Irun 1522 fundazioak eta Bidatourrek bisita gidatuak eskainiko dituzte

Erreserbak 635 70 87 46 telefonoan edo bidatour@gmail.com helbide elektronikoan egin daitezke

Irun 1522 fundazioak eta Bidatourrek bisita gidatuak eskainiko dituzte. San Martzial Lehenengo Guduaren V. Mendeurrena Fundazioak “1522ko bideetatik” proiektuan lan egin du azken bi urteetan. Proiektuak Irungo ondare kultural, historiko eta arkeologikoaren gune nagusiak zeharkatzen dituen 14 ibilbide dauzka. Iaz bezala, Fundazioak Bidatour Bidasoaldeko bisita eta txango zerbitzuarekin lankidetzan dihardu berriz ere, bide horietan zehar bisita gidatuak eskaintzeko.

Bisita gidatuak maiatzaren 9an hasi ziren, eta datozen lau hilabeteetan, abuztuaren 29ra arte, martxan iraungo dute. Irun 1522 fundaziotik nabarmendu dutenez, “eskainitako ibilbideak askotarikoak dira”. Hain zuzen ere, ibilbideak luzeagoak edo laburragoak izan daitezke, Irun 1522 fundazioak azaldu duenez, “pertsonen beharretara” egokitu daitezke. Bisita gidatuak euskara zein gaztelaniaz egingo dira eta 5 eta 10 euro arteko prezioa izango dute, luzeraren arabera. Dena den, 12 urtetik beherako haurrentzat ibilaldiak doakoak izango dira. Hortaz gain, jarduera horietan parte hartzen dutenek Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Turismo Bonuen deskontuak erabili ahal izango dituzte. Hortaz, 20 eta 40 euroko gastuaren truke, 5 eta 10 euroko deskontuaz aprobetxatu ahalko dira eta Bidatour bidez trukatu behar dira.

Bestalde, Covid-19ak eragindako egungo osasun-egoera dela eta, bisita gidatuetako taldeak murriztuak izango dira, erakunde publikoek unean-unean indarrean dituzten murrizketetara egokituko direlarik. Bisita gidatuen egutegi osoa www.bidatour.com webgunean kon- tsultatu daiteke eta erreserbak telefono edo WhatsApp bidez 635 70 87 46 telefono zenbakian edo bidatour@gmail.com helbidera idatziz egin daitezke.

1522ko bideetatik
Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, San Martzial Lehenengo Guduaren V. Mendeurrena Fundazioak sustatutako ‘1522ko bideetatik’ proiektuaren helburu nagusia Irungo ondare historikoa ezagutaraztea da. Era horretan, Eusko Jaurlaritzak ‘Babes bereziko edo ertaineko kultura-ondasun’ gisa kalifikatutako monumentu, eraikin eta aztarna arkeologikoei balioa ematen zaie.

Horretarako, Fundazioak 14 ibilbide diseinatu ditu, oinez, bizikletaz eta, kasu batzuetan, autobusez ere egin daitezkeenak, hiriko zein landa-eremuko hainbat toki zeharkatzeko. Ibilbide horiek Fundazioaren webgunean kontsulta daitezke eta, gainera, Wikiloc plataforman deskarga daitezke, errazago jarraitzeko.

Ibilbide laburrak
Ibilbide laburrenek hiru kilometroko luzera eta bi orduko iraupena dute, 5 euroren truke. Lehen ibilaldia maiatzaren 23an egingo da. Gazteluzarren hasita, Behobia, Konpantzia Uhartea eta Azken Portuko inguruak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Ekainaren 6 eta 20an egingo den bigarren ibilbidea, Urdanibiako Jauregitik Jaizubiako Paduretaraino iritsiko da. Hirugarren ibilaldiak, berriz, Santiago zubitik Behobiako zubira arteko eremua zeharkatzen du eta bisita gidatuak uztailaren 3 eta 4an eta abuztuaren 21 eta 22an egingo dira. Ibilaldi labur hauek guztiak goizeko 11:00etan hasiko dira.

Ibilaldi luzeak
Irun 1522 fundazioak antolatutako ibilaldi luzeek gutxi gorabehera 12 kilometroko luzera dute, lau orduko iraupena izango dute eta prezioa 10 eurokoa izango da. Laugarren bisita horiek San Juan plazatik hasita, Estebenea, Makatzaga, Aranzate, Urdintsorotik igaro ostean, Ama Shantalen ermitaraino iritsiko da. Laugarren bisita horiek uztailaren 10 eta 11ean egingo dira. Bosgarren bisita gidatuaren abiapuntua Behobiako zubia izango da eta Lastaolatik Endarlatza ingururaino iritsiko da uztailaren 17 eta 18an eta abuztuaren 28 eta 29an egingo diren irteeretan. Seigarren ibilaldia, berriz, bizikletaz egingo da uztailaren 24 eta 25ean eta abuztuaren 14 eta 15ean. Seigarren bide honek Santiago zubia, Santiago kalea, Azken Portu, Konpantzia uhartea, Behobia, Lastaola eta Endarlatza lotuko ditu. Aipatutako ibilaldi guzti horiek goizeko 9:30etan hasiko dira.

Bestelako ibilaldiak
Datozen hilabeteetako Irun 1522 fundazioak antolatutako ibilaldi gidatuez gainera, fundazioaren Irun inguruan antolatutako beste ibilbideei buruzko informazioa kontsultatu daiteke. Izan ere, fundazioak era askotariko irteerak proposatzen ditu eta ibilbideak Fundazioaren Wikiloc-eko profilean deskarga daitezke, gailu mugikor edo GPS bidez jarraitzeko. Webgunean eskuragarri dauden beste ibilbide horien bitartez Meaka eta San Martzial, Lastargin edo kontrabandisten bideak, Aiako Harria natura parkeko bunkerrak edo Ibarlatik Arburuko Harria lotzen dituzten ibilaldiak egitea proposatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude