Urtero moduan, abenduaren 21ean Urdanibia plazako bazter guztiak jendez bete ziren Santo Tomas eguna ospatzeko. Eguraldi onak lagunduta, baserritar jantziak armairutik atera eta txistorra pintxoak, taloak eta sagardoa dastatzera animatu ziren irundarrak.
Julen Gomez eta Aiur Placero:
Institutuan hasi zuten Santo Tomas eguna Julen eta Aiurrek. Klaseak amaitu ostean, Urdanibiara hurbildu ziren plazako giroa ikusi eta txistorra taloak dastatzeko.Hala ere, era ezberdinean ospatu zuten Santo Tomas eguna. Julenek arratsaldean Donostiara hurbiltzeko asmoa zuen, Aiurrek Irunen gelditzeko asmoa zuen bitartean. Biak, ordea, Santo Tomas eguna eta txistorraz disfrutatzeko irriketan zeuden.
Ixaro Ugarte:
Plazaren inguruan zerbait hartuz hasi zuen Ixarok Santo Tomas eguna, ama eta ahizparen konpainian. Koadrilarekin Kurpil Elkartean bazkaldu ostean, 17:30 Txorimaloak Soinu Taldearen emanaldian parte hartu zuen, gaueko parrandaz disfrutatu baino lehen. Santo Tomas eguna ospatzeko Urdanibia plazan antolatzen diren ekintzak atsegin dituela adierazi zuen, egun honi lotuta euskal giroa sortzea garrantzitsua iruditzen baitzaio.
Ainhoa Tolosa eta Amaia Ayerbe:Gipuzkoako Erlezain Elkarteko kideak dira eta Urdanibia plazako azokan parte hartu zuten abenduaren 21eko goizean. Azokara ekarritako liztorren habiak kuriositate handia sortu zuen azokako bisitarien artean. Hortaz gain, Irun inguruko ezti lehiaketako irabazleak aukeratzeko ardura izan zuten, nahiz eta urte txar baten ostean ezti ekoizpen gutxi izan den eta lehiaketara jende gutxi aurkeztu den.
Maria Lurdes Makua:
Lurdes Makua Nafarroa inguruko neguko barazki tipikoekin parte hartu zuen Santo Tomaseko azokan. Hala nola, kardua, borraja, zerbak eta atxikoria bezalako barazkien eskaintza zabala ekarri du azokara. Frutei dagokienez, berriz, sagarra izan da azokara ekarritako fruta bakarra. Gabonak direla eta etxeko atean apaingarri bezala zintzilikatu ohi den mihura ere ezin zen azokan falta. Goizeko lehen orduetan jende gutxi etorri den arren, eguerdi aldera jende gehiago hurbildu da erosketak egitera.