel Mendo, José Perea, Juncal Alfonso, Lorena Martínez Oronoz, Maria Luisa Hernández, Mila Dolz, Mila Esteban, Teresa Colom eta Xabier Arribas. Erakusketa birtuala, berriz, esteka honetan ikus daiteke: http://www.irun.org/galeriaarte/.

3) Azkenik, komiki tailer bat antolatu zen, Jorge Madejón irundar marrazkilariaren eskutik. Zortzi lagunek parte hartu zuten, eta, udal webgunean jartzen ziren argibideei jarraituz eta entregatzen zitzaien materiala baliatuz, beren sorkuntzak bidali eta komiki liburu bat osatu zuten. Mila ale argitaratu dira, autoreei banatzeko ez ezik, hiriko eta lurraldeko intereseko zenbait lekutan banatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude