Abarka gogotik ari da lanean gizarteratzea hain iritsezina izan ez dadin

Abarka hezkuntza, lankidetzan eta kultura ezberdinekiko errespetuan oinarritutako prestakuntza proiektuak lantzen dituen Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Gizarteratzearen sustapena helburutzat harturik, diskriminaziorik gabeko mundu batekin egiten dute amets. Clotaire Ntienou eta Ainhoa Barroso Abarkako GKEko talde eragileko kideak dira eta abian dituzten proiektuak azaldu dizkigute.

Clotaire Ntienou WEBDEV Fundazioa sortu zuen 2008an Kamerunen. 2015ean, ordea, Clotaire Euskadira etorri zen bizitzera eta Naroa Ibargoyenekin eta Beñat Aranbururekin batera “ABARKA” Garapenerako Lankidetza Elkartea sortu zuten. “Euskadira bizitzera etorri nintzenean Kamerunekin lotura hori mantentzeko beharra ikusi nuen”, adierazi du Clotaire Ntienouk. Hala ere, herrialde aldaketarekin proiektua moldatzeko beharraz ohartu zen: “Hona iristerakoan konturatu nintzen etorkinek bertara iristerakoan aurkitzen dituzten zailtasunez”.

Helburuak aldatzearekin batera, proiektuak izen berria hartu zuen: Abarka. Clotaire Ntienouk azaldu duenez, Abarka hitza aukeratu zen proiektuari izena emateko, hitz horrek hainbat hizkuntzatan duen esanahi aniztasunarengatik. Euskaraz Abarka hitzak baserrian soroan ibiltzeko erabiltzen ziren oinetako gogor eta beroei egiten die erreferentzia, gazteleraz besarkatzea edo barne hartzea adierazteko erabiltzen da eta Afrika mendebaldeko malinke dialektoan eskerrak emateko erabiltzen den hitza da. Beraz, Clotaire Ntienouren azalpenen arabera Abarka hitzak primeran laburbiltzen du elkartearen oinarrizko filosofia: “kalitate oneko zapatak daramatzagu aurretik dugun bide luzea egiteko, mundu guztia batu nahi dugu gure proiektura eta bide horretan esker oneko jende askorekin topo egiten dugu.

“Jendea etengabe mugitzen den gizarte batean bizi gara, eta, beraz, funtsezkoa da beste kultura batzuetatik ikasiz aberastea”

Clotaire Ntienouk, Abarka GKE

Elkartearen jardueraren onuradunak bi multzotan bereizten dira. Batetik, onuradun nagusiak, hau da, garapen bidean dauden herrialdeetako komunitateetako haurrak, nerabeak, gazteak, helduak eta enpresak. Horrela, Abarkak oztopo kulturalak, ekonomikoak, sozialak eta geografikoak direla eta, aukera gutxien dituzten pertsonengan jartzen du arreta. Bestetik, Abarkak Euskal Herriko, Espainiako eta Europako gainerako herrialdeetako gazteekin lan egiten du, boluntariotzaren bidez gaitasun sozialak eta profesionalak indartzeko eta garatzeko.

Hortaz, bi dira ere elkarteak egun dituen helburu nagusiak. Batetik, Clotaire Ntienouk adierazi du elkartean pentsamendu kritikoa lantzeko ekintzak bultzatzen dituztela helduen eta, bereziki, gazteen artean. Horrekin batera, aniztasun kulturala ikusarazteko ekintzak egiten dituzte, munduko edozein tokitan kulturen arteko bizikidetza lagundu nahian. “Jendea etengabe mugitzen den gizarte batean bizi gara, eta, beraz, funtsezkoa da beste kultura batzuetatik ikasiz aberastea”, azaldu du  Clotaire Ntienouk.

Lana ezagutarazteko ekintzak

Aurretik aipatutako helburuak lortzeko Abarkak urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen ditu. Duela gutxi, azaroaren 26an Oiartzunen Munduko Arrozak jardunaldiaren bigarren edizioa antolatu zuten. Bertan, hainbat herrialdetako errezetak prestatu zituzten udaletxeko plazan, plater horietan arroza izanik osagai nagusia. Ainhoa Barrosok azaldu duenez, “aurtengo ekitaldian Afrikako hainbat herrialdek parte hartu dute, hala nola Senegalek, Gineak, Marokok, Saharak eta baita Europako hainbat herrialdek ere, esaterako, Frantziak, Italiak, Alemaniak, Ukrainak eta beste hainbatek”. Beraz, kultura ezberdinak nahastu eta elkar elikatu dituen ekitaldia izan da, etorkinei harrera beroa egiteko baliagarria izateaz gainera.

Uztailean berriz, oinarrian ideia bera duen antzeko beste ekitaldi bat antolatu zuten: Munduko Dantzak. Kasu horretan, dantzaren bitartez gizarte trebetasunen garapena bultzatzen saiatu ziren. Ekitaldian guztira, dantza tradizionalak lantzen dituzten 10 herrialdetako taldeek parte hartu zuten, Euskadi tartean.  Bi orduz beste leku batzuetako koreografiak eta musika-erritmoak aurkeztu ziren Oiartzungo udaletxeko plaza nagusian. “Horrelako ekitaldietan 300 pertsona biltzera iritsi gara;  pixkanaka herrian errotzen ari garela esan dezakegu, beraz”, azpimarratu du Clotaire Ntienouk.

“Pixkanaka gauzak lortzen ari direla uste dut, baina oraindik lan handia dago egiteko benetako inklusioa, gizarteratzea lortzeko”

Ainhoa Barroso, Abarka GKE

Argazkia: Estudio Gover

Jardunaldiez gain, Abarka ekintzaileei laguntzeko Elkarrekin Gehiago Gara proiektua du abian. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektua da eta negozio ideia propioa garatu nahi duten emakume migratzaileei tresnak, espazioa eta laguntza ematen dizkie. Proiektuan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da emakumea eta migratzailea izatea, Oarsoaldean, Bidasoaldean edo Donostian bizitzeaz gainera. Horrela, 2023an eta 2024an, prestakuntza, aholkularitza, laguntza sarea eta coworkinga emango dizkiete parte-hartzaileei, beren negozioa garatzeko aukera izan dezaten. Ainhoa Barrosoren hitzetan, “enpleguaren bilaketaren ikuspegitik gizarteratzea landu beharrean,  emakume migratzaileei autoenplegurako eta ekintzailetzarako aukerak eskaintzen dizkiegu, beren enpresa propioa sortzeko aukera izan dezaten”. Era honetan, herrialdez aldatu arren, emakumeek aurretiaz dituzten ezagutzak eta prestakuntza erabiltzeko aukera izango dute. Izan ere, “emakume horietako batzuek beren prestakuntza edo beren enpresak dituzte beren jatorrizko herrialdeetan, baina hona iristean nahi ez dituzten postuetan amaitzen dute”, gaineratu du Barrosok.

Abarkan gazteen hezkuntzarekiko duten konpromisoa gauzatzeko, Europa mailan antolatzen diren ekintzetan eta programetan parte hartzen du elkarteak, adibidez, Eramus+ ekintzetan. “Esperientziak trukatzeko eta partekatzeko aukera bikaina dira”, adierazi du Clotaire Ntienouk. Azaroaren amaieran, Hondarribian egindako 6 herrialderen arteko topaketa batean parte hatu dute elikadura ohiturez eta gorputz aniztasunez hitz egiteko. Abenduaren 3tik 11ra, berriz, osasun mentala eta ongizatea landuko dituen proiektu batean murgilduko dira.

Etorkizunerako begirada

Abiapuntuaren egoerarekin alderatuz, orain arte egindako lanketa etengabeari esker bilakaera bat ikusi du gizartean Abarkak. Inoiz gizarteko esparru guztietan benetako integrazioa lortzeko bidean Ainhoa Barrosok aipatu du, “pixkanaka gauzak lortzen ari direla uste dut, baina oraindik lan handia dago egiteko benetako inklusioa, gizarteratzea lortzeko”. Elkartetik egindako lan jarraiak lehen fruituak eman ditu dagoeneko, bertatik antolatutako ekintzek gero eta parte-hartze handiagoa duten heinean.

Abarkan familia baten moduan funtzionatzen dute eta “ezagutza fabrika” bat izatera iritsi nahiko lukete. Clotaire Ntienouk azaldu du elkartean boluntarioak behar dituztela, nahiz eta noizbait elkartearen egitura finkoa handitu eta 7 langileko lantaldea izatea amesten duten, buruan itzulinguruka dituzten proiektu guztiak gauzatu ahal izateko. Bien bitartean, norbait egitasmora batu eta laguntzeko prest badago, Abarka.org webgunea bisitatu besterik ez du egin behar, besoak zabalik hartuko baitute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude