Ekintza eta irteera proposamen ugari abuztuko hilabeterako Irunen

Oporraldi garaia dela eta, abuztua askorentzat kanpora bidaiatzeko aukera eskaintzen duen hilabetea da, irailean berriro errutinan eta zereginez betetako ordutegi ezinezkoetan murgildu aurretik. Horrela, pare bat asteetarako bizitza maleta batean sartu eta urte osoan zehar babesten gaituen etxean atzean utzi gabe, badira abuztuko hilabetean zehar Irunen bertan ekintzak egiteko aukera ematen duten zenbait proposamen.

“Uda honetan jende askok plan ezberinak egiteko asmoa du

eta Irun aukera egokia izan daiteke horretarako”

Juncal Eizaguirre, Kultura arloko ordezkaria

Aurten, ordea, Covid-19aren berragertzeek baldintzatutako uda izango denez, askok etxean gelditu edo turismo nazionalaren aldeko apustua egitea erabaki dute. Ildo horretan, hiritik atera gabe udaz gozatzeko urte aproposa izan daiteke. Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak azaldu duenez, “uda honetan jende askok plan ezberdinak egiteko asmoa du eta Irun aukera egokia izan daiteke horretarako”. Bidasoa bizirik elkarteak jarraian proposatzen diren ekintzetako asko biltzen dituen liburuxka editatu du, Irungo Luis Mariano Turismo Bulegoan eta bestelako interes guneetan aurkitu ahalko dena.

Bisita gidatuak
Abuztuaren 5etik 28ra asteazkenero goizeko 11:00etan eta ostiraletan arratsaldeko 17:00etan Junkal elizatik irtengo diren bisita gidatuak antolatu dira. Bisita gidatu hauen bitartez parte-hartzaileek Junkaleko parrokia, Oiasso erromatar ingurua, Urdanibia plaza, Ama Xantalen eta hiriko udaletxea ezagutzeko aukera izango dute. Bisita gidatuak bi orduko iraupena izango du. Bisitan parte hartu nahi duen pertsona bakoitzak 2 euro ordaindu beharko ditu, 12 urte arteko haurrek, berriz, dohainik parte hartu ahalko dute bisitan. Bisita gidatuen inguruko informazio gehiago lortu edo izen-emateak egiteko 943 020 732 telefono zenbakira deitu edo www.bidasoaturismo.com webgunearen bitartez egin beharko da kontsulta.

Meatze-trena Irugurutzetara
Oiasso Museo Erromatarretik ostiral eta larunbatetan goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 17:00etarako Irugurutzeta meatze-eremura egin ohi diren irteerak antolatu dira. Aurreko urteetan egin izan den bezala, Oiasso museoa eta meatze-eremua tren berdean egingo den bidaiaren bitartez lotuko da. Bisitan parte hartu ahal izateko pertsonako prezioa 5,50 eurokoa da. Haurren kasuan, 6 eta 14 urtetik arteko haurren sarrerek 3,85 euroko prezioa izango dute, 6 urtetik beherako haurrak irteeran dohainik parte hartzeko aukera izango duten bitartean. Txartelak Oiasso Erromatar Museoaren bitartez erreserbatuko dira 943 63 93 53 telefono zenbakira deituz.

Ama Xantalen nekropolia eta Tour Irun Roma
Igandero goizeko 11:00etatik aurrera eta ordu eta erdiko iraupena izango duen bisita baten bitartez denboran atzera egin eta Irunen iragana ezagutzeko aukera izango dute bisitariek Ama Xantalen nekropolia bisitatuz. Hortaz gain, hiriko kaleetan barrena egingo den bisita gidatu batek Irunen egindako aurkikuntza arkeologiko aipagarrienak erakutsiko ditu. Ekintzan parte hartzeko pertsonako prezioa 5,50 eurokoa izango da, 6 eta 14 urteko haurren sarrerak 3,85 euroren truke eta 6 urtetik beherakoek dohan parte hartuko duten bitartean. Erreserbak Oiasso Erromatar Museoaren bitartez egingo dira 943 63 93 53 telefono zenbakira deituz.

Plaiaundi Parke Ekologikora bisitak
Plaiaundi Parke Ekologikoaren sarreran kokatutako Txingudi Ekoetxeak, Plaiaundi parkea, badia eta Txingudiko Plan Bereziarekin lotutako intereseko informazio guztia zabaltzen du. Parkeak 24 hektareako hedadura du; bi barne-urmael ditu, itsasaldeen erritmoari uhate-sistema baten bidez konektatuak, marearteko hondartza bat, eta ur gezako aintzira bat. Txingudi Ekoetxea asteko egun guztietan zabalik dago, goizetan 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeetan 16:00etatik 19:00etara. Txingudi Ekoetxetik antolatutako ekintzez gainera, parkea bisitatzeko beste modu bat auto-gidatutako ibilbidea egitea da, hau da, 2 kilometrotan 17 azalpen-panel banatuta dituen ibilbidea egitea, hegaztiak behatzeko prestatuta dauden guneak erabiliz.

Irun berdea
Liburuxkak Aiako Harriak Parke Naturala eta San Martzial media ezagutzera hurbiltzeko proposamena luzatzen du. San Martzial gainetik Txingudi badiaren bista ederrenetako bat ikus daiteke. Hortaz gain, azken hamar urteetan egin bezala, Lapurriturri informazio-gunean Irungo altxor berdeak deskubritzeko informazioa eskaintzen da, denboraldi osoan zehar antolatzen diren irteera ezberdinez gainera. Parke naturalean udaberri, uda eta udazkenean zehar antolatzen diren txangoez gainera, Lapurriturrin Parke Naturala ezagutzeko paperezko informazioa eta parkea ezagutzeko proposatutako 4 ibilbideen inguruko informazioa ematen da: Endara ibarra eta Pagogainako soilguneak, Meategien eta gerren artean, Elur-zuloak eta meatzaritza eta Irugurutzetako labeak, Aitzondo ur-jauziak eta Meakako landa eremua. Era berean, Lapurriturrik tarteka parke naturaleko flora eta fauna ezagutzeko irteerak prestatzen ditu.

Bidasoa ibaitik ibilbidea zubiz zubi
Behobiako zubitik hasita Santiago zubiraino, oinezkoen ibilbidean zehar kokatutako 7 informazio-panelen bitartez Irungo hiriaren historia azaltzen da ibaiaren inguruan gertatutako pasarteak gogoratuz.

Irun Ezagutu app-a
APP honen bitartez hiriko 6 puntu interesgarritako informazio osoa jaitsi daiteke, panel informatiboen bidez identifikatuta dagoena. Argazki, datu historiko eta bitxikeriez gain, bisitariek eraikinen irudiak, esaterako Junkaleko eliza edo Udaletxekoa, 3D-n ikusteko aukera ere izango dute.

Hauek dira aukeratu diren lekuak: Irungo Udala, eta informazioa Udaletxeari, San Juan Harriari, San Martziali eta Aiako Harriari buruz; Junkaleko Eliza, eta informazioa Irundik pasatzen den Santiago bideari buruz; Oiasso Museoa eta erromatarren garaiko hiriari buruzko eduki guztiak; Urdanibia plaza eta Euskaltegiari eta hiriko erdi aroko karrikei buruzko informazioa; Ikust Alaia eta inguruetako historia; eta Zabaltza plaza, bereziki aipatuz Colon Ibilbidea eta hiriak trenbidearekin duen harremana.

Bide berdeak – Ederbideak
Irun eta Elizondo lotzen zituen Tren Txikitoren trazatuaren zati handi batek berreskuratu du Bidasoko Bide Berdeak eta 39 kilometroko ibilbide paregabe bat eskaintzen du Gipuzkoako eta Nafarroako herri zoragarrietatik, Bidasoko ertzetan.

Itsas aisialdirako jarduerak
Txingudi badian hainbat itsas aisialdi jarduerez gozatu ahalko dute bisitari zein eskualdeko biztanleek. Esaterako, Txingudi badia leku paregabea da bela egiteko, bai bela arina bai itsas bidaldirako. Hortaz gain, Bidasoa Behereko eskualdeak aukera apartak ematen ditu ingurune naturala behatu eta aztertzeko. Itsasontzien eta katamaranetan Txingudi badian irteerak eginez, Bidasoa ibaia, Jaizkibelgo kostaldea, Donibane Lohizune eta ibilaldi pribatuko irteerak egin daitezke. Gainera, arrauna, kayak eta piraguismoa ere guztiz errotua daude eskualdean. Konferentziako Irla ikusi, Hendaiara joan eta Bidasoa ibaia Piraguan jaitsi, horiexek dira egin ditzakezun jarduera batzuk. Ikastaroak antolatzen dira piragua egiteko, edo bestela, piraguak aloka daitezke norbera ibiltzeko.

Surf eta padel-surfari dagokionez, HS2 Surf Center, Central Surf eskolak, Alaia Surf elkarteak eta Surf Teknika eskolek ur-kirol hauetan murgiltzeko aukerak eskain- tzen dituzte . Ur motorren bitartez egindako bisita-gidatuak itsaso eta euskal kostaldea ezagutzeko modu desberdina izan daitezke. Hortaz gain, itsas eskia eta Banana Boat-a ur eskaintza osatzen duten beste jarduera batzuk dira. Azkenik, urpekaritzaren bitartez Txingudiko kostaldea inguratzen duen itsasoa barnetik ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Donejakue bidea
Donejakue bidearen bitartez erromesek eskualdea eta historian zehar bideak izandako bilakaera gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Donejakue bidea ederki seinaleztatutako ibilbidea da, erromesek bere ibilian gozatzeko moduan azaldua. Hiriguneetan seinaleak maskor bat eta plaka batzuk dira, eta mendi-bideetan, aldiz, kolore horiko gezien bitartez markatzen da jarraitu beharreko bidea.

Erromesek eskualdeko lurretatik igarotzen diren bi bide izango dituzte aukeran: Donejakue Bidea barnealdetik eta Kostaldeko Santiago Bidea. Donejakue Bidea barnealdetik egitea hautatuz gero, Ibiltariak Kantauri Itsasoarekin izango duen kontaktu bakarra Bidasoa ibaiaren bokalea izango da, Txingudiko badian. Handik aurrera, Gipuzkoako barnealdeko herriak zeharkatzen dituen ibilbide bat hasiko da. Kostaldeko Santiago Bidea eginez gero, ibilbidea Bidasoa ibaiaren muga naturala gainditzen duen Irungo Santiago Zubian hasten da, edota Hondarribian, Hendaiatik txalupan zeharkatu nahi izanez gero. Lehen etapa hau ibilbide osoan aurkituko diren gauzen laburpen paregabea da.

Irungo merkataritza
Irungo erdigunean kokatutako Mendibil Merkataritza Gunea eta A-8 autopistatik hurbil dagon Txingudi Merkataritza Gunea hiriko saltoki handienak dira. Hortaz gain, Santiago Zubiko eta Behobiako merkataritza guneak oso erakargarriak dira, batez ere, eskualdera hurbiltzen diren bisitarientzat. Irun erdigunean, berriz, merkataritzarekin lotutako zenbait bide bereizi daitezke, hala nola, erdiguneko merkataritza-bidea, Pio XIIko merkataritza bidea eta San Migueleko merkataritza-bidea.

Mendibil Merkataritza Guneko -1 solairuan kokatuta dagoen MercaIrun merkatuan eta San Miguel auzoko Uranzu merkatuan elikagai freskoen eskaintza zabala aurkituko dute erosleek, hurbiltasun handiko tratuarekin batera. Azkenik, larunbat goizetan Urdanibia plazaren inguruan egiten den azokak denboraldiko produktuak erosteko aukera eskainiko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude