Hegaztien migrazioan ezkutakutako bidaia txundigarria

Migrazioa izaki bizidunek bizirauteko garatu duten estrategia da, batez ere, hegaztien artean oso erabilia dena. Migrazioaren ondorioz txoriek bizileku ezberdinak izan ohi dituzte urtean zehar, Europako iparraldeko negu gogorrak saihestu eta urtato gogorrenak hegoaldean igarotzea ahalbidetzen diena. Txingudi Ekoetxean migrazio prozesu horren barnean eskualdetik igarotzen diren espezien zenbaketa eta kontrola gauzatzen dute.

Txingudi Ekoetxeko Mikel Etxaniz adituak azaldu duenez migrazioa prozesu luze eta zabala da, udazkenean eta udaberrian errepikatu ohi dena. Udazkeneko prozesua luzeagoa izaten da normalean, hegaztiek uztaila eta azaro arteko hilabeteak migratzeko erbailtzen baitituzte. Udaberriko itzulera, berriz, martxoan hasi eta maiatzara arte luzatu daiteke.

Ibilbide horren barnean, Txingudi badiak oso kokapen berezia du, izan ere, Iberiar penintsularen sarreran kokaturik baitago. Mikel Etxaniz adituak azaldu duenez, “txoriek bide milenarioak erabiltzen dituzte migrazioan zehar”. Bida horren barnean txoriek Pirinioen mendikatea eta Kantauri itsasoa bezalako eremuak saihesten dituzte eta, ondorioz, Txingudiko lurrak ezinbesteko igarobide bihurtzen dira Europako iparraldetik datozen hegaztientzat. Bertatik igarotzen diren txori asko Mediterraneo inguruan gelditzen dira negua pasatzera, beste asko Saharako Basamortua zeharkatu eta Afrika tropikaleraino iritsi daitezkeen bitartean. Espeziei dagokienez, mota askotako hegaztiak igarotzen dira Txingudiko lurretatik migrazio prozesuaren barnean, nahiz eta geldialdia egiten duten txorien kopurua txikiagoa den. Bertan geldialdia egitea hautatzen duten txorien artean ur-hegaztiak dira nagusi. Hala nola, kaioak, lertxunak, ahateak, kulixkak eta beste hainbat, ur-hegaztien familia oso zabala baita.

“Txoriek bide milenarioak erbailtzen dituzte migrazioan zehar”

Mikel Etxaniz, hegazti aditua

XX. mendearen amaieran Plaiundi Parke Ekologikoa inauguratu zenetik eskualdea zeharkatu duten hegaztien kopurua oso altua zenbatu izan da beti. Hegaztien kopuruan aldaketa gutxi egon bada ere, hegaztiek parkean egiten duten egonaldia era nabarmenean luzatu da. Honela, azken urteetan zehar parkearen egonaldi kalitatea hobetu dela kontsideratzen da, txoriei atseden hartu eta elikatzeko aukera ematen baitzaie.

Migrazioaren iraupenari dagokionez, oso aldakorra da aztertutako espeziearen arabera. Harrigarria badirudi ere, askotan txori txikiek migrazio bidai luzeenak egiten dituzte, geldialdi askorekin, beraz, prozesuak hainbat hilabete har ditzake. Hegazti handiagoek berriz, hegaldi autonomi handiagoa dutela esan daiteke, beraz, eskala gutxiago egiten dituzte eta jarraian milaka kilometrotako hegaldiak egin ditzakete.

Kontrolerako sistema ezberdinak
Hegaztien kontrolerako sistema ezberdinak erabiltzen dituzte adituek gaur egun. XX. mendetik aurrera eraztun jartzea izan da gehien erabili den metodoa. Animaliaren hankan zenbaki bat duen eraztuna lotzen da nortasun-agiri funtzioa bete dezan, txoriaren identifikazioa errazteko. Gaur egun, ordea, bestelako sistemak erabiltzen dira teknologiaren garapenari esker. Honela, beste kasu batzuetan GPS txikiak txertatzen zaizkie, hegazti handien mugimenduak zehaztasun handiagoz neurtzeko.

Migrazioaren atzeko arazoak
Migrazioa eta klima aldaketa gaur egun pil-pilean dauden gaiak dira. Momentuz klima aldaketak zuzenean espezieen migrazioan izan dezakeen eragina identifikatzea eta zehaztea lortu ez bada ere, nolabaiteko eragina izan dezakeela aurreikusten da. Zenbait espeziek migrazio bideak aldatu dituztela ikusi da, baina, oraindik goiz da aldaketa honen atzean klima aldaketa dagoela ondorioztatzeko.

Klima aldaketaz haratago, hegaztien ongizatea kolokan jar dezakeen beste faktore garrantiztsua habitataren suntsipena da. Gaur egun arte Txingudi badian padura asko galdu dira eta oraindik ezinbestean errepikatzen den egoera da. Horregatik, txorien bidaia laguntzeko ezinbestekoa da Plaiaundi bezalako erreserbak sortzea. Sare moduan honelako ezeguneak kontserbatzea lortzen bada, hegaztien bidaia era nabarmenean lagunduko litzateke.

Hegaztien identifikazioa
Mundu zabal honen barnean txoriak identifikatzeko mila trikimailu daude. Europa mailan 500 espezie baino gehiago daude eta Plaiaundiko eremutik erdia baino gehiago igarotzen dela kalkulatzen da. Urtero 180 espezie inguru zenbatzen dira parkean migrazioak eragindako bioaniztasun altuaren ondorioz. Espezie bakoitza identifikatzeko trikimailu ezberdinak egon arren, prismatiko edo teleskopio baten laguntza ezinbestekoa da. Bestetik, hegazti-gidak oso lagungarriak izan daitezke ere eta oso komenigarria da ornitologo batekin elkartzea. Esaterako, urriaren 6an Plaiaundin ospatutako Hegaztien Egunera jende asko hurbildu zen, horien artean haurrak zeuzkaten familiak.

Hegaztien mundura hurbiltzeko beste modu bat Zientzi Hiritarra egitasmoaren barnean aurrera ematen diren proiektuak dira. Honela, parte-hartzaileei hegaztien mundua ezagutzeko aukera eskaintzen zaie, datuen bilketan eta kudeaketan laguntzen duten bitartean. Txingudi Ekoetxean honelako proiektuak martxan jarriz hegaztiak gainontzeko biztanleei hurbiltzeko ahalegina egiten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude