Martxan da Txingudiko Bertso Eskolaren ikasturte berria

Jaizubiako Elkartean ostegunetan biltzen diren bertso eskolako kideak

2002 urtearen bueltan sortu zen Txingudiko bertso eskola. 2007 urtearen inguruan Irungo Udalaren Euskara Arloak bertso eskola kudeatzeko eskaintza egin zuen eta Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa arduratzen da gaur egun eskolaren kudeaketaz.

Eskualdean bertsolaritzaren inguruan hitz egiterakoan garrantzitsua da Irunabar Elkarte Kulturala eta bertso eskola bereiztea. Izan ere, Irunabar ekitaldien antolaketaz arduratzen den bitartean, bertso eskolako kideekin elikatzen dira elkarteak antolaturiko saio gehienak.

Bi helburu nagusi dauzka Irunabar elkarteak. Batetik, Irun eta inguruan bertsolaritza sustapena eta, bestetik, bertso eskola aurrera eramatea. Hortaz gain, bigarren mailako helburu moduan, bertsolaritza lantzen den aldetik, elkarte eta eskolatik euskararen erabileraren sutapenerako egiten den lana aipatzekoa da.

“Hasierako datuekin alderatuta, taldekide kopuruak gora egin du nabarmenki”

Aitor Errazkin, Txingudi Bertso Eskolako kidea

Era horretan, eskolaren agendan badira urtero errepikatzen diren ekitaldi finko batzuk: Euskal Jira, Mendeluko Jaiak edo Kabigorriko Bertso Gauak. Aitor Errazkin Vicente eta Abel Zabala Elizazu Txingudiko bertso eskolako kide izateaz gain, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kide eta eragile moduan definitzen dute haien burua. Kabigorriko Bertso Gauei dagokienez, Aitor Errazkinek azaldu du, “Kabigorriko Bertso Gauetan ez da saio eskasik egon, ez oholtza gainetik begiratuta, ez ikuslegoari dagokionez”.

“Denon artean egiten dugu irakasle lana”

Abel Zabala Elizazu, Txingudiko Bertso Eskolako kidea

Aitor Errazkinek azaldu duenez, “hasierako datuekin alderatuta, taldekide kopuruak gora egin du nabarmenki”. Talde bakarrarekin abiatu zen eskola bost talde ezberdinez osaturik dago egun: hasi berrien bertso eskola, bat-bateko eskola eta bertsolaritzaren inguruko ekitaldiak antolatzen dituen bertso tailerra. Zabala eta Errazkinek azaldutakoaren arabera, eskualdean bertsolaritzarekin loturiko saio ugari antolatzen dira eta, ondorioz, bertsozaleak sakabanatuegiak daudela uste dute eta multzoa kohesionatzeko beharra ikusten dute. Hala ere, datu horren beste irakurketa bat eginez, eskualdean bertsolaritzak zale asko dauzkala ondorioztatu dute.

Ostegunetako Bertso Eskola
Ostegunetako Bertso Eskola Hondarribiko Jaizubiako elkartean biltzen da. Hasierako urteetan zailagoa zen arren, urteetako lanaren poderioz, bat-batean aritzeko gaitasuna bereganatu dute talde honetako partaideek. Abel Zabalak prestaturiko gaietatik abiatuta ostegun iluntzeak bertsotan ematen dituzte. Egoitz Zelaia eta Esteban Martiarena izan ziren iraganean taldeko irakasle. Egun, ordea, irakasle figura ofizialik gabe funtzionatzen dute eta Abel Zabalak azaldu duenez, “denon artean egiten dugu irakasle lana”.

Urte hauetan zehar, Oiartzungo Helduen Bertso Eskolarekin zein Nafarroa edo Iparraldeko eskolekin aritu dira elkarlanean. Inguruko bertso eskolekin izandako harremanen ondorioz, ostegunetako taldera herri eta probintzia ezberdinetako bertsolariak hurbildu ohi dira sarri, sagardo eta gazta mokaduen inguruan, bertsolaritzaren edertasunaz gozatzeko prest.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude